Ruta de navegación

Publicador de contenidos

Atrás “Aniztasunak aberastu egiten gaitu” lelopean abiatu da aurtengo Euspot lehiaketa

“Aniztasunak aberastu egiten gaitu” lelopean abiatu da aurtengo Euspot lehiaketa

Euspot lehiaketaren seigarren edizioan berdintasunaren eta integrazioaren aldeko spot onenak sarituko dira, beti ere euskarazko sormena bultzatuz

Aurkeztu da Euspot 2017ko edizioa. Publizitatea, sormena eta euskara uztartzen dituen Euskadiko erreferentziazko spot lehiaketaren seigarren edizioa martxan da. “Aniztasunak aberastu egiten gaitu” lelopean abiatu da aurtengo euskarazko spot lehiaketa eta aurkezpen ekitaldian izan dira ekimenaren sustatzaileak eta antolakuntza taldeko ordezkariak: Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizar, Aretxabaletako alkate Unai Elkoro, Mondragon Unibertsitateko ordezkari Goio Arana, Arizmendi Ikastolako komunikazio arduraduna Edurne Balzategi eta Artemaneko zuzendari Arantzazu Lagunilla.

 

Euspot lehiaketaren gai nagusia aintzat hartuta, berdintasunaren eta integrazioaren alde esparru ezberdinetan lanean diharduten askotariko elkarteetako ordezkariak gerturatu dira ikus-entzunezko sormen lehiaketari babesa eskaintzera. Besteak beste; AFAGI, Banaiz Bagara, EHGAM, Jatorkin, EMAUS, eta Chrysallis-eko -Asociación Familias de menores transexuales- eta Gureak taldeko ordezkariak batu dira.  

 

Musika ere ez da falta izan, Iker Laurobaren eskutik. Ikerrek Alzheimerra duten gaixoak eta haien familiak eta saharauiarrak izan ditu gogoan, berdintasunaren aldeko aldarrikapena eginez.

 

2016ko lehiaketa arrakastatsua izan zen. Guztira 35 lan aurkeztu ziren, Euskal Herri osoko autoreek eginak, eta aurkeztutako lanen artean, 16-18 urte bitarteko nerabe eta gazteek eginiko 13 lan jaso zituen epai-mahaiak. Gazteek Euspotekiko duten atxikimenduaren isla da, adibidez, 2016ko edizioan lau eguneko epean 2.000 bototik gora eman zirela sarean lan gustukoenak aukeratzeko. Asmoa da euskarazko sormena bultzatzea. Lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte.

 

Aurtengo berrikuntzak 

Aurtengo edizioa berrikuntza ugarirekin etorri da. Batetik, Euspotek webgune berria estreinatu du:  HYPERLINK "http://www.euspot.eus/" http://www.euspot.eus/. Bestetik, gazteen saria BHklip saria izatera pasa da. Hain justu ere, Debagoieneko Arizmendi Ikastolak, orain arte BHklip lehiaketaren antolatzaile nagusiak bat egin baitu lehiaketarekin.

 

Aurtengo gaia: “Aniztasunak aberastu egiten gaitu”

Aurten, Euspot lehiaketak aniztasunaren gaineko lanak jaso nahi ditu. Iragarkiak balioko du aniztasunaren alde edo edozein motatako diskriminazioaren aurka hausnartzeko eta sakontzeko. Betiere norbera errepikaezina eta desberdina izatea aniztasunarentzat aberasgarria dela ulertuz. Iragarkiak ondorengo ideia edo balioak transmititu beharko ditu:

Aukera berdintasuna

Aniztasuna

Diskriminazio eza

Elkarbizitza

Gizarte-kohesioa

Giza eskubideak

Elkarkidetasuna

 

Lanak aurkezteko epea

‘Aniztasunak aberastu egiten gaitu’ lelopean, parte-hartzaileek apirilaren 26ra bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Guztira, iazko bidetik jarraituz, Euspotek 2.250 euro banatuko ditu saritan, lau kategoria ezberdinetan. Aurten, sari banaketa ekitaldia maiatzaren 11n egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan.

 

Lau sari banatuko dira:

1.- Spotik onena. / 1.000 euro

2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro

3.- Publikoaren saria. / 500 euro

4.- BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro

 

Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefa eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko  dute lana aurkezterakoan. Informazio gehiago www.euspot.eus atarian lor daiteke. Imajinazioa martxan jarri eta ikus-entzunezko teknikak hobetzeko aukera paregabea da Euspot; aurten gainera, aniztasunaren gaiari hedapen handiagoa emateko balio izango du spot lehiaketak.

  

1591