Breadcrumb

Asset Publisher

Back Mugimendua eta teknologia: ZINETIKAren hirugarren jaialdiaren ardatzak

Mugimendua eta teknologia: ZINETIKAren hirugarren jaialdiaren ardatzak

Azaroaren 15etik 21era izanen da Iruñean, Donostian eta Bilbon.

2018/11/13

Nazioarteko topaketa hau azaroaren 15etik 21era izanen da Iruñean, Donostian eta
Bilbon, zinea, masterclassak eta performanceak jasotzen dituen egitarauarekin. 

Zinetika Festival Dance & Film jaialdiaren hirugarren edizioa izanen da azaroaren 15etik 21era bitartean Iruñean, Donostian eta Bilbon. Egitarauaren barnean zinema-emanaldiak, masterclassak eta performanceak daude. Mugimenduarekiko nazioarteko hitzordua da, zinemagintzaren ikuspegi batetik. Dantzaren eta ikus-entzunezko arteen, gorputzaren eta kameraren arteko erlazio askotarikoak esploratzeko topaketa bat da, arteesperientzia berrien bila.

Jaialdiko zuzendaria, Laida Aldaz Arrieta; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari orokorra, Mari Jose Telleria; eta Iruñeko Udaleko Kulturako zinegotzia, Maider Beloki Unzu; gaur goizean aurkeztu dute Zinetikaren hirugarren edizioa Donostian.

2016an Iruñean egin zen lehenengo edizioaren ondoren, eta 2017an Donostiak jaialdiarekin bat egin zuen bigarren edizioaren ondoren, hirugarren edizio honen berrikuntza nagusia Bilbok bat egin izana da. Hortaz, hiru hiri horiek senidetu dira, eta haien lurraldeen artean loturak sortu dira kulturaren arloan.

2018an, Zinetikak proiekzioak eta masterclassak emanen ditu azaroaren 15ean eta 16an Iruñeko Kondestable Civivoxen , 17an eta 18an Donostiako Tabakaleran, eta azaroaren 19an, 20an eta 21ean BilbaoArten. Horrez gain, Patxi Araujo artistak instalazio performatiko bat aurkeztuko du azaroaren 15etik 18ra bitartean Iruñeko Ziudadelan, eta 21ean, berriz, Bilboko La Fundiciónen; bertan, performance bat ere eginen dute elkarlanean Carmen Larraz koreografoarekin, Uxue Montero argazkilariarekin eta Hilario Rodeiro musikariarekin, jaialdiaren gaiak ardatz hartuta. Proiekzioak 20:00etan hasiko dira Iruñeko Kondestable Civivoxeko ekitaldi-aretoan eta Donostiako Tabakalera zineman. Bilbon, berriz, 19:00etan izanen da BilbaoArteren Art House Zinema aretoan. Sarrerak dohainik izanen dira Iruñean eta Bilbon leku guztiak bete arte. Tabakalerako zinemari dagokionez, berriz, sarrerak 3,5 € balioko du. Performanceak dohainik izanen dira Iruñean, eta Bilboko La Fundiciónen, berriz, 6 € balioko dute. Masterclassetarako sarrera era dohainik izanen da, aurrez jaialdiaren web-orrialdean izena emanda: www.zinetikafestival.com.

Lurraldez haraindiko jaialdi honek tokiko artisten (Patxi Araujo, Carmen Laraz, Ohiana Varela, besteak beste) eta nazioarteko artisten arteko sinergiak sustatu nahi ditu; izan ere, 30 herrialdetan baino gehiagotan egindako filmak programatu dira. Kultura elkarri trukatzeko diziplina anitzeko topaketa. Bertan hainbat jatorritako kulturek eta hainbat arlotako sortzailek bat egiten dute: dantzakoek, zinemakoek nahiz irakaskuntzakoek. Teknologiarekin eta mugimenduarekin esperimentatzeko espazioa. Laida Aldaz Arrieta artista nafarrak sortutako jaialdi independente honek, Trastero Creativo elkartearekin eta Dantzagunerekin batera ekoiztuta, Iruñeko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Nafarroako Kutxa Fundazioaren, La Caixaren, Tabakalerako zinemaren, Elias Querejeta Zine Eskolaren, BilbaoArteren, La Fundicionen, Arena Comunicación Audiovisualen, Hotel Tres Reyesen, Asador Errelekuren eta Mecnaren lankidetza jaso du.
 

