Breadcrumb

Asset Publisher

Back Urtebete egin du Basabizik, Aldundiaren basa-fauna berreskuratzeko zentroak

Urtebete egin du Basabizik, Aldundiaren basa-fauna berreskuratzeko zentroak

Gaur arte 589 animalia artatu dituzte zentroan eta sartu diren animalien ia % 60 sendatu eta natur ingurunera itzuli da.

Eider Mendoza diputatu nagusia, triku bat askatzen.

Eider Mendoza diputatu nagusia, triku bat askatzen.


60 sendatu eta natur ingurunera itzuli da
Urtebete igaro da Foru Aldundiak Basabizi, Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko zentroa zabaldu zuenetik, beren ingurunean bizirauteko ezinduta dauden animaliak jaso, zaindu, mantendu eta berreskuratzeko helburuarekin, ondoren ingurune naturalera itzultzeko. Harrezkero, 589 animalia artatu dituzte zentroan. Komunikabideentzat egindako bisita irekian, lehen urtearen balantze “oso positiboa” egin du Eider Mendoza diputatu nagusiak, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, eta Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak eta teknikariek lagunduta. “Basabizik aukera eman digu basafauna berreskuratzeko lanean aro berri bat zabaltzeko. Zenbakiek garbi erakusten dute orain urtebete egindako apustuak merezi izan duela, eta hasi berri dugun legealdian ere zentro hau erreferentzia garrantzitsua izango da natura ingurunearen eta biodibertsitatearen aldeko lanari bultzada emateko, oreka berdearen lehentasun estrategikoaren barruan”, azpimarratu du.
    Aldundiak Urnietan duen Arizmendi finkan dago kokatuta zentroa. Lehen urtean artatutako animalietatik, % 85 hegaztiak dira, %9 ugaztunak eta % 6 narrastiak. Sartu diren animalien ia % 60  sendatu eta natur ingurunera itzuli da. Beste batzuk, inguruko animalia-santutegietara bidali dira, naturara berriro itzuli ezin diren animaliak direlako edo espezie exotikoak direlako, hala nola, pitoi sugeak, loroak, kotorrak edo gekkoak -espezie horietako batzuk mehatxupean daude eta legez kanpoko merkataritza jasaten dute-.  Beste animalia batzuk aldiz, lesioen edo gaixotasunen ondorioz hil dira. 
    Basafauna berreskuratzeko zentro gisa edo animalien santutegi gisa lan egiten duten beste zentro batzuekiko elkarlanak garrantzi handia du Basabiziren jardunean. Esaterako, 2023ko udaberrian, Valladolidetik Gipuzkoara zihoan pertsona batek habiatik eroritako belatxinga primilla oilasko bat jaso zuen, eta Basabizin entregatu nuen. Espezie hori babestuta dago, baina ez dago Gipuzkoan, nahiz eta inguruko eremuetan egon; horrela, zentroan berreskuratu, eta gero Ilundaingo (Nafarroa) Fauna Berreskuratzeko Zentroan entregatu zen, Nafarroako hegoaldean dagoen habitat naturalean berriro sartzeko. Beste kasu batean, Aldundiko basozainek legediak ezartzen duen bezala markatuta eta erregistratuta ez zegoen pitoi suge bat jaso zuten, eta Nafarroako Basabere Eskola Etxaldearen instalazioetara eraman zen.
    Egun, zentroan espezie desberdinetako 31 animalia daude, hala nola, hiru arratoi-bilatzaile, miru beltz bat, zenbait sorbeltz, belatze bat eta orkatz gazte bat. Bestalde, Basabizin hilda agertzen diren basa-faunaren aleak ere sartzen dira, eta beharrezkoa den kasuetan heriotzaren kasuak aztertu eta nekropsiak egiten dira. Horrek Gipuzkoako basafaunako espezieen osasun egoeraren jarraipena egitea ahalbidetzen du. Faunaren osasun-zaintza horri esker, gaixotasun jakin batzuen agerpena edo horien prebalentziaren aldaketak antzeman daitezke, erreferentziazko zentro zientifikoekin elkarlanean. Bestalde, basafauna berreskuratzeko planetan parte hartzen du, eta Gipuzkoako parketxeen sarearekin lankidetzan aritzen da hegaztiak askatzeko ekitaldiak antolatzeko, interes handia pizten pizten dutenak.


