Zuzenbidearen eta justiziaren ikuspegitik euskarak bizi dituen arazoak eta erronkak aztergai izango dituzte Uda Ikastaroetan
Zuzenbidearen eta justiziaren ikuspegitik euskarak bizi dituen arazoak eta erronkak aztergai izango dituzte Uda Ikastaroetan
Zuzenbidearen eta justiziaren ikuspegitik euskarak bizi dituen arazoak eta erronkak aztergai izango dituzte Uda Ikastaroetan
Datozen ostegun eta ostiralean Donostiako Miramar jauregian egingo diren jardunaldietan, egungo desafioei aurre egiteko tresnak aztertuko dituzte hainbat adituk; kontratazio publikoan eta enplegu publikoan euskarak bizi duen egoera jorratuko da, baita ere
Zuzenbidearen eta justiziaren ikuspegitik euskarak bizi dituen arazo eta erronka nagusiak aztergai izango dituzte hainbat legelari eta adituk datozen ostegun eta ostiralean, hilaren 20 eta 21ean, Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroetan. Azkenaldian, hautsa harrotu du administrazio publikoak lan deialdi publikoetan ezarritako hizkuntza eskaeren aurkako hainbat epaik eta, testuinguru horretan, legediaren eta kontratazio publikoaren alorretan euskal hizkuntzak dituen desafioei aurre egiteko balizko tresnak izango dituzte mintzagai.
Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan ofiziala den euskararen oinarri eta garapen juridikoa, bere egungo egoera eta etorkizuneko erronkak eta horiei aurre egiteko tresnak aztertzea izango du helburu nagusia ikastaroak. Espainiako Estatuko nahiz Europako beste lurralde eta herrialde batzuen egoerari ere erreparatuko zaio eta jurisprudentziak orain arte aplikatu duen euskararekiko diskriminazio positiboaren irizpidea eta bere eboluzioa ere landuko dira. Esan bezala, azken sententzia judizialen ondorioz, kontratazio eta enplegu publikoan euskarak bizi duen egoera jorratuko da, epai horiek ezartzen ari diren irizpideen aurrean jorratu daitezkeen aukerak aztertuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak Udako Ikastaroekin elkarlanean antolatutako ikastaro hau Gobernantzako foru diputatuak, Irune Berasaluzek, irekiko du, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranekin eta UPV/EHUko errektore Eva Ferreirarekin eta ikastaroaren bi zuzendarietako batekin batera, Ixusko Ordeñana Gezuraga EHUko irakaslearekin batera, alegia. Ondoren, Hizkuntza koofizialak, botereak eta herritarrak: oinarria eta garapena (Espainiar Konstituzioa, Gernikako Estatutua) hitzaldia eskainiko du Eva Pons Parerak, Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak; Euskararen normalizazio juridikoa 1978ko Konstituzioaz geroztik: inpaktua erakunde publikoetan eta herritarretan gaia jorratuko da gero, Iñigo Urrutia Libarona UPV/EHUko irakasle eta katedradunaren eskutik.
Arratsaldearen bigarren zatian, Euskararen egungo egoera funtzio publikoan gaia aztertuko du Iratxe Aizarna Aizarnak, Bizkaiko Foru Aldundiko letraduak, eta Hizkuntza eskubideen egungo egoera kontratazio publikoan izango du mintzagai Nekane Bolinaga Alcelaik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kontratazio Publikoa Koordinatzeko Zerbitzuburuak –ikastaroko zuzendaria da, Ordeñanarekin batera–, ondoren eguna mahai inguru batekin amaitzeko.
Ostiralean, berriz, Hizkuntzaren diskriminazio positiboaren bilakaera soziologikoa aztertuko du Xabier Barandiaranek, Deustoko Unibertsitateko irakasleak eta gero begirada Estatuko eta Europara begirada zabalduz: UNEDeko Xabier Arzoz Santistebanek Hizkuntza koofizialak dituzten Europako beste Estatu batzuen egoerari erreparatuko dio eta gauza
bera egingo dute Joan Ridao Martinek eta Carlos Alberto Amoedo Soutok katalanarekin eta galizierarekin, hurrenez hurren. Ostiraleko jardunaldia ere mahai inguru batekin amaituko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabalek gogoratu duenez, azken hilabeteotan hainbat epai “bidegabe” argitaratu dira, “herritarren hizkuntza eskubideak eta eskubide horiek bermatzeko euskal erakundeok beren enplegu publikoko politika diseinatzeko duen legezko autonomia zalantzan” jartzen dutenak. Egoera horrek, bere iritziz, eskubide horiek defendatzeko auzibide eta ekimen partekatuez gain, beharrezko egiten dute egungo testuinguru juridikoaren eta araubideen inguruko gogoeta egitea, hizkuntza eskubideen defentsan eta euskararen biziberritzean “aurrera egiteko balizko tresna eta aukera berriak” identifikatu ahal izateko eta gaur arte egindako esfortzuaz lortutako aurrerapausoak ez eteteko.
Mendizabalek nabarmendu duenez, baita ere, ikastaro honek aukera emango die Zuzenbideko ikasle eta adituei hizkuntza eskubideei nahiz euskararen normalizazioari eragiten dioten arau eta oinarri juridikoetan sakondu eta, gainera, alor honi dagokionean begirada nazioartera zabaltzeko.
840