Konpromisoa, pertsonak ulertzea, eta komunikazioa gako dira Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzailearen ustez taldeen gidaritzarako. Kirolari lotutako jarduera beste esparru askorekin alderatu ohi da. Besteak beste, kirol taldeen kudeaketak badu antzekotasuna enpresa bat kudeatzearekin. Partekatzen duten hori abiapuntu hartuta, Gaizka Garitano Eibar Kirol Elkarteko entrenatzaileak Taldeen gidaritza: arrakastarako gakoak solasaldian parte hartu berri du Bilbon Ekonomistak Euskal Ekonomisten Elkargoko Euskara Batzordeak antolatuta, eta Joseba Barandiaran elkargoko presidenteordeak gidatutakoa.
"Goizero jende askoren aurrean hitz egin behar dut. Nola izango ez da, bada, garrantzitsua, zer esaten dudan, nola esaten dudan, edo nola nagoen ni. Azken horren arabera ere jokatuko dute", nabarmendu du Garitanok. Gainera, komunikazioa berezko gaitasun izan badaiteke ere, ikasi beharreko zerbait dela uste du, taldea aurrera eramateko.
Horrekin batera, komunikatzeko forma bera ere aldatu egin dela dio Eibarreko entrenatzaileak: "irudiak jarri behar dituzu. Gaur egun ez daude prest sekulako txapa jasotzeko. Deskonektatu egiten dute. Beste aro baten gaude. Informazioa nola zuzentzen dugun aldatu behar dugu".
Horrekin batera, teknologiei esker, sekulako aurrerapausoa eman da datuen analisian. "Programa desberdinak erabiltzen ditugu partiden, taldeen, jokalarien ezaugarriak ikusteko. 250 orriko txostenak izaten ditugu, agian. Baina 250 orri horiek talde guztiek ditugu. Garrantzitsuena hortik da ikustea zer hartu eta zer deuseztatu behar duzun", esan du Garitanok. Hori da, beretzat, datuen benetako balioa.