Arnasguneen sozializazioa, baita antzerki formatuan ere
Arnasguneak erdigunean jarri eta gaiaren inguruan sentsibilizatzeko beka deialdi bat egin dute UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Beka horren bidez, arnasguneak eta euskara landuko dituen antzerki bat sortzea eta horren zabalkundea egitea da asmoa
- 354
Arnasguneen garrantzia azpimarratu eta gaia sozializatu ahal izateko, beka deialdi bat egin dute UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, Arnasa Gara kanpainaren testuinguruan. Beka horrekin arnasguneak erdigunean kokatu eta berariazko sentsibilizazio lanketa bat egin nahi dute eta, horretarako, jendearentzat erakargarria den formatu batean landuko dute gaia: antzerki formatuan. Izan ere, beka horren bidez, arnasguneen inguruko antzezlan bat sortu eta zabaltzeko aukera da eskaini dutena.
Edozein antzerki taldek izango du deialdira aurkezteko aukera eta antzezlanaren gaia arnasguneak eta hizkuntza izango dira. Proposamenak aurkezteko epea 2021eko azaroaren 15ean amaituko da eta epaimahaiaren erabakia abenduaren 3an egingo da publiko. Hala, proposamen irabazleak 23.000 euro jasoko ditu eta apirilaren amaierarako aurkeztu beharko dio oinarrizko gidoia epaimahaiari. Era berean, talde irabazleak Azpeitiko Dinamos sormen gunea erabiltzeko aukera ere izango du eta beren antzezlana han sortu eta garatu ahal izango dute.
Hamar emanaldi, gutxienez. Behin antzezlana 2022ko azaroan Azpeitiko Euskal Topaketetan aurkeztu ondoren, antolatzaileek gutxienez beste hamar emanaldi lotzeko konpromisoa hartuko dute, taldearen katxea kontuan hartuta eta herri txikietara moldatuta. Izan ere, oinarrietan zehazten da antzezlanak herri txikietako azpiegituretara moldatzeko modua izan behar dutela, herri txiki asko baitira arnasguneak eta, hain zuzen, oso interesgarria da arnasgune horietan arnasguneen inguruko antzerkiak eskaini ahal izatea.