Breadcrumb

Asset Publisher

Back Zuzendaritza organoetan emakumeen partaidetza indartzeko babesa eskaini dio Aldundiak Kaiku S. Coop-i

Zuzendaritza organoetan emakumeen partaidetza indartzeko babesa eskaini dio Aldundiak Kaiku S. Coop-i

Etorkizuna Eraikizeko Erantzunkide Sarearen baitan, abeltzain kooperatibak ekintza plan bat aktibatu du bere erabaki guneetan berdintasuna sustatzeko.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia Kaiku abeltzaintza kooperatibako ordezkariekin eta bazkideekin bildu da gaur goizean, emakumeek erabaki organoetan parte har dezaten sustatzeko ematen ari diren urratsak ezagutzeko. “Gizarte gisa konpondu gabe daukagun arazoetako bat da, eremu sozioekonomikoan berdintasuna sustatzea, bereziki emakumeek zuzendaritza kontseiluetan duten presentzia aktiboa”, adierazi du diputatu nagusiak eta, bide batez, Foru Aldundiaren konpromisoa berretsi du, bere kulturan, estrategian eta kudeaketa ereduan berdintasunerako urrats eraginkorrak ematen ari diren erakundeei irmotasunez laguntzeko.

Olanorekin batera, foru erakundearen ordezkari gisa, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak eta Berdintasuneko foru zuzendari Miren Elgarrestak hartu dute parte bileran. Kaiku S. Coop. kooperatibaren aldetik, bileran izan dira Valentín Novales eta Eneritz Uriarte, Zuzendaritza Kontseiluko presidentea eta lehendakariordea, hurrenez hurren; Iñigo Aranburu, kooperatibako zuzendaria; baita zaintza- eta baliabide-batzordeetako kide Alejandra Aras eta Ainhoa Labaka ere. Hiru emakume horiek azken hilabeteetan sartu dira abeltzaintza kooperatibako zuzendaritza organoetan, kontziliazio erantzunkidearekin konprometitutako enpresen Erantzunkide Sarearen laguntzarekin –Etorkizuna Eraikiz programatik sortutako ekimena–, erabaki mailetan emakumeen parte hartzea areagotzeko ekintzen esparruan.

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Genero Berdintasunaren Indizea 2020an argitaratu zen lehen aldiz Gipuzkoarako berezko neurketekin, eta 72,5 punturekin kokatzen du gure lurraldea arlo horretan, eta 100 da erabateko berdintasunari dagokion balioa. Zifra horren arabera, Gipuzkoa Europako batezbestekoaren gainetik dago, eta berdintasunari dagokionez, herrialde aurreratuenen atzetik: Finlandia (73,4), Frantzia (74,6), Danimarka (77,5) eta Suedia (83,5). Hala ere, gogorarazi du botere ekonomikoaren eremuan agertzen dela gehien genero desberdintasuna, eta atal horretan indizea 41,9 puntukoa dela.

Lehen sektorean ere bai

Olanok proposatu duenez, “Gure ekonomiaren eta enpresen lehiakortasunean sakontzeko, beharrezkoa da giza lehiakortasunean ere aurrera egitea. Horrek zera esan nahi du: berdintasuna eta kalitatea enpleguan; jasangarritasun soziala, ekonomikoa, ingurumenekoa eta belaunaldien artekoa; ezagutza eta talentu berria erakartzea; eta pertsona guztien garapenean oinarritutako enpresa proiektuak eraikitzea”. Halaber, emakumeen aukera berdintasuna enpresetan sustatzearen alde egin du, bidezkoa baita. Defendatu duenez, lehen sektoreko kooperatibek eta enpresek ere ekin behar diote, “proaktiboki”, erronka atzeraezin horri, emakumeen garapen pertsonala, soziala eta profesionala zigortzen duten antolaketa- eta lan-ereduak eta estereotipoak ezabatuz, besteak beste.

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna urriaren 15ean ospatzen da urtero, eta egun horren bezperan, diputatu nagusiak funtsezkotzat jo du nekazaritza kooperatibak bezalako entitateetan erabakiak hartzeko orduan emakumeek berdintasunez parte hartzea, ez bakarrik sektoreari egiten dioten ekarpena ikusarazteko, baizik eta, batez ere, “euren garapen pertsonala eta profesionala eragozten duten oztopoak kentzeko”.

Aldundiko ordezkariek aukera izan dute zuzenean ezagutzeko eta oso modu positiboan baloratzeko Kaiku S. Coop-ek 2020an hasitako ibilbidea, emakume bazkideek erabaki organoetan partaidetza handiagoa izan dezaten sustatzeko. Abeltzaintza kooperatiba Erantzunkide Sareko kidea da duela bi urtetik, eta herrialdearen erreferentea da lehen sektorean. Guztira, 434 bazkide ditu, eta horietatik % 42 gipuzkoarrak dira (184 baserritar guztira, 63 emakume eta 121 gizon).

Berdintasunarekin duen konpromisoaren esparruan, eta zuzendaritza organoetan emakumeen presentzia oso txikia dela abiapuntutzat hartuta, kooperatibak sentsibilizatzeko eta parte hartze txiki horren arrazoiak identifikatzeko barne prozesu bati ekin dio azken hilabeteetan. Ahalegin horri esker, emakumeek zuzendaritza organoetan duten presentzia nabarmen hobetu da. Hortik abiatuta, ekintza plan bat egin du, emakume bazkideek erabaki guneetan, batez ere Zuzendaritza Kontseiluaren barruan, parte har dezaten bultzatzeko. Horren barruan, hainbat ahalduntze-saio antolatu dira emakumeekin, beren hautagaitzak bultzatzeko, beren prozesuak berrikusi eta aldatu dira emakumeak organo horretan integratzea errazteko, eta, azkenik, emakumeek beren abeltzaintza eremuetako bileretan parte hartzea dinamizatu da.

Berdintasuna sustatzeko proiektuak bultzatzea

Gipuzkoako enpresetan talentua sustatzeko eta langileek parte hartzeko laguntzen urteko deialdiaren esparruan, aurten Ekonomia Sustapeneko foru departamentuak lehen aldiz dirulaguntzen lerro bat sartu du –224.630 eurokoa–, lan eremuetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko ekimenak bultzatzeko eta haien barruan kontziliazio erantzunkidea ahalbidetzeko. Horretarako, Erantzunkide Sarean ikasitakoa aplikatu da. Sare horretan, 16.767 pertsona enplegatzen dituzten 60 enpresa kontziliazio erantzunkideari eta berdintasunari buruzko ikaskuntzak eta praktikak trukatzen ari dira.

  

2517