Atrás GenEroa (Emanaldia - 2 dantzari)
Áreas artísticas que trabaja:
Materias escolares con las que tiene relación:
2 dantzari + Dinamzatzailea + musika ekipo eta lurra (behar izanez gero) - 1500 EURO (beza barne)
Kimua Dantza Kolektiboaren “genEroa” Eskola proiektuak egun berean edo 2 egunetan egin ahal izateko bi ordu eta erdiko proposamena eskaintzen du:
● “genEroa dantza emanaldiaren inguruko gorputz dinamika eta mediazioa”: 1 - 1,5 ordu
Denen parte hartzea bultzatuko da lotsak eta bestelakoak alde batera uzten ahalegintzea helburu. Parte hartzaileen gorputz mugimendua
bultzatuko duen dinamikak landuko dira eta hausnarketa bat egitera gonbidatuko dituen mediaziarekin osatuko da.
● “genEroa euskaran, euskaraz eta euskaratik”: 30 minutuko lanketa (beste egun batean egin daiteke).
● “genEro hausnarketa pertsonala”: 30 minutuko sekuentzia didaktikoa (beste egun batean egin daiteke).
Ikuskizuna
● Espazio zabal bat: Aretoa,patioa, konpo espazioa. Azalera laua eta leuna duena. Ez da dantza zorurik edo tarimarik behar
● Soinu-ekipoa konpainiak eraman eta montatuko du: Altabozak, mikrofono eta beharrezko material guztia.
Hausnarketa saioa
Ikasle talde handiak segurtasun neurriak mantenduz bildu daitezkeen areto itxia.
Genero-ikuspegiaren inguruko lanketa, perspektiba originala bezain berritzailea izango den ikuspuntutik proposatzen dugu Kimua Dantza Kolektiboko kideok. Proiektu honen bidez, dantza ikuskizun baten sorreraz gain, ikusleek parte hartuko duten mediazio bat garatzea dugu xede. Horretarako, beharrezkoak ditugun, dokumentazio, ikerketa, esperimentazio eta ondorengo sorkuntza lanak zein amaierako kriba, zehaztapen eta finketa ahalbidetuko duen prozesua eta lan sekuentzia aurrera eramateko aukera paregabea da.
Biologia, genetika zein euskal hizkuntzari dagokionez, genero-ikuspegia erdigunean dela, baldintza, kate eta loturen inguruan hausnartu nahi dugu. Dantzaren bidez, gorputz espresioa aztertuta, mugimenduek gidatuta, hartzen ditugun rolak edo gizarteak ezartzen dizkigunak hautemateko parada izango dugu. Benetan askeak bagina, nola mugituko ginateke? Nola dantzatuko genuke? Euskara genero gabeko hizkuntza dela esaten da, baina hala al da benetan? Eta ikuslea, ausartuko al litzateke lehen dantza pausuak ematera? Loturak puskatzera? Benetan aske izatera?
ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALA
Ezaugarri nagusiak
Genero ikuspegia lantzen duen kaleko dantza ikuskizunean oinarritutako saioa da non ikusleek parte-hartuko duen mediazioa garatuko duen proiektua.
Interesa eta Inpaktua
Kimua Dantza Kolektiboko kideak, dantzari zein interprete izateaz gain, hezitzaileak ere bagara gehienak. Genero-ikuspegiaren gaiak duen garrantzia zein urgentzia plazaratu eta lantzeko beharra identifikatu dugu. Hori dela eta, hainbat adituren ekarpenak bildu nahi ditugu perspektiba iraultzaile eta dinamiko baten bidez, proiektu berritzaile honetan gurekin batera bide emateko.
