Breadcrumb

Asset Publisher

Back Zarauzko Santa Ana egoitzak zainketa-eredu berrira egokitzeko bigarren fasea osatu du

Zarauzko Santa Ana egoitzak zainketa-eredu berrira egokitzeko bigarren fasea osatu du

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Santa Ana Fundazioa zentroaren birmoldaketa globalaren hurrengo faseak lantzen ari da, Gipuzkoa osoan gauzatzen ari den egoitza-ereduaren trantsizioa bultzatzeko helburuarekin.

Santa Ana egoitza

Gipuzkoako Foru Aldundia zainketa-ereduaren trantsizioan murgilduta dago. Azken urteotan Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren esparruan egin du lan hori, pertsonalizazio, berrikuntza eta komunitatearekiko konexio maila handiagoetarantz. Prozesu horren ondorioz, lurraldeko egoitzak gero eta etxekoiago bihurtzen ari dira, bizikidetza-espazio txikiagoekin. Gaur beste urrats bat eman da ildo horretan, Zarauzko Santa Ana egoitzaren birmoldaketa globalaren lehen bi faseak burututa; izan ere, 30 zentroetako batean berritze-prozesua abian da dagoeneko.

Gaur goizean, Santa Ana zentroak ateak ireki dizkie egoitzarekin harreman zuzena duten familia, erakunde eta eragileei. Haiekin batera, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak, Garbiñe Amotxategi zentroko zuzendariarekin eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin batera, Aldapeta ondoko eraikinaren gune berriaren beheko solairua eta lehenengoa bisitatu ahal izan dituzte. Bertan, psikologiako, terapiako, gimnasioko, ile-apainketako zerbitzuak, eta bilera-gela, office-a eta biltegia kokatu dituzte.

Santa Anak orain birmoldaketaren hurrengo faseei ekingo die, 2018-2019 eta 2022-2023 bitartean gauzatu diren lehen bi faseak amaitu ondoren, bere instalazioak Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru departamentuak bultzatutako eredura egokitzeko helburuarekin, etorkizuneko egoitzetarako trantsiziorako Liburu Berdea tresnaren bidez. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Santa Ana Fundazioa, Zarauzko Udalarekin batera, lanean ari dira hurrengo faseak diseinatu eta garatzeko. Fase horiek egoitza, oro har, solairuz solairu egokitzea aurreikusten dute.

Eraikinaren beheko solairua osorik eraberritu, eta ondoren egoitza handitu eta aipatutako zerbitzuak eremu berrian kokatu ondoren, aukera berriak ireki dira goiko solairuak eraberritzeko, banakako gela gehiago sortzeko eta eremu komun berriak sortzeko. Horrela, bizikidetza-unitate txikiagoak sortuko dira, zaintza-eredu berriaren premisetan oinarrituta: pertsonalizazioa, berrikuntza eta komunitatea.

Trantsizioa “ageriko errealitatea” da Gipuzkoan

Eider Mendoza diputatu nagusiak gogorarazi duenez, zaintza eredu berrirako trantsizioa gauzatzea eta lurraldeko gizarte babeseko zentro guztietara zabaltzea Aldundiaren "erabateko lehentasuna" da legegintzaldi honetarako. Horretarako, abian da jada ibilbide-orri zehatz bat, egoitzak bizikidetza-unitate txikietan oinarritutako zentro bihurtzen lagunduko duena, arreta pertsonalizatuarekin eta berritzailearekin, eta komunitatearekiko lotura sendoarekin. "Gure egoitza-sare osoa pixkanaka egokitzea da helburua. Trantsizio hori errealitate bat da, eta Gipuzkoako hainbat egoitzatan jada ikus daitekeen bezala", azpimarratu du Eider Mendozak.

Epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin, 30 egoitza-zentrotan sustatzen ari dira plazak birmoldatzeko, sortzeko eta egokitzeko proiektuak, bai sareko egoitzetan, bai zentro berriak sortuz. Datozen urteetarako gutxienez 19 egoitzatan egokitzapen-lanak egitea aurreikusten da, Santa Anan, esaterako; gainera, aurten bertan Egurtzegiko (Usurbil) eta Lugaritzeko (Donostia) zentroak inauguratu dira, beste hiru dagoeneko obretan edo esleituta daude, eta 2030era begira, beste bost egoitza berri sortzea aurreikusten da.

Mendozak gogorarazi du proiektu horiek guztiak eredu berriaren ezaugarriei erantzunez eraikiko direla, 15 pertsona inguruko bizikidetza-unitate txikietan antolatuta, espazio irekiagoak eta komunitateari lotuagoak, banakako logelak, eta ikuspegi berritzaile eta pertsonalizatutik, bai espazio fisikoetan, bai arretarekin eta zaintzarekin lotutako guztian.

"Gipuzkoa sozialki lurralde aurreratua, solidarioa eta kohesionatua da, hain zuzen ere, gaur egun adinean aurrera doazenek horretarako gogor lan egin zutelako. Asko zor diegu. Horregatik guztiagatik, Gipuzkoak, umiltasunetik baina sinesmenetik, aurrera egiteko eta zainketen abangoardia bihurtzeko helburua du. Adinekoek etxean ahalik eta denbora gehien bizi ahal izatea nahi dugu, nahi hori helarazten digutelako; eta, ezinezkoa denean, egoitza batean etxean bezala bizi ahal izatea, arreta pertsonalizatuarekin eta berritzailearekin, betiere komunitatearekin duten lotura eta partaidetza sustatuz. Hori da Gipuzkoaren norabidea eta horretan tematuko gara”, adierazi du diputatu nagusiak.

Apustu hori babesteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 34 milioi euro bideratuko ditu bi urtean: 20 milioi euro Aldundiak iaz jasotako COVID-19 funtsetatik, 10 milioi euro gehiago Next Generation Europako funtsetatik eta 4 milioi euro gehiago Zainketetako eta Gizarte Politiketako departamentuko aurrekontutik. Horrez gain, sailak laguntza-lerro berri bat abiarazi du aurten Gipuzkoako gizarte-zentroetan inbertsioak sustatzeko, guztira 12 milioi euroko zenbatekoarekin, gizarte-zentro berriak eta lehendik daudenak sortzen, zabaltzen, eraberritzen eta egokitzen laguntzeko.

  

2588