Jendaurrean.eus gida aurkeztu du Soziolinguistika Klusterrak, Aldundiaren laguntzarekin

Mota guztietako erakundeek beren komunikazioetan euskara gehiago nola erabil dezaketen laguntzeko gida da Jendaurrean.eus. Izenburu bereko webgunean informazio guztia dago jasota: zer egin, nola, zein tresna erabili...

Foto de 
 Jendaurrean.eus gida aurkeztu du Soziolinguistika Klusterrak, Aldundiaren laguntzarekin

Jendaurrean.eus gida aurkeztu dute Soziolinguistika Klusterrak, Elhuyarrek eta EMUNek, proiektuan parte hartu duten hainbat eragilerekin batera. Gida horretan erakundeek komunikatzeko euskara gehiago nola txerta dezaketen jasotzen da eta erakunde bakoitzak bere neurrira erabakitako aurrerapausoak ematen laguntzeko bokazioa dauka. Izaera erabat ezberdina daukaten hainbat eragilerekin bederatzi urteetan zehar izandako esperientzietatik sortu da gida eta erakunde horien balorazioa oso positiboa izan da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren babesa izan dute gidak eta baita proiektuak berak ere.

Aplikazio praktikoari begira diseinatu dute webgunea eta garrantzia eman diote erakunde bakoitzeko beharretara egokitzeko moldagarria izateari. Erakundeek komunikazioaren alorrean (sare sozialak, batzarrak, hizkuntza bakoitzari eskaini beharreko tokia...) dituzten beharrak desberdinak izaten dira eta funtsezkoa da behar horiei erantzun berezituak ematea, bati balio dionak ez baitio derrigorrez besteari balio behar. Hala ere, ideia bat argi dago: hizkuntzak langai dira bere horretan eta kudeatzen ez badira, inertziak hizkuntza hegemonikoetarantz eramaten du.

Hori dela eta, jendaurrean.eus webgunean jasotako gidak erakundeentzat baliagarriak eta errazak diren tresnak eskaini nahi ditu. Erakundeen komunikazioan euskararen alde zer, non eta nola egin daitekeen argitzeko atalak daude eta horiekin batera, esaterako, check-listak ere badaude diskurtso maila lurreratzen laguntzeko tresna gisa. Gainera, gidaren helburua ahalik eta erakunde gehienentzat erabilgarria izatea denez, gida bera irekia eta doakoa da eta garrantzitsua da bertan jasotakoak ahalik eta gehien zabaltzea eta ahalik eta gehienek eduki horien berri izatea.

Jendaurrean Erabili. Jendaurrean.eus gida Jendaurrean Erabili proiektuak emandako fruitu bat izan da, berez, erakundeen eta komunikazioaren gaia Jendaurrean Erabili proiektuan hasi baitziren lantzen. Proiektu hori kezka batetik abiatu zen, jendaurreko komunikazioan euskara gehiago, hobeto edo eraginkorrago erabiltzeko beharretik. Hala, proiektua 2015ean jarri zen martxan eta praktika komunitatearen inguruan antolatu zen, hau da, erakunde publiko, pribatu, sozial eta bestelakoek beren esperientziak partekatu eta elkarrengandik ikastea izan zen ardatza.