Basa Animalia eta Landareen alorrera 2,59 milioi bideratzen ditu Foru Aldundiak aurtengo aurrekontuetan. “Hamarkadak daramatza lanean erakundeak Gipuzkoan ditugun habitatak eta flora- eta fauna- espezieak zaindu eta berreskuratzeko hainbat proiektutan, lurraldearen aktibo bat direlako eta hurrengo belaunaldiek ere horietaz gozatzea nahi dugulako. Natura ingurunea eta biodibertsitatea zaintzea ezinbestekoa da gure etorkizuna eraikitzeko. Lehen hala zen, eta orain are gehiago, klima aldaketaren testuinguruan, eta gizartearen sentsibilizazioa nabarmen areagotu delako. Basabiziri esker basafaunaren berreskurapenerako azpiegitura moderno bat dugu, erabat hornituta dagoen instalazioekin, beharrezko giza baliabideak eta bitarteko teknikoekin, eta kokapen aproposan, gizartearen eskaera horri erantzuten laguntzeko”, azaldu du.
Mendozak erantsi duenez, foru gobernu berriaren gobernu-akordioaren elementuetako bat da “babestutako ingurune naturalak eta, oro har, ingurunea eta biodibertsitatea babesteko urrats sendoak ematen jarraitzea, lurraldeko balio naturalen zaintza indartuz, hiri- eta landa-eremuetako biztanle gipuzkoarrak naturarekin modu orekatuan bizi daitezen. Mendiarekin eta naturarekin gozatzeko gogoari bide emanez, baina, aldi berean, ingurumenaren kontserbazioan aurrera eginez”. Horretarako, Natura 2000 Sarearen kontserbazioa eta babesa indartuko da dagozkion araudiak berrituz, eta beste erakundeekin, baserritarrekin eta abeltzainekin lankidetzan, babestutako guneen kudeaketa iraunkorra indartuko da.


Kontaktua
Animalia zauritu bat topatuz gero, gomendatzen da ez ukitzea eta/edo manipulatzea, eta lehenbailehen horren berri ematea Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzako 
943 000 420 telefonoan, zaintza zerbitzuak jaso eta zentrora eraman dezan, berreskuratu eta ahalik eta lasterren bere ingurune naturalera itzuli ahal izateko.  Bost lagunez osatutako talde batek egiten du lan Basabizin: albaitari bat, albaitaritzako hiru laguntzaile kliniko eta langile bat. Guzti horiek Basa Animalien eta Landareen Foru Zerbitzuak koordinatuta eta gainbegiratuta. 5.000 metro karratuko instalazioek honako zerbitzu hauek barne hartzen dituzte: harrerako modulu bat, urteko 365 egunetan 24 orduz animaliak hartzeko aukera ematen duena, baita zentroa itxita dagoenean ere; modulu kliniko-administratibo bat, X izpiak, inkubagailuak, eta operazioak nahiz analisiak egiteko ebakuntza gela bat dituena; bulego bat; biltegi bat; eta boxen tren bat ugaztunak eta hegaztiak hartzeko.
    Basabizik, halaber, fringilidoen familiako hegaztientzako kaiola berezi bat du, hegaztientzako espazio zabalak hegan egiteko ahalmena berreskuratzeko, bai eta uretako animalientzako biltegi bat ere. Aldundiaren mintegiak dauden Arizmendiko finkan hainbat lan egin ziren Basabizi zentroa egokitzeko. Adibidez, berotegietako batzuk hegaztientzako hegaleku gisa prestatu ziren. Lan horiek Europako ‘Interreg’ programaren finantzaketa izan zuten. Premia edo egoera berezien kasuan, instalazioek handitzeko espazio nahikoa dute.

  

2597