Zaharren egoitzetako erabiltzaileak paseatzera atera ahalko dira bihartik aurrera
Zaharren egoitzetako erabiltzaileak paseatzera atera ahalko dira bihartik aurrera
Prebentzio neurri zorrotzak ezarri dira irteerak egin ahal izateko
Adinekoen egoitzetako erabiltzaileak kanpora atera ahal izango dira bihartik aurrera, hau da, paseoak eman ahal izango dituzte prebentzio eta higiene neurri guztiak zorrotz beteta, eta une oro espazio jendetsu edo itxiak saihestuta. Gizarte Politiketako Departamentuak uztailaren 18an murriztu zuen adinekoak egoitza zentroetatik ateratzeko aukera, lurraldean izandako agerraldien aurrean, baina gaur jakitera eman duenez, Osasun Sailari kontsulta egin ondoren eta bere gomendioari jarraituz, erabiltzaileek gehienez ere ordu eta erdiko paseoak eman ahal izango dituzte, beti ere FFP2 maskara jantzita eta "aire zabaleko guneetan eta zentrotik hurbil" egonez.
Beraz, paseoek “izaera terapeutikoa izango dute nagusiki" eta adinekoek "bakarrik edo profesionalek edo hurbilekoek lagunduta" egin ahal izango dituzte ibilaldi horiek, "prebentzio eta higiene neurri guztiekin" eta "espazio jendetsu edo itxiak" saihestuta. Gizarte Politikako departamentuak zehaztu du, gainera, ez zaiela irteteko baimenik emango sintomak dituzten erabiltzaileei edota berrogeialdi edo isolamendu egoeran daudenei. Bizikidetza unitatean COVID-19rekin bateragarriak diren sintomak dituzten familiek ere ez dute bisitarik egingo edo senideak paseatzera aterako.
Paseoak egitean –ordutegiak egoitzak berak zehaztuko ditu–, laguntzaileei buruzko datuak erregistratuko dira; horrela, laguntzaileek beren senitartekoa edo gertukoa jasoko dute zentroan sartu gabe, eta dokumentu bat sinatuko dute, non prebentziozko higiene neurri guztiak mantentzeko konpromisoa hartuko duten. Era berean, prebentziozko eta distantzia sozialeko neurriak bete beharko dituzte, gainerako herritar guztiek bezala, maskarak nahitaez erabiltzea barne. Zentrora itzultzean, tenperatura, eskuen higienea eta oinetakoen higienea kontrolatuko dira, eta gurpil aulkien, bastoien eta euskarri elementuen higienea zorroztuko da.
Leku irekietan eta jende gutxi ibiltzen den lekuetan paseo terapeutikoak egitea gomendatzen da, "ospakizunak, espazio itxiak eta jende asko ibiltzen den guneak saihestuz", berretsi du Gizarte Politiketako departamentuak. Beren egoera fisiko edo kognitiboagatik beste batzuen laguntza behar duten egoiliarren kasuan, haiekin daudenak arduratu beharko dira indarrean dagoen legerian ezarritako prebentzio eta higiene neurri guztiak betetzeaz.
Eguneko zentroak
Osasun Sailarekin egoera epidemiologikoa aztertu ondoren, Aldundiak baimena emango du, bihartik aurrera, Zarautz, Orio eta Eibarko adinekoentzako eguneko zentroak irekitzeko, udalerri horietan izandako agerraldien ondorioz itxita baitzeuden. Gauza bera gertatzen da desgaitasuna duten pertsonentzako Eibarko eta Zarauzko eguneko zentroekin, bihar irekiko baitituzte ateak. Izan ere, kendu egin dira udalerri horietan ezarritako murrizketak, kontrolatutzat jotzen direlako hirigune horietako agerraldiak.
Bestalde, Foru Aldundiak gaur erabaki duenez, Elgoibarko zaharrentzako eguneko zentroak itxita segiko du, “prebentzioa helburu”, herri honetako datu epidemiologikoak aztertu ondoren. Arrazoi bera dela medio, baita ere, Mutrikuko eguneko zentroaren itxiera prebentiboa ezarri da. Bi herrigune horietako adineko zentroetan, gainera, egoiliarrak ezingo dira paseatzera irten.
Gizarte Politikako departamentuak gogorarazi du neurri horiek pandemiaren bilakaeraren mende geratzen direla, eta murriztu edo baliogabetu egin daitezkeela egoera epidemikoak hala eskatzen badu.
“Etengabeko alerta egoeran”
Aldundiak, ezarritako Zaintza eta Alerta Sistemaren esparruan, Gipuzkoako zerbitzu eta gizarte baliabideetan COVID-19ari aurre egiteko eta birusaren aurrerapena denbora errealean zaintzeko, prebentziozko 1.635 PCR proba egin ditu azken aste honetan –abuztuaren 3tik 10era–. Pandemiak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaeraren ondorioz, lan hori areagotu egin da azken egunotan, beraz, eta erizainek eta DYAk osatutako zaintza talde espezializatu bat ari da lan hori egiten; beraiek hartzen dituzte laginak.
“Etengabeko alerta egoeran gaude", esan du Gizarte Politiketako diputatuak, "neurriak zorrozteko ahaleginak” eginez, eta prebentziozko, euspeneko eta jarraipeneko "lan jarraitua eta koordinatua" indartuz, Osasun Sailarekin eta lurraldeko gizarte zerbitzuen kudeaketan inplikatutako sare osoarekin batera. "Testuinguru orokorraren bilakaera txarrak eta kasuen gorakadak zuhur jokatzera garamatza, agerraldi berrien gainetik egotera, azkar jokatu ahal izateko", berretsi du Peñak.
Azaldu duenez, zuzentzen duen departamenturen "erabateko lehentasuna erabiltzaile eta langile guztien ongizatea bermatzea" da, eta, horregatik, "ahalegin guztiak" egiten ari dira COVID-19ak baliabide sozialen sarean duen eragina murrizteko. “Azpimarratu nahi dut adinekoen egoitzetako langile guztiak egiten ari diren lan ikaragarria, bai eta senideen laguntza ere. Guztiok asko ikasi dugu azken hilabeteotan, baina egoerak oso aldakorra izaten jarraitzen du. Kontu handiz segi behar dugu", azpimarratu du.
1761