Zarauzko biotopoan natur ondarea eta erabilera publikoa bateratzeko urrats berria
Zarauzko biotopoan natur ondarea eta erabilera publikoa bateratzeko urrats berria
Iñurritzako zubia berritzeko 250.000 euro bideratu ditu foru erakundeak, eta urtea amaitu baino lehen ekingo diete obrei.
Zarauzko biotopoan natur ondarea eta erabilera publikoa bateratzeko apustuan sakontzen jarraitzeko urratsa emango dute Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak, Iñurritza errekaren gaineko zubia kendu eta berria egiteko lanei ekingo baitiete urtea amaitu baino lehen. Beti ere, biotopoari ahalik eta gutxien eraginez eta oinezkoen segurtasuna bermatuz. Hala jakinarazi dute gaur Markel Olano diputatu nagusiak eta Xabier Txurruka alkateak biotopoan, Arantxa Ariztimuño Mendi eta Natur Inguruneko zuzendariarekin batera egindako agerraldian.
2020ko uda amaiera inguruan, patologia larriak antzeman ziren Iñurritzako biotopoan dagoen egurrezko egiturazko oinezkoentzako zubian. Ondorioz, azterketa tekniko bat egin zen egoera aztertuz eta bertan argi ikusi zen ez zela bideragarria zubia konpontzea, batez ere egurrezko estruktura konponduz ezingo zelako bertatik pasatzen den jendearen segurtasuna bermatu. Gune honetatik oinezko ugari igarotzen dira, beraz, errekaren pasabide egoki bat egitea ezinbestekoa da, bai herritarren segurtasunerako, baina baita oinezkoek dunari kalterik ez egiteko ere. Izan ere, natur ondarearen kontserbazioa eta erabilera publikoa modu egokian uztartzea da helburua.
Horri erantzuteko, Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, eta horren arabera, Aldundiak bere gain ditu obraren gauzatze eta zuzendaritza gastuak, 250.000 euroko diru ekarpena eginez. Obraren kontratazioaz eta obraren gaineko balizko kostuaz, berriz, Udala arduratuko da. Olanok eta Txurrukak nabarmendu dutenez, biotopoa ahalik eta gehien babestuz eraikiko da zubi berria, oraingoaren lekuan eta zabalera berarekin, hura erabiltzeko egokitzat jotzen baita. Egindako proiektuan, Iñurritza errekaren gaineko zubi berria egungo lursailari egokitzea eta bokaleko ingurune berezi horretan integratzea bilatu da, errekak, hondartzak eta itsasoak bat egiten duten lekuan. Obrek lau hilabeteko iraupena izango dute.
Hainbat urrats
Iñurritzako ingurunearen balio ekologikoa balorean jarri zen Eusko Jaurlaritzaren Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1997ko otsailaren 25ko 40/1997 Dekretuaren bidez, Biotopo Babestua moduan naturgune babestua izendatua izan zenean. Bertako duna sistema Euskadiko ekosistema mota horren adierazgarririk onena da, eta euskal kostaldeko dunetako landare espezieen ia 80% Zarautzen daude. Bestalde, eremu gazi-gezen muga izanik ekosistema aberasgarria sortzen da bertan eta, ondorioz, landare eta hegazti espezie ugariren bizilekua da.
Prozesu horiek zaintzeko eta, aldi berean, erabilera publikoa antolatzeko eta natur kontserbazioarekin bateragarria izateko, hainbat lan gauzatu izan dira. 2009an, Aldundiak 1,3 milioiko inbertsioa egin zuen itsas padurako 47.000 metro karratutan, espazioa birsortzeko: hondakin urak berbideratu, ordenazioz kanpoko txabola eta eraikinak eraitsi, lur material artifizialak atera eta topografia orekatu... 2015ean, berriz duna gainetik doan oinezko pasabidea eraiki zen, eta lankidetza hitzarmena sinatu zuten Aldundiak eta Udalak mantenu lanak koordinatzeko. Halaber, biotopoaren babesa eta erabilera publiko desberdinak uztartzeko erabilera plan berri bat lantzen ari da Aldundia.
Zarauzko biotopoa “gipuzkoarrontzat, zein kanpotik datozen bisitarientzat naturak eman digun oparia” dela, eta “altxor hau zaintzea denon ardura” dela azpimarratu du Olanok. Euskal Autonomia Erkidegoan izendatutako bost biotopo babestuetatik hiru Gipuzkoan daudela gogorarazi du. Horietako bi itsasertzean daude (Iñurritza, Deba-Zumaia kostalde zatia), eta hirugarrena ibai batean (Leitzaran). Horrez gain, lau natur parke daude Gipuzkoan, Aizkorri-Aratz, Aralar, Pagoeta eta Aiako harria, lurraldearen % 15 baino gehiago hartzen dutenak.
“Natur ingurunearen eta biodibertsitatearen kudeaketa egokia ezinbesteko elementua da gure etorkizuna eraikitzeko. Hala zen lehen eta are gehiago orain, klima aldaketaren testuinguruan. Aldunditik hainbat egitasmo lantzen ari gara urtero, habitat desberdinak eta landare eta animalia espeziak zaindu eta berreskuratzeko, baina etorkizunari begira ere apustu ausartak egiten ari gara, trantsizio ekologikoak eskatzen dizkigun eraldaketak gauzatzeko. Horren adibide ditugu ekonomia zirkularra lantzeko programak, edo Mubil –mugikortasun berria- eta Naturklima –klima aldaketa- erreferentziazko zentroak. Horrela lortuko dugu gure ondorengo belaunaldiek aurrerantzean ere biotopoa bezalako espazioez gozatu ahal izatea”, azaldu du.
Txurruka, berriz, pozik eta esker oneko agertu da Aldundiaren aldetik jasotako laguntzagatik. “Mollarritik Getaria arteko paseoa zarauztar askoren gogokoena da, zalantzarik gabe. Kargalekua, dunak, malekoia, moila, olatu eta arroken gaineko ibilbidea… bertako zein bisitarien gozamena izan ohi da urte osoan zehar. Ia lau kilometro t’erdiko ibilbide hau Iñurritzako ‘kanaleko’ zubitik pasatzen da eta egurrezko zubiaren egoera medio, guztien segurtasunerako aldatu beharra dago. Estetika zaindua eta diseinu berezia izango du zubi berriak, inguruan egoki integratuko delakoan nago”, azaldu du Zarauzko alkateak.
2465