Aurkezpena

Memoria

Lurraldeko topografia malkartsuak eta mendiak Kantauri itsasotik hain gertu egoteak sare hidrografikoaren formazioa baldintzatu dute. Hori horrela, 6 arro txiki garatu dira. Arro menditsuen ezaugarriak dituzte, ibilgu motzeko ibilbideekin, bailara ahokatuekin, ibaien behealdean izan ezik, eta malda handiekin bai arroetan eta baita ibilguetan ere.

Klimatologia da gure ibaiak baldintzatzen dituen beste faktore bat. Lurraldearen latitudeak eta berau Bizkaiko Golkoaren erdian kokatzeak plubiometria oso altua eragiten du (1.500 mm), tenperatura suabea (13º-ko batezbestekoa urtean) eta euriaren urte-sasoiaren araberako banaketa. Ondorioz, ibaien erregimena uholdezkoa da, ur altuen garai batekin neguan eta agorraldi gogorrarekin udako hilabeteetan.

Gipuzkoako ibaiek biztanleria-dentsitate altu baten isurketak jasotzen dituzte, eta baita paperaren, metalurgiaren, azalerako tratamenduaren eta abarren sektoreetako industrien isurketak ere. Agorraldian ematen diren emari txikiek egoera hori larritu egiten dute, diluzio-ahalmena txikiagoa baita kasu horietan. Hala ere, azken urteetan saneamendu-sarea garatu denez, industrien kutsaduraren aurkako neurriak hartu direnez eta gure ibaiek beren kabuz arazteko duten ahalmen handia dela-eta, uren kalitatearen hobekuntza nabarmen bat eman da.

Azkenik, gure arroetako kalitate ekologikoa erabat berreskuratzea eragozten duten beste zenbait faktore ere badaude. Baldintza hidrografikoak aldatzen dituzten ibai-bideratzeen hedapenak, ibarren okupazioak –ibaiertzetako landaredia deuseztatuz– eta hainbat oztopo eta aprobetxamenduk eragin zuzena dute tenperatura, algen gehiegizko garapena eta abar bezalako faktore garrantzitsuetan.