GIPUZKOAKO HIZKUNTZAK

Aurkezpena

Gipuzkoako biztanleen artean, euskara eta gaztelaniaz gain, 120 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Aberastasun hori erakunde eta biztanle guztien artean ezagutzera ematea, bere garrantzia aitortzea eta haren zaintza sustatzea lehentasunezko eginkizuna da gizarte arduratsuetan,  lagungarri baita justizia soziala eta bizikidetzaren helburuak erdiesteko.

Euskarak eta gaztelaniak izaera eta kudeaketa berezia dute lurraldean, bertan, estatus ofizialkidekoak izan arren, egoera politiko eta sozial desorekatuan daudelako erakundeetan, gizartean eta baita bertako biztanle-norbanakoen artean ere; hizkuntzok egoera desberdinean bainoago desberdinkerian direla esan daiteke. Ingelesak ere izaera berezia du, bertan, nazioarteko hizkuntza modura nabarmentzeko pisua hartu duelako hezkuntza-sistema formalean eta bestelako esparru sozialetan ere. Hala, hemen, zeharka soilik emango da hiru hizkuntza horien berri.

Gipuzkoako hizkuntzen mapa honetan migrazio-mugimenduen eraginez bertaratutako biztanleriaren hizkuntzen presentzia aztertuko da, eta horien kudeaketarako neurri ahalik eta zehatzenak proposatuko dira.

Gipuzkoako 720.000 biztanleen artean hiru laurdenak euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai dira (2016ko errolda-datuak kontuan hartuta): 400.000 lagunek hitz egin dezakete euskaraz, eta beste 100.000 inguruk gutxienez ulertzen dute; horrela, euskararen lurraldeetan dentsitate eta sendotasun handiena duen herrialdea dela esan daiteke. Ezaugarri horrek berezia egiten du Gipuzkoa, erronka eta aukera aparta baitu etengabe hazten ari den hizkuntza-aniztasun zabalari kudeaketa egokiarekin erantzuteko, hain zuzen, euskara bizi-bizi dagoen herrialdean.

Gipuzkoatik kanpo jatorria duten biztanleriaren etorrerarekin batera hazten ari da, beraz, hizkuntza-aniztasuna. Ez dago oraindik zehazterik  hizkuntza horiek non eta noiz hitz egiten diren, eta zer-nolako harremanak sortzen ari diren euren artean. Baina mapa hau errealitate hori ezagutzeko ahalegina da, aurrerantzean ere jarraipen gero eta zehatzagoa izango duena.

Era berean, egitasmo honen bitartez, hizkuntza-aniztasunaren errealitatearen ezagutzan eta zaintzan laguntzeaz gain, giza eskubideetan, berdintasunaren printzipioan oinarrituta eta gizartearen kohesioa helburu duen kudeaketa egokirako proposamenak egingo dira.