Ir al menú principal Ir al contenido principal

Ika Mizka

Ika Mizka: eta hik, nola bizi dunk euskara?

Gazteen artean hitz egiteko dinamika bat da Ika Mizka, euskarari buruz dituzten bizipenak aztertzeko eta plazaratzeko modu bat, 2011n hasitakoa Gipuzkoako Foru Aldundiak, besteak beste, Gaztezulo aldizkariaren lankidetzaz.

Hainbat alorretako aurpegi ezagunak eta gazteak biltzen dira mahaiaren bueltan, euskaraz eta euskara bizitzeko moduez hitz egin eta eztabaidatzeko. Euskaldunok gure hizkuntzari arnas emateko ahaleginean (edo ez) bizi ditugun gorabeherak mahaigaineratu eta jende gehiagorekin konpartitzeko aukera izango da: pozak, oztopoak, aurrerapausoak, aurpegi txarrak, aldaketak, anektodak...

Urterik urte landu diren edukiak ikus ditzakezu atal honetan.

2017 - 2018

Ika Mizka zirkuitua

Aurten egin den Ika Mizka edizioa, ekimenaren seigarren aldia izan da eta, ohi bezala, EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleek eta hainbat pertsona ezagunek hartu dute parte. Ika Mizkak gazteak euskarara hurbiltzea du xede eta, horretarako, hainbat pertsona ezagunen laguntza izaten dute. Pertsona ezagun horien erreferentzialtasuna eta lidergoa baliatuz, gazteek euskararen inguruan hausnartu eta beren iritziak partekatzen dituzte. Eta hik, nola bizi dunk euskara?

Euskararekin lotutako hainbat gai lantzen dituzte mahai inguru horietan eta parte hartzaileek beren bizipenak eta emozioak partekatzen dituzte gainontzekoekin. Helburua denek elkarrekin euskararen inguruko hausnarketa egitea eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua bultzatzea izaten da. Izan ere, gazteen artean ezagutza maila altua da, oro har, baina erabilerari begiratzen badiogu, kopuruak behera egiten du. Horrenbestez, erabilera datuek gora egiteak duen garrantziaz eta norberak hizkuntzaren inguruan hartzen dituen jarrera eta konpromisoen inguruan aritu dira. Azken finean, sentsibilizazio prozesu kolektibo bat da eta gaiaren inguruko ikuspuntu desberdin guztiak hartzen dira aintzat.

Aurtengo edizioan ere hiru saio egin dituzte: apirilaren 13an, Deustuko Unibertsitateko campusean; apirilaren 25ean, UPV/EHUko Ingeniaritza eskolakoekin egin da saia; eta, maiatzaren 7an Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko fakultatean, Eskoriatzan. 

 

2016 - 2017

Ika Mizka zirkuitua

Ikasturte honetakoa bosgarren Ika Mizka da eta, ohi bezala, EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak hartu dute parte. Ekimen honen bitartez gazteak euskarara hurbiltzea da helburua eta, horretarako, hainbat gazte eta zenbait pertsona ezagun biltzen dira mahai baten inguruan, euskararen inguruan hausnartu eta beren iritziak partekatzeko. Eta hik, nola bizi dunk euskara?

Mahai inguru horietan gai ezberdinak jorratzen dituzte, beti ere, euskara ardatz hartuta. Hala, bertaratutakoek euskararen inguruan izan dituzten emozioak, zailtasunak, pozak... partekatzen dituzte. Azken batean, denen bizipenak partekatu eta denek elkarrekin euskararen inguruko hausnarketa egitea eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua bultzatzea da xedea. Sentsibilizazio prozesu kolektibo bat da. 

Ikasturte honetako edizioan euskararen, teknologia berrien eta anglizismoen erabilera landuko dute nagusiki. Gai horiek erabat txertatuta daude gure gizartean, gazteen artean batez ere, eta euskarak izan beharko lukeen presentzia aztertu dute.Eztabaida horietan, beraz, globalizazioak hizkuntzarengan izan ditzakeen eraginak, abantailak, desabantailak... aztertuko dituzte.

Ohi bezala, aurtengo edizioan ere hiru saio egin dituzte: otsailaren 16an, MUko Ingeniaritza eskolako ikasleekin elkartu dira Hernanin; martxoren 9an EHUko ikasleak bildu dira Donostiako Informatika fakultatean; eta, martxoaren 22an, Donostiako Deustuko campusean elkartu dira Deustuko Lehen Hezkuntza eta Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzietako ikasleak.

 

                DU - Kirola eta Hezkuntza                                    EHU - Informatika                                        MU - Ingeniaritza

2015 - 2016

Ika Mizka zirkuitua

Laugarren urtez Ika Mizka ekimena egin dute EHUn, Mondragon Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean. Eta hik, nola bizi dunk euskara? egitasmoaren helburuari jarraiki, gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea da xedea, horretara bideratutako mahai inguru eta eztabaida guneen bitartez.

