Ezagutu gure arrainak

Ibai amuarraina

Ibai amuarraina (Salmo trutta morpha fario L.)

Ibai amuarraina. Ur nahiko hotzak eta oxigenatuak behar ditu. 45 cm-ko luzera eta 1,5-2 kg-ko pisua izatera iritsi daiteke. Nagusiki ornogabeez eta arrainez elikatzen da. Kolore desberdinak izan ditzake, orban beltz eta ozelatuekin. Azaroa eta urtarrila bitartean ugaltzen da. Gipuzkoako arro guztietan dago, zati kutsatuenetan izan ezik.

Itsas amuarraina

Itsas amuarraina (Salmo trutta morpha trutta L.)

Amuarrainaren forma migratzailea. Gaztea denean ibaietan egoten da, eta ibai-amuarrainaren behar eta ohitura berak ditu. Ondoren, itsasora migratzen du, eta bertan ornogabeez eta arrainez elikatzen da, ondoren, ugaltzera, ibaira itzultzeko. Ibai-amuarrainaren tamaina eta pisua gainditu ditzake, itsas garaiaren arabera. Gaztetan ibai-amuarrainaren kolore bera du, eta itsasotik itzultzen denean zilar-kolorea izan ohi du. Azaroa eta urtarrila artean ugaltzen da. Gutxi daude Oiartzun, Urumea eta Oria ibaien arroetan, gehiago Bidasoaren arroan.

Izokina

Izokina (Salmo salar L.)

Espezie migratzailea da. Ibaian jaiotzen da, itsasora migratzen du eta ibaira itzultzen da ugaltzera, itsasoan urtebetetik hiru urtera bitartean egon daitekeen denbora-epe aldakor bat igaro ondoren. Pisu desberdina izan dezake, 1,5 kg-tik hasi eta 7 kg-ra iritsi arte, itsaso-adinaren arabera. Ibai-amuarrain gaztearen antzeko kolorea du, eta zilar-kolorekoa da itsasotik itzultzen denean. Uraren kalitatea erakusten duen espezie bat da, oso zorrotza baita. Bidasoa, Urumea eta Oria ibaien arroetan aurki ditzakegu. Gainerako arroetan zenbait indibiduo isolatu.

Amuarrain ortzadarra

Amuarrain ortzadarra (Oncorhynchus mykiss, Walbaum 1792)

Iparramerikako mendebaldeko kostaldeko berezko espeziea, Europara XIX. mende amaieran inportatu zena. Berde kolorekoa da, alboetan arrosa koloreko tonu bioletekin. 30 cm-tik 60 cm-ra bitarteko tamaina du. Urtarriletik apirilera bitartean ugaltzen da. Ez da hain zorrotza tenperaturari eta oxigenoari dagokionez, eta ibai amuarrainak baino hobeto jasaten du ibaiaren kutsadura. Ornogabeak eta arrain txikiak jaten ditu. Oria eta Urola ibaien zati kutsatuenetan sartu ziren, kirol-arrantzarako.

Mendi barboa

Mendi barboa (Barbas graellsii, Steindachner 1866)

40 cm-ko luzera izatera iristen da eta berde antzeko arre kolorea izan ohi du. Ornogabeez eta uretako landareez elikatzen da. Ibaiaren behealdean eta erdialdean bizi da eta kalitate ertaineko edo txikiko urak jasaten ditu. Portaera taldekoia du. Maiatza eta abuztua bitartean ugaltzen da, ibaien burualdean. Espezie endemikoa da Espainian, eta Oria, Urola eta Deba ibaien arroetan aurki dezakegu (Deba ibaian oso-oso urria da).

Iparraldeko loina txikia

Iparraldeko loina txikia (Chondrostoma miegii, Steindachner 1866)

20 cm-ko luzera izatera iritsi daiteke eta arre kolorekoa da. Ornogabeak eta uretako landareak jaten ditu. Ibaiaren erdialdean bizi ohi da, talde handiak eratuz. Apirila eta ekaina bitartean ugaltzen da. Endemikoa da Espainian eta Oria, Urola eta Deba ibaietan aurkitzen dugu. Duela gutxi gizakiak sartu du Bidasoan.

