Zibersegurtasun industrialean prestakuntza eskaintza “aitzindaria” Gipuzkoan
Zibersegurtasun industrialean prestakuntza eskaintza “aitzindaria” Gipuzkoan
Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuak aurkeztu ditu datorren ikasturtetik aurrera lurraldean eskainiko diren Lanbide Heziketa ikastaroa eta zibersegurtasun masterra
2017-2018 ikasturtetik aurrera prestakuntza ikastaro eskaintza “aitzindaria” egongo da Gipuzkoan, zibersegurtasuneko alorrean etorkizuneko profesional kalifikatuak eta espezializatuak prestatzeko eta trebatzeko aukera emango duena. Zehazki, LH ziklo bat eta zibersegurtasun alorreko master bat izango dira, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordetzak eta Mondragon Unibertsitateak, hurrenez hurren, abian jarriko dituztenak eta biek Gipuzkoako Aldundiaren laguntza izango dutenak.
Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak aurkeztu ditu titulu berri hauek gaur goizean, Carlos García Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariarekin eta Ricardo Lamadrid Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuaren zuzendariarekin batera. Denek nabarmendu dute eskaintza “berritzailea” dela Euskadin, eta helburutzat jotzen dute azken hilabeteetan ugaritzen ari diren zibererasoen arriskuak direla-eta enpresa industrialen kezkei erantzuna ematea, zibersegurtasuneko alorrean “etorkizuneko profesional kalifikatuen prestaketaren eta trebakuntzaren bidez”.
Diputatuak adierazi duenez, prentsaurrekoan egon ziren hiru erakundeek kontuan hartu dituzte “kezka” horiek, eta lanean hasi dira titulu berriak sortzeko aukeren inguruan , hain zuzen ere zibersegurtasunaren ikuspuntutik digitalizazioak sortzen dituen “arriskuei eta aukerei” erantzuteko profil profesionalak bermatuko dituzten tituluen inguruan. “Gaur aurkeztu dugun prestakuntza eskaintza aipatutako lankidetzaren emaitza da, eta esan nahi du dagoeneko sustatzen ari garela gure enpresei erronka horri aurre egiten laguntzeko ekimenak”, baieztatu du Aizpuruk.
Ekonomia Sustapeneko Foru Departamentuko arduradunak prestakuntza eskaintzaren “norabide praktikoa” nabarmendu du; izan ere, LH zikloak prestakuntza duala edukiko du, eta Mondragon Unibertsitateko masterrean ikasleek praktikak egingo dituzte ekimen akademiko honekin elkarlanean dabilen enpresetako batean. Bestalde, diputatuak azpimarratu du lurraldeko zibersegurtasun enpresek prestakuntza eskaintza egituratzen lagundu dutela. “Gipuzkoan zibersegurtasun alorrean erreferente diren enpresak daude, aspalditik dabiltzanak alor horretan lanean eta berrikuntzak egiten. Enpresa horien laguntzak eta ezagutzak balioa ematen diote eskainiko den prestakuntzari”, gaineratu du.
Prestakuntzak, irailetik aurrera Donostiako Zubiri Manteo ikastetxean abian jarriko denak, zibersegurtasun industrialaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko aukera eskainiko die LHko ikasleei, hala nola, normatiba, arkitekturak, dispositiboak, komunikazioa, eta bestelako oinarrizko gaiak. Prestakuntzak 650 ordu iraungo du, eta prestakuntza dualari esker, ikasleek aukera izango dute ikasketak eta enpresa batean lana aldi berean egiteko.
Aldiz, Mondragon Unibertsitateak eskainiko duen Zibersegurtasun masterrak 500 eskola-ordu izango ditu, eta, horrez gain, ikasleek beste 500 orduko amaierako proiektu bat egin beharko dute. Helburua ikasleei beharrezko ezagutzak eta gaitasun praktikoak eskaintzea da, enpresetan zibersegurtasun elementuak sartzen ikas dezaten. Prestakuntza hori era modularrean eskainiko da, hau da, online tresnak edukiko ditu eta, hala, masterra bere osotasunean jarraitu ezingo duten enpresetako profesionalek modulu guztietan parte hartu ahal izango dute.
Aldundiak prestakuntza ekimenak bultzatu ditu; izan ere, masterrerako 105.000 euroko laguntza eman du, eta LH ziklorako 60.000 eurokoa.
2517