Ene laztan gozo ederra... filologia azterketa

(Solo disponemos de este texto en euskera)

 

Egilea: Ander Ros Cubas

 

Testuak munta handia dauka, oro har, oraindik ere garai hartako euskal testuak oso urriak direlako. Heldu zaizkigun gehienak mikrotestuak dira, gehienetan esaldi solteren baten edo kopla txiki baten tamaina gainditzen ez dutenak. Ugarixeagoak diren ezkontza fedeak kenduta, ezker-eskuineko atzamarrez kontatzekoak dira euskara arkaikoaren muga gainditzen duten testuak, 1660az aurretikoak alegia (Lakarra 1997), batzuk gehiago muga 1630an jartzen badugu (Lakarra 2004).

Gauzak horrela, Oñatin agerturiko bi poesiak euskararen historia osoko (gutxieneko luzerako) hirugarren edo laugarren testu zaharrena dugu, 1416ko Matxin Zalbaren gutun elebidunaren eta 1425eko Pater noster txikiaren atzetik, 1509ko Uitziko ezkontza fedearen garai bertsukoa. Testu nafarren atzetik, zaharrena, beraz. Historia urri horretan, lehendabiziko testu lirikoa ere badugu, lirikotasun apalekoa izan arren. Nafarroako kondestablearen kanta jartzen da aurretikotzat, 1494an sortua izan baitaiteke, baina egiari zor, Moretek 1715ean transmitituriko koplatxo bat besterik ez da.

Bestalde, gizpuzkera zaharreko testuen artean urrienetakoa dugu. Bost testu inportante genituen aurretik: Tolosako 1557ko ezkontza fedea, Lazarragaren eskuizkribuan gorde diren María Estívaliz Sasiolakoaren poemak, Isastiren 1620ko errefrauak, 1622ko Azpeitiko gutuneria eta Bretainiako kanta, 1489-1491. urteetan gertaturiko pasadizo historiko baten berri ematen duena. Azken hau, 1491-1510 bitartean sor zitekeen (Otazu 1975) baina 1590an hildako Diego Vélez de Idiáquezek papereratutakoaren 1626ko kopia batean trasmititua zaigu.

Oñatin aurkitua seigarrena dugu, beraz. Tamainaz apalena, baina dataz goiztiarrena eta hizkuntzaz, zalantzarik gabe, arkaikoena. Gipuzkera arkaikoaren gabezia hori are nabariagoa da sartaldeko euskalkiari dagokionean, azpieuskaliki bereko Sasiolakoaren poemak eta bereizki 1622ko gutuneria baikenituen bakarrik. Hutsune horiek guztiak betetzen laguntzeko berebiziko garrantzia du, beraz, testu aurkitu berriak. Gipuzkera zaharrak ikerketa monografikoa merezi eta eskatzen du, orain ez dago aitzakiarik. Falta genuen akuilua izango ahal da testu berri hau!

Bestela ere, merezi duen inportantzia eman behar zaio Oñatin idoro den konposizio lirikoari, Lazarragarena eta Julen Arriolabengoak Ibarguen-Cachopinen kronikan aurkiturikoak alde batera utzita, ia hutsaren hurrengoa izan delako azken urte luzeotan azaleraturiko euskara arkaikoko testuen altxorra. Izan ere, mikrotestuak, testu inprimatu ezezagun edota galduak eta testu modernoagoak izan dira euskara zaharra hobeto ezagutzeko bidean zori onak eta batez ere ikerlarien etengabeko langintzak oparitu dizkigutenak.

Oraingo honetan, nabarmentzekoa izan da artxiboaren ekosistemak eman duen fruitua. Ikerlari lantsuen, artxibari nekaezinen, paleografo trebatuen eta filologo setatien elkarlanari esker testu zail bat argitaratu eta honi argia eman ahal izan zaiola esan daiteke.