PROIEKZIOAK
Zinetikaren zinematografia-atalak lengoai nagusi modura dantza, mugimendua nahiz gorputza darabiltzan film laburren sorta bat jasoko du, hiru sailetan programatuta: Sail ofiziala, Open Screen eta Zinetiks. Hiru sail horiek kalitate handiko zinematografia-lanak eta hainbat gaitako lanak jasotzen dituzte: gizarte-eskubideak, galera, bakardadea, nortasuna, poetika, humorea, estetika...

SAIL OFIZIALAK filmik onena eta zuzendaritzarik onena sarituko ditu; bietan, 500na eurorekin. 2018ko nazioarteko deialdian 1.200dik gora lan jaso ditugu. 2017an jaso genituen 130 filmekin alderatuta, igoera nabarmena izan da. Aurkeztutako lanek dantza/mugimendurako (eta alderantziz) ikus-entzunezko sorkuntza-lanak izan behar zuten, 15 minutuko iraupenarekin, eta 2015-2018 bitartean sortuak. Edizio honetan Sail ofizialaren barnean, urtero egiten den nazioarteko deialditik aurrera lehian dauden film sorta bat proiektatuko da. Honako hauek: Otherland (Jan Pieter, Tuinstra, Keren Levi. Holanda), Strophe (Aimée Duchamp. Espainia), Banana Blue (Pia Lauritz. Australia), The Evil (Carlon Hardt.Brasil), Shivta (Or Schraiber. Israel), Scalamare (Jiří Kylián. Holanda).

OPEN SCREEN sailak nazioarteko deialdiko film sorta bat erakutsiko du, film horien edukiagatik eta kalitate tekniko eta artistikoagatik lehiaz kanpoko jaialdian leku bat merezi dutelako.

Bailaora (Rubin Stein. Espainia), The Crackdown (Mervi Junkkonen. Suedia),True Love Waits (Adi Halfin. Estatu Batuak – Israel), Night Dancing (Barney Cokeliss.Erresuma Batua), Islander (Derek Pedrós. Espainia), Body of Knowledge (YunTing Tsai.Taiwan), I See You I See You (Chen Jiexiao. Singapur), Unidad (Oihana Varela.Espainia).

ZINETIKS sailak eduki eta kalitate handiko hainbat film aurkeztuko ditu, jaialdiak aukeratuak.Honako hauek ikusteko aukera izanen da: Schwarzfahrer (Jiří Kylián.
Holanda), Le Reveil (Murielle Felix, Anna Calsina-Forrellad. Belgika), Basta de mendigar (Ángela Chica, Goize Blanco. Espainia), Some Ways to Get Rud of a Body (Hannes Renvall, Ria Bäckström. Finlandia), 7:35 de la mañana (Nacho Vigalondo. Espainia).

Proiekzioen egitaraua egoitza bakoitzean film desberdin bat programatuko duen #DOCUMENTALES (#DOKUMENTALAK) sailarekin osatuko da. Tokiko lotura sendoa eta nabarmenki gizartea gai duten hiru istorio dira, mugimendura hurbiltzeko hainbat modu proposatzen dutenak: El baile de los años (Acrónica Producciones, Espainia), azaroaren 15ean, 20:00etan, Iruñeko Kondestable Civivoxen; Invisible Beauty (Iñaki Alforja. Espainia), azaroaren 17an, 20:00etan, Donostiako Tabakeleran; eta Olvidándonos y recordándonos a nosotras mismas (Itxaso Díaz. Espainia), azaroaren 19an, 19:00etan, BilbaoArten.

MASTERCLASS
Patxi Araujok eta Grabriel Villotan bi masterclass emanen dituzte jaialdiko hiru egoitzetan.Patxi Araujok A plena luz del sol sucede el día (la interfaz perfecta) lanari helduko dio azaroaren 15ean, 10:00etatik 13:00etara, Iruñeko Condestable Jauregiko Hitzaldi Aretoan;
azaroaren 17an, 10:00etatik 13:00etara, Elias Querejeta Zine Eskolan; eta azaroaren 20an, 10:00etatik 13:00etara, BilbaoArteren Kristalezko Patioa aretoan. Araujok bere saioan interfazeari buruzko hausnarketa eginen du: "interfazea, aldaketak materia-fluxu zehatz batean sintonizatzeko gai den egitura teknologiko egonkor gisa,mainstream diskurtsoak proposatzen duen munduaren ikuspegi estandarizatua baino gehiago da. Interfazea eta horrek eragiteko duen gaitasuna osagai teknologikoen kalibrazioan eta asmo politiko/poetikoan oinarritzen dira. Esperimentaltasun teknologikotik espekulatzen dugu, erresonantzia poetikotik eraikitzen dugu." Patxi Araujo (Iruñea, 1967) artista, irakaslea eta ikertzailea da. Ibilbide luzea du plastikaren arloan. Artearen, teknologiaren eta horien poetiken arteko harremanen esparru mutantean lan egiten du. Bere lana nazio zein nazioarteko hainbat sariketatan eta jaialditan
egon da erakusgai.

