Breadcrumb

Asset Publisher

Back Zerga-bilketa % 1,1 hazi da Gipuzkoan urtarriletik abuztura bitartean, 2023ko datuekin alderatuta

Zerga-bilketa % 1,1 hazi da Gipuzkoan urtarriletik abuztura bitartean, 2023ko datuekin alderatuta

• Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, datuek erakusten dute lurraldeko ekonomiak “goraipatzeko moduko jarduera maila” mantentzen ari da.

2024/09/10
Gipuzkoako Foru Aldundia

Foru Aldundiak gaur eman ditu Gipuzkoako zerga-bilketan metatutako datuak, eta % 1,1eko igoera izan du abuztuaren 31ra arte, 2023ko aldi beraren aldean. Hala jakinarazi du gaur Irune Berasaluze foru bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldian. Igoera diru-sarrera gordinen (% 5,1) eta itzulketen (% 17,5) hazkundearen emaitza da nagusiki. Zuzeneko zergen bilketa likidoa % 0,5 igo da, zeharkako zergena % 0,8 eta Estatuarekiko doikuntzena % 6,3.

Nabarmendu behar da, Auzitegi Gorenak mutualisten tributazioari buruz emandako epaiei erantzunez, Aldundiak preskribatu gabeko urteetako aitorpenak berrikusi zituela (2019, 2020, 2021, 2022), eta 145,4 milioi euro itzuli zituela uztailean, 2023ko errenta kanpainan arrazoi beragatik itzulitako 59 milioi euroei gehituta. Mutualisten itzulketak kontuan hartu gabe, bilketa metatua % 5,9 haziko litzateke.

“Betiere zuhurtziaz jokatuta, emaitza horiek irakurketa positiboa merezi dute; izan ere, ziurgabetasuna eta Gipuzkoarentzat oso garrantzitsuak diren Europako herrialdeen moteltzea ezaugarri dituen testuinguru ekonomiko eta geopolitikoan, gure ekonomia eta gure enpresak jarduera-maila oso nabarmenak mantentzen ari dira. Lehiakorrak izaten jarraitzeko sekulako ahalegina egiten ari dira, eta hori behar bezala baloratzen jakin behar da. Enplegua ere indartsu mantendu da, eta azken datua nahiko genukeena bezain ona ez bada ere, uste dugu badaudela oinarriak urteko bigarren erdi honetako bilakaerari konfiantzaz aurre egiteko. Aldundiak gure enpresa txiki eta ertainei laguntzen jarraituko du lehiakortasun, nazioartekotze eta berrikuntza ahalegin horretan, Gipuzkoarentzat aberastasuna, aukerak eta ongizatea sortzen jarrai dezaten”, adierazi du Berasaluzek.

Abuztura arte metatutako bilketan eragin positiboa izan duten faktoreen artean, diru-sarreren igoera aipatu behar da honako kontzeptu hauetan: lan-etekinen gaineko atxikipenak, ondare-irabazien gaineko atxikipenak, BEZa, kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak eta sozietateen kuota diferentziala. Abuztura arte diru-bilketan eragin negatiboa izan duten faktoreei dagokienez, BEZaren lurralde arteko doikuntzen diru-sarreren murrizketa dago.

Zergak banan-bana aztertuta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenen bilketa 152,9 milioi euro handitu zen (+%10,7). PFEZaren bilketa garbia % 2,8 jaitsi da, 41,2 milioi eurora arte. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiagatiko sarrerak 10,4 milioi handitu dira abuztura arte, 2023ko aldi beraren aldean. Aldakuntza hori bi osagaitan egituratzen da: batetik, diru-sarrera gordinak 17,3 milioi hazi dira, eta itzulketak 6,9 milioi.

Foru erakundeak kudeatutako BEZari dagokionez, bilketa metatua % 1,5 jaitsi da, 14,3 milioi euro. Atal honetan, Gipuzkoako diru-sarrerak % 4,3 igo dira (52,5 milioi), itzulketak % 1,0 igo dira (6,2 milioi), eta lurralde arteko doikuntzak % 19,8 jaitsi dira (60,7 milioiko murrizketa).

Azkenik, hidrokarburoen gaineko zerga % 1,7 jaitsi da, hau da, 4,0 milioi, eta tabako-laboreen gaineko zerga, aldiz, % 7,2 handitu da (5,9 milioi). Elektrizitatearen gaineko zergaren bilketa % 223,8 igo da, hau da, 5,6 milioi aurreko urtearen aldean, azken arau-aldaketengatik.

Bizikletan Adinik Ez

Era berean, Kontseiluak onartu du ‘Osasuna Sustatzeko Elkartea - Bizikletaz Adinik Ez- entitateari 33.000 euroko dirulaguntza ematea, Bizikletaz Adinik Ez jarduera aurrera eramateko. Erakunde horrek paseoak egiten ditu adineko pertsonentzako zentroetan bizi direnentzat egokitutako trizikloetan, boluntarioek gidatuta, haien bizi-kalitatea hobetuz. Aurreko urtean bezala, ekimena lurraldean zehar hedatzea da xedea. Aurtengo helburua Gipuzkoako 14 udalerritako 19 egoitzatan proiektua garatzea da. Egoitza horietan 130 egoiliar baino gehiagok euren udalerrietako kaleak zeharkatu ahal izango dituzte trizikloetan, elkarteko 60 boluntariok baino gehiagok gidatuta.

Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailak abian jarritako ‘2030 Gipuzkoako Agenda: trantsizioko gizarte-politikak’ programaren esparruan, jarduera-ildoetako bat egoitza-zentroak komunitatearekin lotzea da, eta helburu horri “ezin hobeto” erantzuten dio jarduerak, bozeramailearen arabera. “Adineko pertsona hauek aisialdirako aukera gutxi dituzte zentroetatik kanpo, eta proiektu hau pertsona horien gozamenera eta aisiialdira bideratuta dago, komunitatearekiko harremana sustatuz eta zentro bakoitzaren berezko jarduerak osatuz”.

Triziklo eta gidaru hauek “harro sentiarazten gaituzten balioak irudikatzen dituzte, eta horiek babestu nahi ditugu, hala nola konpromiso solidarioa, errespetua eta hainbat belaunalditako pertsonen arteko harremana. Gainera, boluntariotzatik egiten dute ekarpena, mugikortasuna, zahartze aktiboa, ingurunearekiko errespetua, osasuna eta pertsona guztien ongizatea sustatuz. Azken batean, Aldundiak legegintzaldi honetan sustatu nahi duen ongizate integralarekin guztiz bat datorren ekimen baten aurrean gaude, eta horregatik erabaki dugu babestea”, amaitu du.

Cycling Without Age 'nazioarteko mugimendua da, 2012an Kopenhagen sortua eta gaur egun 50 herrialdetan ordezkatuta dagoena. 2016an iritsi zen Gipuzkoara, Donostiako kultur hiriburutzaren testuinguruan, eta Danimarkan sortu zeneko balioak irudikatu zituen gurean ere: pertsona helduei eskuzabaltasunetik denbora eskaintzea, istorioak partekatuz eta harreman berriak sortuz.

Abadia Saria, Tabakaleran

Azkenik, bozeramaileak gogorarazi du Ruper Ordorika Ezkurdia (Oñati, 1956) musikari eta abeslari oñatiarrak jasoko duela aurtengo Abadia Saria, etzi, osteguna, Tabakaleran egingo den ekitaldian. Hasierako aurreikuspena Hendaiako (Lapurdi) Abadia jauregian ospatzea zen, baina ostegunerako eguraldi iragarpenak, euria egiteko arriskuarekin, alternatiba hori aktibatzera behartu du. Horrela, Oñatiko musikagileak lau hamarkadatan euskarazko sorkuntza eta kulturaren alde egindako lana eta ekarpen handia aitortuko dira, bere musika eta ahotsarekin euskal kantagintza “muga berrietara” zabalduz, horrela unibertso propio bat sortuz, beti euskaratik eta euskaraz.

Politika orokorreko osoko bilkura

Agerraldian, Berasaluzek nabarmendu du foru gobernua “ilusioz eta modu partekatuan lan egiteko munduko gogo guztiekin” hasten duela ikasturte politiko berria modu partekatuan lantzeko, datorren asteazkenean Batzar Nagusietan egingo den politika orokorreko osoko bilkura hizpide hartuta. Bozeramaileak aurreratu duen bezala, Eider Mendoza diputatu nagusiak gobernuaren lehen urtearen balantzea partekatuko du indar politikoetako ordezkariekin, eta “gipuzkoar guztien mesederako iarnas luzeko akordioak lortzeko borondatea” berretsiko du, bai foru aurrekontuen osaketari begira, bai erreforma fiskalari dagokionez,” behar sozial eta ekonomiko berriei berme osoz aurre egiteko. Uste dut hori dela guregandik espero dena, gaur egungoa bezain garrantzitsua eta konplexua den une honetan. Espero dugu jakingo dugula behar bezala erantzuten”.

Bere hitzaldian, Mendozak aurreikusten du Gipuzkoaren egoeraren diagnostikoa egitea eta orain arte gainerako erakundeekin, eragileekin eta gizarte antolatuarekin lankidetzan egindako ekintzak errepasatzea, egoitza-eredu berrian edo zahartzeari, mugikortasun jasangarriari edo teknologia kuantikoei lotutako proiektu estrategikoetan egin diren “aurrerapenak” barne hartuta. Gainera, erakundea lurralde osora eta herritarrengana zabaltzeko egindako “ahalegin sistematikoa” nabarmenduko du, adibide gisa aipatuta Kontseilu Ibiltaria, edo erakunde, enpresa eta berrikuntza-zentroekin izandako topaketak, “agenda berri” baten bidez.

Ondoren, foru gobernuak etorkizuneko erronkei buruz duen ikuspegia azalduko du diputatu nagusiak, lau ardatzetan egituratuta: ongizatea eta zaintza, ekonomia, iraunkortasuna eta demokrazia indartzea. Azken atal horretan elkarlaneko gobernantza, aniztasuna eta hizkuntza berdintasuna, komunitatea indartzea eta autogobernuan aurrera egitea jorratuko dira. Hitzaldia amaitzeko, elkarlanerako deia egingo du. Beti bezala, hitzaldiaren ondoren bi orduko geldialdia egongo da batzarkide-taldeek beren erantzunak prestatu ahal izan ditzaten eta, ondoren, hitzaldien txanda iritsiko da, beste txanda batekin, diputatu nagusiak horiek erantzun ditzan.

  

4592