Gipuzkoak turismoko webgune berria izango du, «murgildu eta esperientzia zoragarri, baliagarri eta interaktibo bat eskaintzeko»
Gipuzkoak turismoko webgune berria izango du, «murgildu eta esperientzia zoragarri, baliagarri eta interaktibo bat eskaintzeko»
Gipuzkoak turismoko webgune berria izango du, «murgildu eta esperientzia zoragarri, baliagarri eta interaktibo bat eskaintzeko»
San Sebastian Regionek bost marka ditu guztira: «Euskal kostaldea», «Sagardoaren lurraldea», «Landa paradisua», «Inaziotar lurraldea» eta Donostia.
- Itxaso: «Ziurrenik eskura daukagun euskarririk eraginkorrena izango da Gipuzkoaren irudi globala helarazteko eta lurraldeari bere benetako ahalmenaren neurriko nazioarteko proiekzioa emateko».
- Lasak Aldundia gauzatzen ari den eraldaketa digitalaren barruan kokatu du webgune berria, “herritarrekin komunikatzeko dugun modua” modernizatuz eta hobetuz, eta “horretarako ditugun kanalak eta estrategiak gaur egungo gizartera eta teknologietara egokituz”.
Aldundiaren turismo alorreko estrategia digital berria aurkeztu dute Denis Itxaso Kultura eta Turismoko arduradunak –diputatu nagusiaren lehen diputatu nagusiorde ere badenak– eta Imanok Lasa Gobernantzako diputatuak.
Turismoa, ezbairik gabe, Interneten presentzia handia duen sektoreetako bat da. Gaur egun turismoaz hitz egitea esperientziez hitz egitea da, eta esperientzia horiek, neurri handi batean, sarean hasten eta bukatzen dira. Bidaien % 75 Internet bidez kontratatzen da gaur egun, baina, bidaia eta ostatua kontratatzeko aukera emateaz gain, sareko informazioak bisitatzekoak diren lekuak proposatzen dizkigu, bilatzaileek aukera ematen dute norako baten –haren paisaien eta kulturaren– inguruko informazioa bilatzeko; museoetarako sarrerak Internet bidez hartzen ditugu, eta, lekuan bertan gaudenean ere, sakelakoak ahalbidetzen digu mugitzea eta esperientziak, irudiak eta lekuak sare sozialen bidez partekatzea.
Itxasok baieztatu duenez, «faktore horiek guztiek argi uzten dute zenbaterainokoa den gaur abiarazi dugun web plataforma honen garrantzia gure lurraldea sentipen eta esperientzia positiboekin lotzeko, eta argi uzten du, halaber, horrek gure turismoan eta oro har gure irudian izan dezakeen garrantzia. Kontuan hartu behar dugu horrek zenbaterainoko eragina izan dezakeen ekonomian, gure lurraldean aberastasuna eta enplegua sortzeko».
Horren guztiaren jakitun eta web orria zaharkituta zegoela kontuan hartuta, San Sebastian Region norakoaren eta markaren mailako web orri bat sortu du. Hori dela eta, webguneak Donostia baino askoz ere zabalagoa den Gipuzkoa hori erakusten du. Ez da begiratzeko web orri bat edo liburuxka bat; aldiz, murgildu eta esperientzia zoragarri, baliagarri eta interaktibo bat eskaintzen du, bisitariak hemen egotearen sentipena izan dezan.
Aldundia gauzatzen ari den eraldaketa digitalaren barruan kokatu du webgune berria Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, “herritarrekin komunikatzeko dugun modua” modernizatuz eta hobetuz, eta “horretarako ditugun kanalak eta estrategiak gaur egungo gizartera eta teknologietara egokituz”.
Sare sozialak eta gailu mugikorren erabilera herritarren bizimodua eta ohiturak errotik aldatzen ari direla adierazi du, eta erakundeek ezin dutela eszenatoki horretatik kanpo gelditu. Hori dela-eta, Aldundia “pisuzko” neurriak hartzen ari da egoerara modu eraginkorrean egokitzeko. Alde batetik, gaikako eta sektorekako web orri ugariak, legealdi hau hasterako jada bazeudenak, webgune bakarrean bateratzen ari da –www.gipuzkoa.eus- intereseko eduki guztiak bateratuz, diseinua eta nabigagarritasuna hobetuz, edozein gailu motatatik irisgarriak izan daitezen, eta iruzkinak egiteko aukera ere emanez.
«Turismoko web plataforma, dagozkion sare sozialetako profilekin batera, eskura daukagun euskarririk eraginkorrena izango da ziurrenik Gipuzkoaren irudi globala helarazteko eta lurraldeari bere benetako ahalmenaren neurriko nazioarteko proiekzioa emateko. Turismoaren inguruko informazioak euskarri hobeezina eskaintzen digu bertako kulturaren eta idiosinkrasiaren berri emateko eta gure bisitari potentzialen interesekin lotura bat egiteko», azaldu du Itxasok.
Eremutan banatuta
Hau da web orriaren berrikuntza nagusia: lurraldea eremutan banatu da, baina, egungo banaketa administratiboaren arabera egin beharrean, norakoen eta baliabideen arabera egin da. Zehazki, bost gai zabal hartu dira, eta sareko bilaketetan gakoak diren hitz jakinen arabera diseinatu; hala nola, landa paradisua, euskal kostaldea edo inaziotar lurraldea. Hauek dira bost gai zabal edo marka horiek: «Euskal kostaldea», «Sagardoaren lurraldea», «Landa paradisua», «Inaziotar lurraldea» eta Donostia.
