Breadcrumb

Asset Publisher

Back Zumarragako Antio-La Antigua Interpretazio Zentroan elkartu da gaur Diputatuen Kontseilu ibiltaria

Zumarragako Antio-La Antigua Interpretazio Zentroan elkartu da gaur Diputatuen Kontseilu ibiltaria

Eider Mendoza diputatu nagusia Mikel Serrano alkatearekin batzartu da, herriko proiektu zein erronka nagusien inguruko ikuspegiak partekatu asmoz

Gipuzkoako Foru Aldundia

Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Zumarragan egin du gaurko bilkura ibiltaria. Eider Mendoza diputatu nagusia buru dutela, Antio-La Antigua Interpretazio Zentroan elkartu dira goizean foru diputatuak eta lurralde osora begirako hainbat neurri eta erabaki hartu dituzte bertan, asteartero legez.

 

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren hitzetan, “Aldundian ezarritako lankidetzazko gobernantza ereduaren esparruan, ahalegin berezia egiten ari gara lurraldeko udalerrien behar eta proposamenak gertutik ezagutzeko. Duela aste gutxi hasi genuen ekimen hau aberasgarria izan da lehen egunetik eta, gainera, foru gobernuaren jarduna herritarrengana gerturatzeko parada ere eskaintzen digu”, adierazi du.

 

Diputatuen Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Mikel Serrano alkateak lan-bilera egin dute eta bertan aztergai izan dituzte etorkizunera begira Zumarragako Udalak esku artean dituen egitasmo, behar eta erronka nagusiak. “Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera etorri gara Zumarragara, baita herritarrek izan dezaketen kezka eta ekarpenak jasotzera ere”, azaldu du. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osora zabalik lan egiten ari gara, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek erakusten digute zein aberasgarria den maila ezberdinetan martxan jarritako elkarlan egitasmoak”, gehitu du Mendozak. Bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartu du diputatu nagusiak, “gainontzeko erakundeekin lankidetza eta hartu-emana estutzen, hain zuzen ere”.

 

Bestalde, komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan Zumarragako alkate Mikel Serranok bisita eskertu dio diputatu nagusiari eta bat egin du ekimenarekin. “Benetan eskertzekoa da Diputatuen Kontseilu ibiltaria Zumarragako Antion elkartu izana”, esan du Serranok, balioan jarriz erakunde arteko elkarlana. Udal gobernuak herritarren beharrei erantzuteko duen konpromisoa berretsi du eta Mendozarekin izandako “lan-bilera emankorra” positibotzat jo du. “Gaur egun mahai gainean ditugun hainbat eta hainbat gai jorratu ditugu elkarrekin, hala nola Arcelorreko eremu industriala, GI 632 errepidearen boulebarizazioa eta Zumarragako Azoka”, besteak beste.

 

Zumarragara egindako bisita baliatuz, hurrengo bilkura ibiltaria uztailaren 23an izango dela iragarri du Eider Mendozak. “Gipuzkoaren barnealdeatik itsasertzera egingo dugu salto. Leintz-Gatzaga, Zestoa eta Zumarragan izan ondoren, hurrengo Gobernu Kontseiluan Deban elkartuko gara”, gehitu du. Kontseilu ibiltariaren ondoren, foru diputatuek Antio-La Antigua Interpretazio Zentroa bertatik bertara ezagutzeko parada izan dute, herriaren eta Antioko

baselizaren bilakaera historikoaren berri zehatza jasoz. Besteak beste, Ignaziotar Lurraldea eta eskualdean burdinak zein trenak izan duten garrantzian sakondu dute eta Urolako tren zaharraren bagoi baten erreplika bisitatu dute.

  

2611