Udaletan hizkuntza lidergoa eta eredugarritasuna lantzeko ikastaroan parte harte dute Gipuzkoako 20 hautetsik
Hautetsien Foroaren baitan jaso dute formazio saioa eta hizkuntza lidergortza eraldatzailea eta kudeaketarako eredugarritasuna landu dituzte. Gipuzkoako hautetsiei zegoen zuzendua saioa eta etorkizunera begirako gakoetan sakondu dute.
- 192
Gipuzkoako 20 hautetsi bildu dira hizkuntzaren gaia landu eta etorkizunera begirako hainbat gakoren inguruan hausnartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikizen gunean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren hizkuntza politika ezagutzearekin batera, etorkizunera begirako gakoak aztertu dituzte eta, azkenik, "Lidergo eraldatzailea: hizkuntza kudeaketarako eredugarritasuna eta lidergoa lantzea" formazio saioa jaso dute, Udal<>Ekin programako Hautetsien Foroaren baitan. Saioa Gipuzkoako hautetsiei egon da zuzendua.
Saio horretan GFAko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek erakundearen hizkuntza politika azaldu du eta adierazi du euskara nola dagoen ardaztuta euskara lehentasunez erabiltzeko helburuarekin. Segidan, GFAko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuburu Iñaki Arrutik euskararen sustapenean dauden erronkei erantzuteko zuzendaritzak dituen egitura eta lan ildoak aurketu ditu.
Formazio saioan eduki teorikoak azaltzeaz gain, hautetsiek egunerokoan hizkuntzaren aldetik dituzten zailtasunak adierazi dituzte eta horren inguruan egin dute lanketa. Zailtasun batzuk pertsonalak dira eta beste batzuk egiturazkoak: erakunde arteko harremanetan erakunde batzuek gaztelaniaz egitea, hainbat lankidek gaztelaniaz egitea, euskaraz ez dakiten herritarrak ere bileretan egotea, azpikontratatutako enpresekin sortzen diren egoerak, zinegotziek gaztelaniaz aritzeko egiten dituzten eskaerak...
Arrazoiak asko dira eta horiek kontuan hartuta, eskuragarri dituzten heldulekuak ere bistaratu dituzt: diskurtsoa errealitateari lotuta egotea, norberaren portaera eta diskurtsoa koherenteak izatea, planetan zehaztutazkoaz harago pertsonen aldaketak eragiteko gaitasuna izatea, motibazioa lantzea, egingarriak diren esfortzuak eskatzea, lidergo instituzionala lantzea...
Hautetsien Foroa Udal<>Ekin programaren baitan kokatzen da eta estrategikoa da hizkuntzaren gaia udalen esparruan arlo instituzionaletik eta lidergotzatik lantzeko. Lerro estrategiko horren baitan, urtean zehar hainbat lanketa egiten dira udaletako hautetsiekin.