«CAF-en lanik handiena ematen diguna sortze hizkuntza da»
Hamalau urtean CAFen muntatze, logistika eta maniobra lanetan aritu eta gero, martxoaz geroztik CAFeko Euskara arduradun ari da Bianditz Iraola Azantza (Zaldibia, 1978). Euskaraldiaren harira egingo dituzten ariketez, dituzten egitasmoez eta lantokian duten errealitateaz hitz egin du.
CAF bezalako lantegi handi batek zertaraino funtzionatzen du euskaraz?
Neurketa batzuk eginda badaude, baina beti ez dira neurketa berdinak egiten, eta ez dauzkagu eskura ezagutzari eta erabilerari buruzko datu zehatzak. Komunikazioa nahiko ondo dagoela esango nuke, kanpokoa hobeto barrukoa baino. Barrukoan badu zer hobetua oraindik! Lanik handiena ematen diguna sortze hizkuntza da, gure etxe handi hau ez baita euskara eta gaztelera bakarrik, ingelesez ere funtzionatzen du, frantsesez, alemanez… hizkuntza askotan. Gure euskara jarduna Beasaingo eta Irungo lantegietara mugatzen da, CAFek filial asko baitu, baina gurea bi horietara mugatzen da.
Sortze hizkuntza aipatu duzu…
Lan handia dago egiteko dokumentazio sorreran, aurten aritu gara bilerak-eta neurtzen. Hor daude Kaizen bilerak [izen japoniarra da, eta etengabeko hobekuntza esan nahi du], eguneroko lanaren balorazioa egiten duten bilerak, nolabait esateko. Bilera horiek neurtzen ari gara, eta irakurketa inportante bat egin dugu. Gehienbat sortze hizkuntzarekin gabiltza. Antzeman duguna da arduradunetakoren batek halamoduzko euskara gaitasuna baldin badauka, eta nahiz eta bere langile talde euskalduna izan, asko baldintzatzen duela. Dokumentazio orokorra euskarara itzultzen da, baina sortu ez, eta hor ohitura batzuk sortzen dira, euskaraz jakin arren erdarara jotzeko ohitura. Eta horretan ari gara lanean, arduradunen artean motibazioa lantzen. Fronte asko ukitzen dituen gaia da.
Errotulazio aldetik zein da egoera?
Oso ondo. Hor lan handia egin zen orain urte batzuk, karteldegi guztia berritu zen…
Zer dago, euskara lehenetsita?
CAFeko irizpidea da dena elebitan, eta euskara lehenetsita. Lekuaren araberakoa ere bada, baina beti euskara aurrena, eta kasu batzuetan nabarmenduta. Kartelak ematen duen informazioaren arabera, ingelesa ere jartzen da kanpotik datozen kamioilariek-eta uler dezaten.