Gipuzkoako Foru Aldundiak urteak daramatza kirol munduan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko ahaleginetan eta adin eta modalitate guztietako kiroletan eragiten saiatzen ari da. Hala, hainbat proiektu garatu ditu eskola kirola, kirol eskola, kirol klub edota federazioetan aurrerapausoak eman ahal izateko.
Hona, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako proiektuak:
Kirol klubetan dabiltzan gazteen hizkuntza ohiturak ikertu eta ohitura horietan eragiteko hainbat gako identifikatu dituzte "D ereduko kirola" izeneko proiektuan. Proiektuak hiru urteko iraupena izan du (2016-2018) eta lankidetzan aritu dira Gipuzkoako Foru Aldundia, HPS, EHU, Soziolinguistika Klusterra, Urtxintxa eta Euskaltzaleen Topagunea. EAEko bost klubetako talde bana izan dituzte aztergai: Getxoko Aixerrota boleibol taldea, Gasteizko Zaramaga pilota elkartea, Arrigorriagako Padura saskibaloi taldea, Gipuzkoako Reala eta Zarauzko eskubaloi taldea.
Proiektua eragile desberdinen arteko komunikazioan zentratu da nagusiki eta bi helburu izan ditu: batetik begirale eta entrenatzaileen jardunean eraginda, gazteengana iristea. Horrela, kirol jardueraren hizkuntza euskara izatea lortzea izan da xedea. Bestetik, gazteengan zentratu eta euskararen ahalduntzea haiekin zuzenean lantzea. Modu horretan, beren hizkuntza ohituretan eragin nahi izan da eta arreta berezia jarri zaie gazteen komunikazioa, hizkuntza ohitura eta bizipenei.
Ikerketaren laburpena eta ondorioak
UZEIk, urte luzez, hainbat kiroletako kontzeptu-sistemak eta euskarazko terminoak landu eta zehaztu izan ditu (1980ko hamarkadako Kirolkidea gogoangarritik hasita), eta, gerora, 13 kirolen hiztegiak landu dira, eta Euskalterm datu-bankuan jarri dira kontsultagai gizartearen esku. Baliabide horien bitartez, oinarri zabal bat eskaintzen da, beraz, baina badira, oraindik, osatu beharreko beste arlo batzuk: KIROLKIDEA ekimen berriak hutsune hori nolabait betetzeko xedea du.
UZEIk gogoeta egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteriako eta Kiroletako Zuzendaritzarekin batera gai honen inguruan, eta lau kirol/federazio identifikatu ditu proiektu honen helburuekin bat egiten hasteko: HALTEROFILIA, PIRAGUISMOA, TRIATLOIA eta BOLA ETA TOKA.
Kirol horietako euskarazko dokumentazioa bildu eta finkatu da, eta bertako terminologia erauzi da UZEIren baliabideak erabiliz.
Lau lexiko elebidun osatu dira, eta, guztira, 770 kontzeptu landu dira. Betiere, UZEIren kalitate-estandarrak eta hizkuntza-agintaritzen arau eta gomendioak betez.