Breadcrumb

Asset Publisher

Back Zarautzek eguneko zentro berritzaile bat izango du desgaitasun mota desberdinak dituzten pertsonentzat

Zarautzek eguneko zentro berritzaile bat izango du desgaitasun mota desberdinak dituzten pertsonentzat

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak beren lankidetza areagotu dute, gizarte baliabide berriak aktibatzeko

Gaur goizean, lan bilera bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuko eta Zarauzko Udaleko arduradunek, udalerriko gizarte baliabideen garapenean “urratsak egiten jarraitzeko“. Batzarrak buru izan ditu Maite Peña foru diputatua eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, eta baliagarria izan da bi erakundeen arteko lankidetza areagotzeko, eta aurrera egiteko tokiko nahiz lurralde mailako proiektu garrantzitsuen garapenean, “aitzindariak izango direnak kolektiborik zaurgarrienei arreta eman eta zaintzeko modu berriak bilatzen jarraitzeko”, adierazi du Peñak.  

            Begirada 2022. urtean jarrita, bi baliabide berri zabalduko dira Zarautzen, desgaitasuna duten pertsonentzat, Aldapeta kalean. Alde batetik, eguneko zentro balioaniztun bat, mota desberdinetako dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzeko: “Zentro aitzindari eta berritzaile bat izango da, balioko diguna arreta modu berriak ezagutzeko eta, probaldi baten ondoren, baloratuko dugu ea eredu hori lurraldeko beste puntu batzuetara hedatu daitekeen”, zehaztu du diputatuak. Aurreikuspenen arabera, zentro berriak 30 plaza izango ditu guztira, eta desgaitasun intelektual, fisiko edo mistoa duten pertsonak bertaratuko dira.

            Beste alde batetik, eta eguneko zentro berriari estuki lotuta, bi etxebizitza laguntzadun berri zabalduko dira, 6 plazarekin, eguneko zentroaren gainaldean kokatuak, hauek ere mendekotasuna duten pertsonentzat, aipatutako eguneko zentroko erabiltzaileak izan daitezkeenak edo ez. Maite Peñaren hitzetan, “komunitatean integrazio handia duten etxebizitzak dira, Zarauzko erdialdean baitaude, eta pertsona bakoitzaren beharretan zentratutako esku-hartze eta artatze eredu bati erantzuten diote”.

Bi kasuetan, dagozkion espazioak lagako dizkio Udalak Foru Aldundiari, eta eraikitze eta eraberritze lanak egingo dira, plaza guztiak ituntzeaz gain. Plaza horiek gehituko dira gaur egun Gipuzkoan desgaitasuna duten pertsonentzat dauden 1.599 plazei: 713 eguneko zentroetan; 412 egoitza-zentroetan; eta 474 etxebizitzetan.

Diputatuak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak "bizkortu" egin duela zainketa "pertsonalizatuagoak, inklusiboagoak eta komunitarioagoak" lortzeko abiatutako prozesua: "Estrategia partekatu bat garatzen jarraitzen dugu gizarte-politiken alorrean, Gipuzkoa 2020>2030 Agenda, Etorkizuna Eraikizen esparruan, Gipuzkoa zaintzen abangoardian kokatzea eta lurralde osorako ibilbide-orri bat markatzea helburu duena". Estrategia horren bitartez, eta “partaidetzako ikuspegi batetik”, lanean ari gara lurraldeko gizarte politikak indartzeko, mendekotasunaren prebentzioan sakontzeko, iraupen luzeko zaintzak bultzatzeko, eta egoitza-eredua eta etxeko zaintzak sendotzeko, beste lehentasun batzuen artean.

Bestalde, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi duenez, "Aldapetako proiektua errealitate bat denean, Aldundiaren zerbitzura jartzen ditugu eguneko zentrorako lokala eta bi etxebizitzak, hasieratik proiektu honen garapena eragin duen helburu soziala betez".

  

2002