Emakume baserritarra omendu du Bera Bera Eskubaloiak
“Gure nortasuna, gure indarra” leloa aukeratu du aurtengo denboraldirako emakumeen eskubaloi ligako goreneko SUPER AMARA Bera Bera talde donostiarrak.
Emakume baserritarrari omenaldia egin nahi izan dio SUPER AMARA Bera Berak Herri Kiroletako modalitateak hizpide. Horretarako 17 jokalariak herri kiroletan murgilduta ageri dira Aiako Andatza auzoan egindako argazkietan, horien artean, azpimarratzekoak dira June Loidi segarekin, Mariane Fernandes brasildarra eta Eli Cesáreo kataluniarra harriak altxatzen, Boada ingudearekin, Etxeberria eta Cavo argentinarra aizkorarekin, Menéndez idi-parea dominatzen, Polonio harri-zulatzaile gisa, Silva brasildarra lastoak altxatzen, Hernández harriari tiraka…
SUPER AMARA Bera Berak gertuenari garrantzia eman nahi izan dio, bertako produktuak sustatze aldera. Miramar Jauregian egindako aurkezpenean Bera Bera RTko presidente Fernando Diez Mintegik “belaunaldiz belaunaldik gure baserrietan baloreen transmisioa” azpimarratu zuen, “batez ere emakume baserritarrek beregain hartzen zutena”. Era berean, “Bera Beraren nortasuna” deskribatu zuen, “umila, handikeriarik gabe, esfortzua, errespetuan, lan-taldeak eta elkartasunean oinarrituta”. “Nortasun horrek indarra ematen digu –jarraitu zuen presidenteak-. Isiltasuna da gure ezaugarria baina batez ere konstantzia, proiektua sendotzen jarraitzen dugu eta erronka berriak eta interesgarriak ate joka ditugu”, Europa eta Koparen antolaketa, alegia.
Etxeko partidetan ‘Gure nortasuna, gure indarra’ kanpainarekin girotzen dute Josean Gasca jardunaldiz jardunaldi. Hau da, jokalariak bere irudiarekin ageri dira kiroldegiaren sarreran eta pistan 18 metroko luzera dituen bi lonek fondoak aipatzen dute, batean, jokalari guztien irudiak bat eginda eta bestean, plantilla osoa sokatiran.