Etorkizuneko euskara zerbitzua

Erronka berriei erantzun berritzaileak

Urteak dira euskalgintzatik euskara bidegurutze batean dagoela esaten dela eta erakunde instituzional eta sozialak hori gainditzen saiatzen ari dira. Egoera berriek politika, tresna eta egiteko modu berriak eskatzen dituzte eta horretarako egokitzeko gaitasuna behar da, baita euskara zerbitzuetan ere. Horrenbestez, beste esparru askotara bezala, euskara zerbitzuetara ere iritsi da berrikuntza beharra eta, gai horri heldu eta hausnarketa prozesu baten ondoren, "Etorkizuneko Euskara Zerbitzua" izeneko dokumentua osatu dute Jaurlaritzak, GFAk, BFAk, AFAk, Donostiako Udalak, Lasarte-Oriako Udalak eta Agirre Lehendakaria Centerrek. Dokumentua eskuragarri dago testu honen azpian.

Azken garaiotan, euskarari bultzada esanguratsua emateko baldintzak sortzen ari dira eta administrazioetatik erabaki estrategikoak hartzeko unea iritsi da. Itzultzaile neuronalak zabaldu dira, administrazioak asko euskaldundu dira, 179/2019 Dekretuarekin udalek eskumen gehiago eskuratu dituzte, aurreikusita dago 86/1997 Dekretuaren ordezko araua onartuko dela... Aldagai asko dira eta ukaezina da hizkuntza normalizazioaren alorrean mugimenduak gertatzen ari direla.

Testuinguru horretan premiazkoa da euskara zerbitzuen osaeraz eta euskara teknikarien rolaz ere hausnartzea. Orain arte euskara zerbitzuetan lanean aritu diren asko eta asko erretirotik hurbil daude eta profil jakineko pertsonak izan dira. Alabaina, erantzun egokia eman behar zaie inoiz baino konplexuagoak diren gizarte, behar eta joko-zelaiei eta, horrenbestez, inertziak gainditu eta hainbat gairen inguruan pentsatzeko unea iritsi da. Besteak beste, erabaki beharko litzateke zein profiletako jendea izan daitekeen egokiena euskara zerbitzuetarako, euskara zerbitzuek zein antolaketa eta kokaleku estrategiko izan beharko luketen...

"Etorkizuneko Euskara Zerbitzua" dokumentuaren bitartez, gaia gizarteratu eta aldeko korrontea baliatzea da helburua. Euskalgintza instituzional eta sozialetik bat egiten dute aldaketa garaiak datozela aipatzerakoan eta hori elikatzera eta indartzera dator dokumentua. 

Oharra
Orri honetara ezin izango duzu iritsi webgune honetako menuen bitartez. Beraz, hona berriro etorri nahi baduzu, hobe duzu helbidea gordetzea: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/hizkuntzaberdintasuna/etorkizuneko-euskara-zerbitzua