Ika Mizka proiektuaren baitan esparru ezberdinetan diharduten hainbat pertsona ezagun unibertsitateetan ikasten ari diren zenbait gazterekin biltzen dira eta euskararen inguruan eztabaidatzen dute. Elkarrizketa horietan euskarari eta euskaraz bizitzeari buruzko iritziak partekatzen dituzte eta dituzten bizipenen inguruan ere jarduten dute. Horren guztiaren xedea, gazteak euskarara hurbiltzea da, hizkuntzaren inguruan sentsibilizatzeko eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua sustatzeko. 

Aurten, berritasun modura, parte hartzaileei zenbait orri banatuko zaizkie eta orri horietan hainbat emotikono izango dituzte. Emotikono horiek emozio ezberdinak irudikatuko dituzte: poza, tristura, haserrea, barrea... Hala, horiek inspiratuta, partaide bakoitzak emotikonoaren ondoan zertxobait idazteko aukera izango du eta, ondoren, bere hausnarketak mahaikideekin partekatzekoa. 

Aurtengo edizioan, hiru saio egin dituzte: abenduaren 3an, Donostian, Deustuko Unibertsitatean; abenduaren 16an, Donostian, EHUko Filosofia eta Hezkuntza ikastegian; eta, urtarrilaren 27an, HUHEZIn, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko komunikazio fakultatean.

 

                                   EHU - Donostia                                                DU - Donostia                                            HUHEZI - Aretxabaleta

 

2014

Ika Mizka zirkuitua

Hirugarren urtez gauzatu da Ika Mizka ekimena. Eta hik, nola bizi dunk euskara? egitasmoaren helburua da, gazteak gure hizkuntza erabiltzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzea.

Hiru unibertsitatek bat egin dute aurten Ika Mizka egitasmoarekin. 2013an, UPV/EHU eta Mondragon Unibertsitatea jardun ziren lankidetzan, eta, 2014an, Deustuko Unibertsitatea elkartu zaie.

Ika Mizka proiektuak hainbat alorretako aurpegi ezagunak eta gazteak biltzen ditu, mahaiaren bueltan, euskaraz eta euskara bizitzeko moduez hitz egin eta eztabaidatzeko. Euskaldunok gure hizkuntzari arnas emateko ahaleginean (edo ez) bizi ditugun gorabeherak mahai gainean jarri, eta jende gehiagorekin partekatzeko aukera izaten da: pozak, oztopoak, aurrerapausoak, aurpegi txarrak, aldaketak, anektodak...

2014ko edizioa ere zirkuitu modura antolatu da, hiru geldiunerekin: lehenengo saioa urriaren 30ean izan zen, Oñatin (Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Fakultatean); bigarrena azaroaren 13an zen egitekoa, Donostian, Deustuko Unibertsitatearen Komunikazio fakultatean, baina bertan behera geratu zen arazo teknikoengatik; eta hirugarrena abenduaren 3an egin zen, Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen Erizaintza Unibertsitate Eskolan.

2013

Ika Mizka zirkuitua

Bigarren urtez, Ika Mizka ekimenak aurrera egin du. Eta hik, nola bizi dunk euskara? egitasmoak, gazteak gure hizkuntza erabiltzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeko ez ezik, euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko helburua du.

Ika Mizka proiektuak hainbat alorretako aurpegi ezagunak eta gazteak biltzen ditu mahaiaren bueltan, euskaraz eta euskara bizitzeko moduez hitz egin eta eztabaidatzeko. Euskaldunok gure hizkuntzari arnas emateko ahaleginean (edo ez) bizi ditugun gorabeherak mahaigaineratu eta jende gehiagorekin konpartitzeko aukera izango da: pozak, oztopoak, aurrerapausoak, aurpegi txarrak, aldaketak, anektodak...

2013ko edizioa zirkuitu modura antolatu da, hiru geldiunerekin: lehenengo saioa urriaren 24an, Ordizian (Mondragon Unibertsitatearen Goierriko campusean); bigarrena, azaroaren 14an, Eibarren (UPV/EHUren Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan); eta hirugarrena, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Irunen (Mondragon Unibertsitatearen Bidasoako campusean).

 

Honekin lotutako bideoak:

2012

Ika Mizka: eta hik, nola bizi dunk euskara?

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak babesturik, Gaztezulo aldizkariak «Ika Mizka. Eta hik? Nola bizi dunk euskara?» egitasmoa antolatu du, abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunean begia jarrita.

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua sustatu nahi izan dugu Ika Mizka honen bitartez, euskaldunok gure hizkuntzari buruz ditugun bizipenak plazaratu eta guztiekin konpartituz: pozak, oztopoak, aurrerapausoak, aurpegi txarrak, aldaketak, anektodak.... Euskaraterapia moduko zerbait, azken batean.

Azaroan zehar zenbait bideo sareratuta, esparru profesional askotako aurpegi ezagunek esan digute nola bizi duten euskara, nork bere bizipenetan.

2012ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat, EHUren Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaría Zentroan saio berezi bat antolatu dugu: aurpegi ezagun horiek eta parte hartzeko izena ematen duten gainontzeko gazteak mahai baten inguruan elkartu nahi ditugu. Mahai-inguru saio hauek Jon Artano kazetariak gidatu ditu. Eguna borobiltzeko, Zuloak musika taldea aritu da zuzenean.


Argibide gehiago: