Zumarragako egoitzako suteko kaltetuei babesa adierazi die Gipuzkoako Aldundiak
Zumarragako egoitzako suteko kaltetuei babesa adierazi die Gipuzkoako Aldundiak
Zentroko langileen eta suhiltzaileen esku hartzea nabarmendu dute Lasa foru bozeramaileak eta Peña diputatuak, ezer larriagoa ez gertatzea ekiditeagatik
Zumarragako Argixao egoitza bisitatu dute gaur eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu den Imanol Lasak eta Gizarte Politikako diputatu den Maite Peñak, gaur gauerdi aldera bertan jazo den sute txikia dela eta. Kaltetuei babesa adierazi diete foru arduradunek, txalotuz zentro soziosanitarioko langileen eta suhiltzaileen foru zerbitzuaren profesionaltasuna, beraien esku hartzeari esker ez baita ezer larriagorik gertatu.
Gizarte Politiketako diputatuak azaldu duenez, 00.30k aldera sute txiki bat sortu da Argixao egoitzako logeletako batetan. “Zorionez, ez da ezer larririk gertatu, sua ondo detektatu baitute alarmek eta langileek azkar erreakzionatu dutelako”, azaldu du Peñak. Gertakariaren ondorioz, sutea sortu den logela inguruko geletako bizilagunak hustu behar izan dira urgentziaz. “Guztira, 23 pertsonek euren logelak utzi behar izan dituzte eta hauetatik 18 ospitale ezberdinetara eraman dira, kea arnastu dutelako”, azaldu du. Hala ere, guztiek pronostiko arina zuten, eta egunean zehar alta jasotzen joan dira.
Lasak, bere aldetik, jakinarazi du Suhiltzaileen Foru Zerbitzuak abisua jaso duela 00:40ak aldera, esku hartzeko Zumarragako adinduen zentro soziosanitarioko bigarren pisuko logela batetan sortu den sute batetan. “Legazpi eta Ordiziako foru parkeetako bi suhiltzaile talde bertaratu dira, guztira bederatzi lagun. 3.00ak arte egon dira tokian lanean”, adierazi du foru bozeramaileak.
Azaldu duenez, lehen suhiltzaileak iritsi direnean, logela batetan aurkitu dute sua, eta bertako altzariei eragiten zion. Egoiliarra, hala ere, jadanik gelatik kanpo zegoen. Foru zerbitzuaren esku hartzea azkarrari esker, bertaratutako suhiltzaileek azkar batean kontrolatu eta itzali dute sua. “Hala ere, keak guztiz hartzen zuen eraikinaren zati hau, eta gainerako bizilagunak euren logeletan zeuden. Horregatik, sua itzali ostean egoiliarrak egoitzatik atera dituzte eta kea garbitzeaz arduratu dira”, zehaztu du foru bozeramaileak.
Zorionez, ez da ezer larririk gertatu, sua ondo detektatu baitute alarmek eta langileek azkar erreakzionatu dutelako
1530