Frankismoaren biktimek jasoko dute aurtengo Gipuzkoaren Urrezko Domina
Frankismoaren biktimek jasoko dute aurtengo Gipuzkoaren Urrezko Domina
Abenduan izango da ekitaldi instituzionala, Imanol Lasak eta Denis Itxasok jakinarazi dutenez
Gobernu Kontseiluak onartu du espedientea hastea, Gipuzkoaren Urrezko Domina, Aldundiak lurraldearen izenean ematen duen izendapenik gorenena, frankismoaren biktima eta errepresaliatuei emateko. Abenduan izango da ekitaldi instituzionala, Imanol Lasa foru bozeramaileak eta Denis Itxaso Turismo, Kultura, Gazteria eta Kiroletako diputatuak aurreratutakoaren arabera. “Egia, justizia eta erreparazioa dira biktimei zor zaizkien eskubideak. Gure betebeharra, erakundeona, memoriaren transmisioa egitea da, betiere, printzipio horien baitan, helburu izanik berriro ez errepikatzea giza eskubideen urraketarik. 1936an hasitako gerrak eta ondorengo erregimenak urte luzeetan iraun zuen, eta biktima eta errepresaliatu ugari utzi zituen gure artean. Gure herrian pertsona horiek jasandako sufrimendua aintzat hartuta, erabaki dugu 2017ko Urrezko Domina horientzat izango dela, behar-beharrezko errekonozimendua delako ”, azaldu dute.
Argudioak esplikatzerakoan hauxe azpimarratu dute bi foru ordezkariek: “36ko belaunaldi hark egin zuen sakrifizioaren zordun gara gu. Gaur aldarrikatzen ditugun balioak gizon-emakume haiek aldeztu zituzten berdin-berdinak dira. Lau hamarkada luzeko amesgaiztoa jasan genuen, jazarpena, erbestea, heriotzak, kanporaketak… baina katea ez zen eten eta, horri esker, herri honek bizirik iraun zuen, eta zutik dirau orain. Memoria kolektiboan leku nabarmena daukate biktimen eta bere familien oroimenak, eta bizia askatasuna eta zilegitasun demokratikoa bezalako balioen alde bizia eman zutenen bizipenek, alegia”, nabarmendu dute.
Aurretik Domina jaso dutenen artean daude, besteak beste, Joxemiel Barandiaran, Andoni Egaña, Angel Olaran, Juan Antonio Urbeltz, Ramon Saizarbitoria, Mondragón mugimendu kooperatiboa, Mikel Laboa abeslaria, lehen ikastolak martxan jarri zituzten andereñoak, Euskaldunon Egunkaria, Gipuzkoako harrera familiak, edo 1940, 1950 eta 1960ko hamarkadetan Espainiako hainbat lekutatik gurera bizitzera etorri ziren langileak eta beraien familiak.
1770