Gure testuak, esan eta espero bezala, hizkuntza arkaikoaren zantzu nabariak ditu.

nola amora nençaçun

1. Aoristo zaharra, egin eta ezan laguntzaileen erabilera nahasiarekin: amora nençaçun, [sar] cequidan, jo nengui[a]n, ar neçanean. Aoristoa, hala ere, ez da sistematikoa, aurrekoen ondoan ninduçula, jaqui ninçan, eman çidan… irakur baititzakegu.

eman çidan

Erdialdeko dialektorako Isastiren lau errefrautan bakarrik aurkitzen genuen ezaugarria, horietako bitan aditz trinko batean: ceguienac ‘el que hizo’, nesan ‘dixe’. Nolanahi ere, Mendibururen eta XVIII. gizaldiko beste idazle batzuen obretan agertu cequion tankerakoak aurki ditzakegu oraindik.

barcaçio emango diqueçut

2. Geroaldi arkaikoa: diqueçut ‘emango dizut’. Bizkaiera zaharrean eta 1596ko RSetan batez ere testatua.

 

bequela

3. Bequela ‘bezala’ espero gabeko arkaismotzat hartu behar dugu Gipuzkoan. Nafarroan, Sakanatik Erronkarira han hemenka bekela, bekala formak testatzen dira, baina ez Gipuzkoan, are gutxiago sartaldean, Nafarroatik alderdi urrutienean.

çeure escuoz

4. Ene posesiboa baina neure, zeure Linschmann-Aresti legearen arabera: Ene laçtan goço ederra klitxetua; neure laztan velagay [sar?] çequidan aurrean, çeure escuoz naraçu, [j]uan çatan neure amorea, oy [d]aducat neure vioçean… ugarien ondoan.

 

5. Neurc ‘nihaurk, neuk’: Neurc nay e neban. Orokorra mendebaldeko testu zaharretan.

andicoz eta ebeticoz

6. -coz deklinabide marka: Andicoz eta ebeticoz. Sasiolakoak: Arimacoz eta gorpuzecoç eta Azpeitiko gutunetan: escribicecoç, orducoç. Markina-Durangaldean, aurreraxeago aipatuko dugun hortikoz-hemetikoz esapide paraleloan ere gordea dugu.

ori escuan ezpata

 

 

 

 

7. Erakuslea artikulu funtzioan: Ori escuan ezpata (neurri batean bizkaierako hori X-ori gogorarazten digun dislokazio bitxia eta guzti), Vioç onen erdian, velagay au, colpeau ar neçanean. Ezaugarri hau ere komuna dugu Mendebaldeko testu zaharretan

astele/en

 

8. Bokal bikoitza: asteleen, Sasiolakoaren astelen goicean eta Azpeitiko astelena laburtuaren aurrean. Orduko Azkoitiako toponimian erruz testatua: Olaaran, Hurraategi, Bidaarte.

 

Hapaxak ere ez dira falta:

orreyn sulez (culez?)

 

1. Sulez: orreyn sulez ninduçula. Adjektiboa behar du izan baina esanahi zehatzik ez dugu ezagutzen. Irakurketa iluna dugu, Lazarragaren balaz arazotsua gogorarazten diguna.

 

usatu eztet armas guiza erayten

2. Giza eraite: guiça erayten. Osagai ezagunak dituen aditz konposatu ezezaguna. Animaliak hiltzea adierazten duten aditzak izaten dira markatuak. Alde horretatik berezia egiten da.