Landa paradisua San Sebastian Regionen bihotza da: produktu naturalen azokak, natura zuzenean bizitzeko esperientzia bereziak eta landa eremuaren benetako lurrina duten herri ederrak. Inaziotar lurraldean, berriz, iraganerako bidaia batean murgilduko zara: Loiolako San Inazioren eta tenplu ikusgarrien historian; burdinaren, harriaren eta suaren lurraldean; Oteizak eta Txillidak moldatzen lagundu zuten paisaian, eta historiaurretik gizateriaren historiaren gertaleku izan den lurrean. Sagardoaren lurraldea txikia da kilometro karratutan, baina eragin handikoa eta sagardoari hertsiki lotua: historia, kultura, ekonomia, ohiturak, bizimoduak, errituak eta askoz gehiago. Euskal kostaldea hirurogei kilometroko kosta duen itsasertza da; amildegi ikusgarriak, Kantauri itsasoaren olatuak parez pare dituzten hondartzak eta benetako herri arrantzale, tradizional eta xarmagarrien segida bat. Ingurune natural pribilegiatu horretan, bisitariak Geoparkearen neurriko altxor naturalak aurkituko ditu. Azkenik, Donostia, Gipuzkoako hiriburua, norako turistikoetan ezagunena da: hiru mendiz, hiru hondartzaz, uharte batez eta ibai batez jantzitako hiri kosmopolita. Bere edertasun naturaletik harago, beste hainbat alderdi erakargarri ere baditu, hala nola, gastronomia, kultur baliabideak eta festibalak, eta kalitatezko zerbitzuak.
Hori guztia gauzatu ahal izateko, eskualdeetako agentzien lankidetza izan da, bai eta parte hartu nahi izan duten entitate eta elkarte guztiena ere (Geoparkea eta sagardotegiak, kasu). Gainera, urtarrilaren 16an topaketa egin zen sektore osoari web orri berria aurkezteko eta ekarpenak jasotzeko.
Itxasok adierazi duenaren arabera, «guztiontzako moduko tresna bat da, eta elkarlanean elikatu beharrekoa. Kudeaketari dagokionez erronka handia da, potentzial handiko tresna bat baita, eta, benetan baliagarria izan dadin, etengabe elikatu eta eguneratuta eduki beharrekoa».
Web orriak oinarrizko bost ardatz ditu:
Erakartzea: Bisitariak bisitatzen gaituenean aurkituko duena senti dezan, aukera handiak ematen dituen teknologia garatu berria erabili da, eta, web orrian argazkiak, testuak eta argibideak emateaz gain, testuinguruaren araberako bideoak eta kontakizunak ere eskaintzen ditu. Eskualde bakoitzak bideo luze bat eta hainbat bideo labur ditu.
Planifikatzea: Baliagarri izan nahi dugu eta, horretarako, informazio erabilgarria eskaini –hala nola, alderdi erakargarriak zein diren eta non dauden, edo ekitaldiak, agenda kulturala eta negozioetakoa zein diren–, Google Maps, agendak eta ekitaldi bilatzailea erabiliz.
Erreserbak: Erraztasunak ematea helburutzat hartuta, atariak askotariko erreserbak egiteko aukera eskainiko dio erabiltzaileari: ostatua, ekitaldiak, esperientziak, jarduerak...
Bidaiak: Praktikotasuna da xedea. Bisitaria lekuan bertan dagoenean, atariak inguruko ekitaldi eta interesguneen berri emango dio, jarduera egingo den herrian edo dagoen lekuan bertan, mapa integratuen bidez, mapak eta liburuxkak deskargatuz edo agendaren berri emanez.
Partekatzea: Web orri berriak parte hartzeko espazio berri bat eskainiko die bisitariei, eta horiek aukera izango dute atari berrian unean-uneko aholkuak emateko, izandako sentipenak partekatzeko, edo norakoan hartzen ditugunokin eta etorkizunean bisitatu gaitzaketenekin harremanetan egoteko.
Eraldaketa digitala
Prozesu horren barruan, hainbat webgune ere berritu dira, ezinbestekotzat jotzen diren hainbat faktore kontuan hartuta: telefono eta gailu mugikorrekiko egokitasuna, web posizionamendua, eta interakzioa, esaterako. Horien artean dago gaur aurkeztutakoa. “Zenbait webgune zaharkituta gelditu ziren, eta egitura zurrunegia zeukaten. Uste dugu webgune batek ezin duela eduki estatiko hutsa izan gaur egun, baizik eta, ezer baino lehen, interakzioa eta partaidetza erraztu behar duela. Eta, turismoaren kasuan, esperientziak eta informazioa denbora errealean trukatzea erraztu behar duela. Webgune berriak alor hau oso ondo betetzen duela uste dugu eta pozik gaude emaitzarekin”, esan du.
Horrez gain, Aldundiak sare sozialetan, bereziki twitter eta Facebook-en, duen profil kopurua murriztu egin da, kontuak bateratuz. Hala, gaur egun 5 kontu nagusi eta 4 espezifiko dauzka, identifikazioa eta edukien homogeneizazioa hobetuz. Kontu nagusietako bat SanSebastianRegion izango da, hain zuzen. “Horrek erakusten du nolako lehentasuna ematen diogun marka bezala, eta Gipuzkoa osoaren nazioarteko proiekzioa lortzeko tresna bezala, turismoa bezain jarduera garrantzitsuaren ikuspegitik”.
2373