Generoa, identitatea eta estereotipoak zientziaren eta teknologiaren komunikazioan

Otsailaren 9an, Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldien barruan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak Generoa eta Zientziaren Komunikazioa izeneko jardunaldia egin zuen. Orain arte, efemeride hori ospatzeko, bideoak zabaldu ditugu. Horien bidez, arreta erakarri nahi izan dugu, eta nesken eta mutilen arteko desberdintasunei buruz kontzientziatu, zenbait ikasketa zientifiko-teknologikotan sartzeko eta gizonek eta emakumeek karrera zientifikoan aurrera egiteko.

Aurreko sei urteotan zabaldutako sei bideoen ondoren, jauzi bat egitea erabaki dugu, eta desberdintasun horiei eraginkortasunez aurre egiten lagunduko duten ekintzak gauzatzeko modua bilatzea. Hori izan da, hain zuzen ere, jardunaldiaren helburua: datuak ematea, egoera baloratzea eta komunikazio zientifikoaren arloan konponbideak proposatzea. Neska-mutilengan zientziarekiko, matematikarekiko eta teknologiarekiko hainbat joera, jarrera eta gaitasun marrazten dituzten estereotipoen jatorria estereotipook komunitate zientifikoan sortzen eta hedabideen bidez gizarteari helarazten zaizkion moduan datza.

Hedabideek eta komunikazioak berak jendartean indarrean dauden genero eskemak egonkortu ditzakete edo aldaketa piztu dezakete. Aldaketak errealitatearekin bat ez datozen estereotipo eta rol finkatuak alde batera uztea eskatzen du, eta ezagutza eta informazioa komunikatzea, halako eran, non transmisioa koherentea izango baita gizonek eta emakumeek zientziarekin eta teknologiarekin duten harremanean –ikasle edo profesional gisa– duten funtsezko berdintasunaren ideiarekin. Horregatik pentsatu dugu merezi zuela hori guztia aztertzea eta ondorio praktikoak ateratzen saiatzea. Hausnarketa eta salaketa binomiotik beste binomio batera igaro nahi izan dugu: gogoeta eta ekintzara, hain zuzen ere.

Informazio gehiago:
https://zientziakaiera.eus/2023/02/11/generoa-identitatea-eta-estereotipoak-zientziaren-eta-teknologiaren-komunikazioan/