3. Barko: barco negarretan ‘negar-malkotan’. Malko hitzaren aldaera bat, marko testatutik pauso bat harago doana. Heben vs hemen pare ezagunak erakusten digunaz gain, m/s alternantziaren adibide asko dugu orduko dokumentazioan: Umelos vs Ubillos, Mandiola vsBandiola edo açemila vs, açembila, açebila, kasurako.

ene barco / negarre / tan

Eta beste bi hapax kategoria galdu bide dutenak:

lecobidi guiçon gaztea

4. Lecobidi: lecobidi guiçon gaztea ‘gizon gaztea izan ezik’. Otxoa Arinek baice, baicen eta baicican besterik ez. Leloren kantan ageri zen hapaxa genuen, orain hapaxa izateari utzi dio eta hiztegi historikoan sarbidea eskatzen du. Bide batez, Mitxelenaren dei zuhurrari entzungor eginik, lotsarik gabe zabaldu den Lekobide pertsonaia fantastikoa behin betiko lurperatzeko balio beharko luke.

velagay

5. Velagay: Sasiolako María Estívalizek Butroeko belagai zorionean jaioa dakarkigu (Damarika dan galantaena / Belagai Butroekoa; / Belagaia diotza eta / zorionean jaioa). Izen propioa dela ondorioztatu da eta horrela OEHan sartu, lema propiorik eman gabe. Testu berrian, Neure laztan velagay audugu. Honek, Lazarragak dakartzan forma determinatuaren eta determinatugabearen kontrastearekin batera, epiteto edo sustantibo baten aurrean gaudela pentsarazten digu. Hapaxa genuke Lazarragarengan, ez izen propioa; orain hitza berretsia da eta hapax kategoria galdua.

Ezaugarri dialektal eta bereziak:

1.-ten usatu: eztet usatu guiça ereyten. ‘ez dut pertsonarik hil izan’.

re vioçean / barrena

2. -an + barruna: vioçean barruna ‘bihotzean barrena’.

 

 

olloa lumaz estari

3. estari zentzu partizipialarekin: olloa lumaz estari  ‘estalirik’.

 

 

amorez estari yçerdi

4. izerdi sustantiboa ez, baina Mendebaldeko euskaran ezezaguna zen zentzu gerundial partizipialarekin: amorez içerdi  ‘izerditan edo izerditurik’.

5. eroan: çeure escuoz naraçu ‘zeure eskuoz naroazu’. Daroagu Otxoa Arinen Doctrinan eta ahoz oraindik ere han hemen erabilia, Jose Luis Ugartek Legazpirako gaztigatzen digunez.

6. hebetikoz ‘hemendikoz’: andicoz eta ebeticoz ‘handik eta hemendik’, ekialdeko bizkaieran hortikoz-hemetikoz forman gordea. Emetic Azpeitiko gutunerian.

andicoz eta ebeticoz

7. zatan ‘zitzaidan’: [j]uan çatan neure amorea. Otxoa Arinen Doctrinan zitza(i)- adizkiak bakarrik. Eguneko Azpeiti-Azkoitiko zetan, zitan formen haritik, baina orainaldiko zat formaren irudira analogiaz berdindua antza.

neure pecatuaz confesatu

8. -z konfesatu: Neure vecatuas confesatu. Ez da ohikoa konfesatu aditzaren osagaia instrumentalean ikustea. Durduzagarria da, hala ere, nahiz eta irakurketa oso-oso iluna izan, egui[n] neba[n] segida, nintzan espero genuen lekuan.

9. bekala kausazkoa eta ez konparatiboa: confesatu ezin neban bequela, penetencia eman çidan.

vide nevan bequela

10. bide modala: vide nevan bequela.

 

 

11. Aditz trinkoak. Sasiolakoarenean eta Mendebaldeko testu zaharretan hain usu erabiltzen diren aditz trinko ugari baditugu honetan ere, baina Lazarragaren bitxikerien arrastorik ez: naraçu, [da]ducat, çoncan.

12. Faltan ematen direnetan, nabarmentzekoa da erregistro neutroaren erabilera esklusiboa. Ohikoa da orduko literaturan bai berorika bai hika erabiltzea, hemen ez alokutiborik, ez hikarik, ez berorikarik. Irakurketa ilunekoa bada ere, bigarren poesia erronka edo gogoragarri bezala ixten duen azken orduan irakurri ahal izan dugun emen niagon salbuespena litzateke.

vitarteco emen niagon

13.Bitarteko ‘bien bitartean’. Adnominal ez baina adberbio balioarekin: Vitarteco emen niagon.