Bestalde, Gabriel Villotak Trazas audiovisuales ente la danza y la performance masterclassa
emanen du azaroaren 16an, goizeko 10:00etatik 13:00etara, Iruñeko Kondestable Civivoxeko Hitzaldi Aretoan; azaroaren 18an, 10:00etatik 13:00etara, Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolan; eta azaroaren 19an, 10:00etatik 13:00etara, BilbaoArteko Kristalezko Patioan.

Saio horretako edukiak "zuzeneko performancea / performancearen erregistroa"ri buruzkoak
izango dira, edo bestela esanda: pieza presentzialaren (koreografikoa, performtiboak) eta filmatutako piezaren arteko distantziari buruzkoak. Saioan zehar, gaiari buruzko gakoetako batzuk aztertuko dira, zinema eta dantza-bideo ezagunak analizatuz eta interpretatuz.

Saioetan, aukeratutako piezen ikus-entzunezko ezaugarrien azterlan konparatu bat egingo da, 'presentzia/erregistro' binomioaren inguruko eztabaidaren problematika aipatu obren bitartez analizatzeko. Lives of Performers (Yvonne Rainer, 1972) filma emanen da.

Gabriel Villota Arte Ederretan lizentziaduna eta Ikus-entzunezko Komunikazioan doktore Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun bertan da irakasle Ikus-entzunezko Komunikazio
eta Publizitate Departamentuan. Ikerkuntza-egonaldiak egin ditu hainbat unibertsitatetan,
eta 90eko hamarkadaren hasieraz geroztik, ikus-entzunezko arteekin lotura duten hainbat ekimenetan artista eta antolatzaile gisa jardun du. Makina bat aldizkari espezializatutan, arteari buruzko katalogotan eta idatzizko bestelako bitartekoetan argitaratu du.
 

PERFORMANCE / INSTALAZIOA
Zinetika 2019ren beste berrikuntzetako bat teknologiaren eta mugimenduaren arteko sinergiaren aldeko apustua da, bi proposamenen bitartez: Patxi Araujoren El Circo de Partículas Amaestradas instalazioarekin, eta Carmen Larrazen Transoceánica dantzaperformancearekin.

Honela definitzen du Patxi Araujok El Circo de Partículas Amaestradas lana: Zirku-lurralde gertagaitza, ezegonkorra eta potentzialki arriskutsua, errealaren eta birtualaren artean kaiolatua. Biomekanika sintetiko baten eta automata baten arteko harremanean murgilduta, zirkuko artistaren, bizitza propioa duen txotxongiloaren nahiz animalia fantastikoaren irudia birsortzen du; eta subjektu hibridozko eta handituzko ikuskizun garaikide batean murgiltzen gaitu ikusle gisa, argia eta itzala, fakea eta magia, errealitate birtuala eta fisikoa, makina eta organismoa uztartuz.

Instalazio hori Iruñeko Ziudadelako Labea aretoan ikusi ahal izanen da azaroaren 15etik 18ra bitartean. Azaroaren 15ean inauguratuko da, 18:30ean. Berriro ere ikusteko aukera izanen da Bilboko La Fundiciónen, azaroaren 21ean, bi saiotan, 19:45ean eta 20:00etan. Carmen Larrazek, Uxue Monterok eta Hilario Rodeirok Transoceánica-rekin dantzari, argazki-irudiari eta soinuari buruz ikertzen duen koreografia-proiektu bat aurkezten dute. Ingurune naturalari entzutea du proposatzen du, eraldaketa pertsonalaren inguruko prozesu bati buruz hitz egiteko. Eraldaketaren ozeanoa zeharkatzera eramaten gaituzten gogoaren zikloak ikusten laguntzen digun ispilu gisa ageri zaigu natura. Transoceánica Carmen Larrazen eta Uxue Monterok sortua da. Koreografia Carmen Larrazena da; argazkigintza eta ikus-entzunezkoa, berriz, Uxue Monterorena: musika-sorkuntza eta -interpretazioa Hilario Rodeirorena; sorkuntza eszenikoa eta argiak David Bernuesena eta Acrónica Produccionesena. Dinamo Danza-k ekoiztua, Barañain Entzunaretoarekin batera.

Transoceánica azaroaren 21ean egonen da ikusgai, 20:30ean, Bilboko Lan Fundicionen.

Zinetikari buruzko argibide gehiago, jaialdiaren web-orrialdean: www.zinetikafestival.com

  

1724