Zerga Arau Orokorra berrituko du Aldundiak, iruzurraren aurka eraginkorrago izatea xede
Zerga Arau Orokorra berrituko du Aldundiak, iruzurraren aurka eraginkorrago izatea xede
Zenbait isun gogortuko dira, tartean B kontabilitatea daramatenen aurkakoak
Gipuzkoako Foru Aldundiak Zerga Arau Orokorra berrituko du, alde batetik, Estatuan eta nazioartean egin diren azken aldaketa juridikoetara egokitzeko eta, bestetik, foru araudi orokorreko zenbait atal eguneratzeko. “Gure araudiaren etengabeko hobekuntza du oinarri, eta foru Ogasunaren zergadunen segurtasun juridikoa bermatzea”, azaldu du Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak. Tartean zerga iruzurrari aurre egiteko neurri zehatzak aurreikusten dira, informazioa fluxuak hobetu eta zenbait isun gogortuz.
Diputatua Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean agertu da gaur aldaketa hauen inguruan berri emateko. Azaldu duenez, funtsean erreforma teknikoa da oso, baina badira zenbait gai azpimarragarri. “Legealdiaren lehen egunetik ari gara esaten zerga iruzurraren aurkako borroka gure lehentasunen artean dagoela, hala dago jasota gure gobernu jarduna zuzentzen duen Kudeaketa Plan Estrategikoan”, gogoratu du Larrañagak.
Esparru horretan, zehazki, hainbat zerga zigor gogortzea aurreikusten da, denak ere jarduketa honetan eraginkortasuna irabazteko helburuarekin. “Isunen zenbatekoak handitzen dira kontuen B erregistroa ematea ahalbidetzen duten mekanismoen erabileraren aurka”, zehaztu du Larrañagak. Horrela, profesional edota enpresen kontabilitatearen manipulazioak negozio zifraren %20ko isuna izango du, 30.000 euroko gutxiengoarekin. “Kontabilitatea ezabatu, manipulatu edo suntsitzen dutenen kontrako zigorrak gogortzen dira, bai eta erabilera bikoitzeko software-aren aurkakoak ere”, adierazi du diputatuak.
Gainera, jarduera bakar baten kontabilitate ezberdinak daramatzatenen kontrako zigorrak 30.000 eurotara igotzen dira, Larrañagak azaldu duenez, “zergadunaren benetako egoera zehaztea oztopatzen dute horrelako praktika txarrek”. Faktura ez ematea, bestalde, 1.000 euroko isunarekin zigortuko da, ematen ez den aldi bakoitzeko. Ekintza hauek, azpimarratu du Larrañagak, iruzurraren aurkako “estrategia integral” baten baitan kokatzen dira, foru Gobernua nabarmen indartzen ari den atala hain zuzen. “Giza baliabideak eta materialak hobetzen ari gara eta, zehazki B kontabilitatearen aurkako jarduketan, EAEko eta Nafarroako erakundeok abian dugu kutxa erregistratzaileak kontrolatzeko proiektua”, azaldu du.
2311