Ezkailua

Ezkailua (Phoxinus phoxinus, Linnaeus 1758)

14 cm-ko luzera gainditzen ez duen arrain txikia. Kolore desberdinak izan ditzake, zeharkako orban ilunekin. Uretan dauden ornogabeez elikatzen da eta ibaien burualdetik hasi eta behealdeko zonataraino aurki ditzakegu, talde handiak eratuz. Apirila eta ekaina bitartean ugaltzen da. Oso ugaria da Gipuzkoako arro guztietan.

Mazkar arantzagabea

Mazkar arantzagabea (Barbatula barbatula, Linnaeus 1758)

10 eta 13 cm arteko luzera du. Arre kolorea, orban irregularrekin. Ibaiaren hondoan edo azpian bizi da, eta bertan uretako ornogabeak jaten ditu. Apirila eta ekaina bitartean ugaltzen da. Gipuzkoako arro guztietan aurkitzen da.

Gobioa

Gobioa (Gobio gobio, Linnaeus 1758)

Ez da 13 cm baino gehiago izatera iristen. Bizkarralde iluna du, alboko orbanekin. Ibaiaren hondoan edo azpian bizi da eta uretako ornogabeak jaten ditu. Udan ugaltzen da, substratu garbiaren gainean. Bidasoan bakarrik dago, nahiz eta badirudien duela gutxi Oria ibaiaren behealdean ere azaldu dela.

Urre arraina

Urre arraina (Carassius auratus, Linnaeus 1758)

Asiako arrain apaingarria, gizakiak sartua. Ibaien erdialdean eta behealdean bizi da. Kalitate txarreko urak jasaten ditu eta dieta oso anitza du. Gipuzkoako arro guztietan topa dezakegu.

Perka amerikarra

Perka amerikarra (Micropterus salmoides, Lacèpede 1802)

Gizakiak sartu du. Habitat desberdinetara egokitzeko gaitasun handia du; harraparia eta oso suntsitzailea, oso arriskutsua da beste espezie autoktonoen biziraupenerako. Urkuluko urtegian aurkitzen da.

Korrokoia

Korrokoia (Chelon labrosus, Risso 1827)

Itsasoko arraina, 40-50 cm neurtzera iritsi daiteke. Elikatzeko ibaietan sartzen da, marearteko mugaraino, eta zenbait kilometro egin ditzake ibaian gorantz. Itsasoan ugaltzen da eta ur kutsatuak jasaten ditu. Gipuzkoako arro guztietako behealdean aurki daiteke.

Platuxa latza

Platuxa latza (Platicthys flesus, Linnaeus 1758)

Itsasoko arraina. Gaztetan marearteko mugara iristen da, eta berau gainditu dezake, elikatzeko helburuarekin. Itsasoan ugaltzen da. Arroetako behealdeetan bizi da.

Kolaka

Kolaka (Alosa alosa, Linnaeus 1758)

Espezie migratzailea, 4 kg pisatzera iritsi daiteke. Ibaietan sartzen da ugaltzeko helburuarekin, ur motelak eta nahiko sakonak dauden zonatan. Ondoren, hil egiten dira edo itsasora itzultzen dira. Bidasoan aurki dezakegu, eta Urumeako eta Oriako behealdeetan ere ikusi da. Urria da.

Aingira

Aingira (Anguilla anguilla, Linnaeus 1758)

Espezie migratzailea. Helduak itsasoan ugaltzen dira (ustez Sargazoen itsasoan), eta han zabaltzen diren arrautzak gure kostaldera iristen dira Golkoko korronteak bultzatuta, jadanik angula bilakatuta. Angula ibaian gora joaten da eta aingira bilakatzen da. Bertan ornogabeez eta arrainez elikatzen da, helduarora iritsi arte eta berriro itsasora ugaltzeko xedez migratu arte, Aingirak kalitate eskaseko urak jasaten ditu eta Gipuzkoako arro guztietan dago, nahiz eta azkeneko hamarraldietan gainbehera egin duen mundu osoan.

Arrain hiruarantza

Arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus, Linnaeus 1758)

5 eta 9 cm artekoa, fusiformea eta alboetatik konprimitua. Arrain honen ezaugarri nagusia da hiru arantzaz osatutako hegala duela bizkarrean. Uretako ornogabeak jaten ditu eta udan ugaltzen da. Plaiaundiko urmaelean bakarrik topatu da, Bidasoaren behealdean.