#botaba, euskal esamoldeekin jolasteko lehiaketa
Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntzarekin jolasteko lehiaketa da #botaba. Azaroaren 4tik 25era aurkeztu ahal izango dira bideoak Instagramen eta bi sari banatuko dituzte.
- 470
Euskarazko esamoldeak landu eta hizkuntzarekin jolasean aritzeko lehiaketa da #botaba. Esamoldeak hartu, horien inguruko bideo dibertigarriak grabatu eta Instagramen #botaba traolara igotzean datza lehiaketa eta azaroaren 4tik 25era igo ahal izango dituzte lehiakideek proposamenak. Aurtengo edizioa hirugarrena izango da.
Labayru fundazioak antolatzen du lehiaketa eta 16 urtetik gorako herritarrek hartu ahal izango dute parte. Botaba.eus orrian hainbat esamolde aurkeztu dituzte eta esamolde horien edo besteren baten inguruko bideoak grabatu eta igo ahal izango dituzte lehiakideek. Nahi adina bideo igo daitezke eta bakarka nahiz taldeka har daiteke parte. Dena den, kontuan izan beharrekoa da partaideek ez dutela hirugarrenen jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideak urratzen dituzten materialik erabiltzen duen bideorik igotzerik izango.
Bi sari banatuko dituzte lehiaketa honetan. Lehenengoa lau lagunentzako Interrail txartelak izango dira, hilabetez Europan zehar bidaiatzeko. Bigarren saria esamolde originalarena izango da eta lau lagunentzako abentura-esperientzia bat banatuko dute.
Epaimahaia arlo ezberdinetako profesionalek osatuko dute: Labayru fundazioko eta Sorland komunikazio-agentziako ordezko bana. Irabazleak lehiaketa amaitzean iragarriko dira botaba.eus webgunean eta sare sozialetan.