80.000 euro, 64 establezimendu eta 8.700 bonu, kultura sustatzeko eta oparitzeko
80.000 euro, 64 establezimendu eta 8.700 bonu, kultura sustatzeko eta oparitzeko
Liburu dendetan literatura, musika eta zinea erosteko balioko dute; 2.700 euskarazko produktuetarako izango dira; eta 6.000, beste hizkuntza batzuetako produktuetarako.
Euskarazko produktuek 12 euroko hobaria izango dute gehienez eta gainerakoek 8 eurokoa. Abenduaren 2tik urtarrilaren 29ra bitartean erabili ahal izango dira bonu horiek.
Maria Jose Telleria Kulturako diputatua: «Kultura Bonuarekin, ahalik eta jende gehiena onuradun izatea nahi dugu, literatura, musika eta zinema erostera animatuz».
Aurten ere, Gabonei begira, Kultura Departamentuak kulturaren gozamena sustatu, saritu eta fidelizatu nahi du, eta eduki kulturalen sare komertzial eta banatzailea indartu, Gipuzkoako gizarte moderno eta kulturanitzari dagokion kultur produktuen eskaintza zabala eskaintzen duten liburu-denden gisa.
Lurralde osoko 64 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin herritarrek bonuak eros ditzaten. Atxikitako establezimenduek bereizgarri bat izango dute, bonua erosi nahi duten pertsonek erraz ezagutzeko modukoa, eta erosketa egin den establezimendu berean kontsumitu beharko da abenduaren 2tik aurrera.
Maria Jose Telleria Kulturako diputatuak adierazi du “eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten establezimenduei, kanpaina honetan konfiantza izan baitute berriro, urte osora zabaldu nahi dugun kulturaz gozatzeko irrika kutsakorra sortzen baitu. Ahalik eta pertsona gehienek bonuaz baliatzea eta tokiko eta Gipuzkoa osoko merkataritza bultzatzea nahi dugu”.
Guztira 8.700 kultura bonu jarriko dira salgai: 2.700 euskarazko kultur produktuetarako izango dira; eta 6.000, beste hizkuntzetako kultur produktuak erosteko. Horretarako, Kultura Departamentuak 80.000 euroko partida bideratu du.
Kultura bonuek bi modalitate izango dituzte:
Euskarazko kultura produktuen bonuaren hobaria, 12 euro artekoa, 20 eurotik gorako erosketak eginda.
Beste hizkuntza batzuetako kultura produktuen bonuaren hobaria, 8 euro artekoa, 20 eurotik gorako erosketa eginda.
Bonuarekin erosi ahal izango dira liburuak (testuliburuak, ikasketa liburuak eta profesionalenak izan ezik), bai eta ikus-entzunezko produktuak ere (edozein euskarritan).
Bonuak kanpaina honi atxikitako Gipuzkoako dendetan eros daitezke. Bonuak lurralde-orekaren eta establezimendu bakoitzaren neurrien arabera banatzen ari dira.
Zure liburu guztiak
CEGAL Confederación Española de Gremios y Asociaciones de Libreros erakundeak liburuak internet bidez saltzeko plataforma bat garatu du. Plataforma horrek liburu-denda txiki eta ertainak biltzen ditu, hartara banaketa-kanal horretarako sarbidea errazteko. Gipuzkoako liburu-saltzaileen gremioko presidente Adolfo Lopez Chocarrok adierazi duenez, «Gipuzkoako Liburu-denden Gremiotik sektoreak salmenta-formatu horiek eskuratzeko duen interesa jaso dugu. Bestela, nekez garatuko genituzke formatu horiek banaka».
Kultura Departamentua bat etorri da baliabide digitala eguneratzeko eta bertan egon beharrarekin, eta konpromisoa hartu du 2022an CEGALi eta todostuslibros.com plataformari atxikitzeko kostuen % 70 diruz laguntzeko. Era berean, Gipuzkoako liburu-dendak plataformara atxiki daitezen, prestakuntza- eta aholkularitza-programa bat diseinatu da, sare sozialetan dauden tokiko liburu-denda horien presentzia indartzen laguntzeko eta, horrela, salmentak sustatzeko.
1962