Dialektologiaz den bezanbatean, lehendik ere bagenekizkien bi alderdi ondo berretsita gertatzen dira testu berriari esker. Batetik, azken 500 urteotan euskalkien arteko mugak areagotu egin direla eta bizkaiera eta erdialdeko dialektoaren arteko muga hain zorrotza ez zela. Bigarrenik, nabarmendu egin behar da erdialdeko dialektoaren barruan ordurako gipuzkerak nortasun propioa bazuela eta orobat honen barruan sartaldekoak sortaldekoaren aurrean.

Ene laztan gozo ederra-k lekukotzen dituen ezaugarri –orduan komun eta harrezkero aldentzen joan–en  artean hauek aipa daitezke: egin / ezan laguntzaileen sistema (denboragarrenean bizkaierak lehena eta erdialdeko hizkerek bigarrena lehenetsita trenkatuko dena. Otxoa Arinek oraindik sarri darabiltza egin flexioak), eroan ‘eraman’ aditza (goian esan bezala, Gipuzkoan zenbait hizkeratako ahozko erregistroan bakarrik gordeko dena), aoristoa (gipuzkeran laster desagertuko dena) edota ebetik ablatiboa.

Ene laztan gozo ederra penaz penaçen naçu

Ahozko literaturaren arloan ere, eta literaturaren historiarenean orohar, lagungarri zenbait eskaintzen du testuak. Ahoz aho ibiltzen ziren klitxeen erabilera (errepikapenak, ene laztan X ederra(k)) guztiz berretsita geratzen da beste behin ere. Oroz gain, nabarmentzekoa da aurkezten dugun testu berrian klitxe bat baino gehiago egitura oso bat denaren errepikapena: Goizean goiz jaiki nintzen (ninduzun) / / / … astean egun batean / astean egun batean eta ostiral (astelehen) goizean. Hemen eta Egun bereko alarguntsa balada ezagunean ageri zaigu. Balada hori, hainbat bertsiotan bildua dena, historikoki zehatz-mehatz kokatu zigun 1633ko Zuberoan Jean de Jaurgainek. Ustezko koherentzia osoz kontatzen da istorioa, historia Jaurgainez geroztik: Andere gazteak, egun batean goizean goiz esnatu eta egun berean alargunduta, –ahapaldi batzuk aurrerago– senar ohiaren gorpu gordea astean egun batean, ostirale goizean, zitroin urez garbitzen duela narratzen digu kantak. Orain, testu aurkitu berrian osagai ezberdinak trakets eta batere koherentziarik gabe erabiliak izan arren, badakigu egitura klitxetu baten aurrean gaudela. Historiatik zerbait izan dezakeela Egun bereko alarguntsarenak, baina asko tradiziozko istorio hutsetik ere. Bat dator hau, gainera, balada hori  Europan barrena zabalduriko eredu ezagun bati lotua izatea.

Are liluragarriagoa da, alabaina, Oñatiko poesia azkoitiarrek Sasiolako debatarraren Itai lelo ibai lelo kantarekin duten antzekotasuna (edo Itai lelo ibai lelo eta Oereanic jagui ninçan kantetan, kanta bereizten baditugu, Monumenta proiektuko B32 eta B33, hurrenez hurren). Poesia honen hasiera transkribitzen dugu hemen, beltzixkaz nabarmenduta testu biek partzuer dituzten zatiak:

Echean aray leloa

damarica dan galantaena

Belagai Butroecoa

Belagaya dioçae ta

çorionean jajoa.

Oreanic jagui ninzan

astelen goicea

escuetan busti eta

calera nirteanean

ene lastan zuri ederra