Zerga bilketa metatua %8,3 jaitsi da azarora arte, aurreko urtearekin alderatuta
Zerga bilketa metatua %8,3 jaitsi da azarora arte, aurreko urtearekin alderatuta
Foru erakundeak aurreko urtean baino 369 milioi euro gutxiago bildu ditu.
Zerga bilketa metatua %8,3 murriztu da Gipuzkoan azarora arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 4.081,8 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2019an baino 368,6 milioi euro gutxiago batu dira. Zifra azaltzen du, alde batetik, sarreren arloan izandako beherakada nabarmenak, %6,7 murriztu baitira; itzulketek, bere aldetik, %0,6 egin zuten gora. Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu duenez, eta COVID-19 gaitzaren krisiaren iritsieraren kolpearen ostean, zerga bilketa berreskuratuz joan da hilabetez hilabete. Urtearen amaierari begira jarrita, gogoratu du oraindik ikusteko dagoela pandemiaren bigarren olatuari aurre egiteko hartu diren neurri murriztaileen eragina zein izango den.
Zifrak xehatuz gero, eta Errentaren gaineko zergarekin hasiz, lan atxikipenen atalean 19,4 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%1,2). PFEZ bere osotasunean hartuta ere emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 56,8 milioi euro gehiago batu dira eta (+%3,3). Bestalde, honako hiru kontzeptu hauek erdibana egiten dira PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergaren artean: behera egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 17,5 milioi (-%17) eta 3,5 milioi (-%6,6). Aldiz, hazi egin dira ondare irabazien gaineko atxikipenak, 18,4 milioi euro gehiago bildu baitira (+%32,7).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak 54,4 milioi euro gutxiago jaso ditu: sarrera gordinak 11,5 milioi euro igo dira, eta itzulketak 42,9 milioi eurotan murriztu. Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %15,6 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 200,1 milioi euro gutxiago: 132,2 milioitan jaitsi dira sarrerak (-%9), itzulketak 55,1 milioi jaitsi dira (-%8,5) eta lurralde arteko doikuntzak 122,9 milioi eurotan murriztu dira (-%26,3). Zerga berezietan, Hidrokarburoen gaineko Zerga 53,5 milioi eurotan jaitsi da (-%14,7). Azkenik, Estatuarekiko doiketei dagokionean, BEZari dagozkionak 75,5 milioi eurotan murriztu dira, eta zerga berezienak 13 milioi eurotan okertu.
1965