Genero-berdintasun eta aniztasun ikuspegia nazioarteko hainbat itunek eta tresnak babesten duten arren, oraindik ere desberdintasun egoerak eta diskriminazioak errealitate dira gure egunerokotasunean. Kimua DK-ko kideoi kezkagarriena iruditzen zaiguna da gizartean aurrerapausoak eman diren autopertzepzioa izanagatik, etorkizuneko belaunaldietan gure aurreko belaunaldietan baino marko mental kontserbatzaileagoak eta pentsaera diskriminatzaileagoak identifika daitezkeela askotan. Diskriminazio hauek hainbat esparrutan jasaten dira, besteak beste, osasun arloan, ordezkaritza politikoan, lan-merkatuan, hezkuntzan zein kultur eta gizarte eremuan. Horrek ondorio
kaltegarriak ditu bizitzan eta gure garapenean. Azken urteetan aurrerapausoak eman badira ere, lan handia dago oraindik egiteko eta Kimua DK-ko kideon ustetan, hezkuntzak izan beharko du etorkizuneko belaunaldiak genero-berdintasunean eta aniztasunean hezteko oinarri nagusietako bat. Proiektu honen bidez, Kimua DK-k, dantza, mugimendu, hizkuntz eta gorputz espresio eta parte-hartze kolektiboa probokatuz, gaiaren inguruko sentsibilizazioa, bisibilizazioa eta hausnarketa eragingo ditu.
Helburuak
● Gizarteen eta aroen arabera, generoa ikusteko modua desberdina izan daitekeela onartzea.
● Generoak esparru askotan ezaugarri jakin batzuk inposatzen dizkigula jabetzea, hala nola ekonomian, lanean, hezkuntzan, kulturan, harreman sozial eta afektibo-sexualetan.
● Genero-ikuspegiaren lanketa bidez berdintasuna eta tolerantzia bilatzea, bazterkeria-, indarkeria- bidegabekeria- eta emakumeenganako
indarkeria-egoerak saihesteko.
● Estereotipoen inguruan eraikia denaren inguruko hausnarketa introspektiboa egitea eta aldatzea posible dela ikustaraztea.
● Euskara genero gabeko hizkuntza den arren, etimologikoki generoarekiko desberdintasunak hauteman daitezkeelako kontzientzia garatzea.
Egitura
Dantza ikuskizunean oinarri hartuta, gorputz mugimendua eta espazioaren erabileraren inguruko dinamikak eta mediazio parte-hartzailea (1 - 1,5 ordu).
Dantza emanaldian 2 dantzari izango dira taula gainean (saio bakoitzeko baldintzetara egokituta). Dinamika ezberdinak proposatuko dituzte ikuskizuneko hainbat koreografia interpretatuko dituzte, musikek, off-eko ahotsek, trantsizioek zein hainbat baliabide materialek ikuskizuna osatuko dutelarik.
Mediazio parte-hartzailea, ikusleen arabera egokitua izango da. Atal praktiko dinamiko bat aurreikusten da, ikuslea parte-hartzera gonbidatuko dena. Gorputzaren kontzientzia, espresioa, mugimendua, espazioa okupatzeko modua… landu eta hausnartuko da koreografien sekuentziazioarekin tartekatuta eta amaiera solasaldi eta hausnarketa kolektibo batekin emango zaio, ikusi, bizi eta sentitutakoaren
inguruko elkarbanatzea bideratuko delarik.
Estiloa
Euskal Dantza Tradizionalak oinarri hartuz, dantza diziplina ezberdinen (garaikidea, klasikoa, aretoko dantza, etab.) ukitua duten koreografia eta interpretazio uztarketa eskaintzen du Kimua Dantza Kolektiboak proiektu honetan.
Ondorengo mediazio parte-hartzailea, gorputza, mugimendua eta espazioaren erabilera esploratu eta kontzientzia introspektiboa lantzeko helburuz egingo da, genero-ikuspegia eta aniztasuna ardatz direla beri ere..
ARLO PEDAGOGIKOA
Guztiok zeharkatzen gaituzten gaiak (sexua, generoa, identitatea, orientazioa, gorputza, rolak, estereotipoak, espektatibak, giza harremanak, arrakalak, begiradak, ispiluak, dantza, hizkera, adierazpideak…) ikuskizun eta metodologia bizi, bizigarri eta aktibo batez jorratzen dituen diziplina arteko proiektua da GenEroa, bere baitan hainbat ikasgaitako (Biologia, Natur zientziak, Gizarte-Historia, Euskal Hizkuntza eta Literatura, Balio etikoak, Gorputz Hezkuntza) edukiak eta konpetentziak abarkatzen dituena (hitzezko eta hitzik gabeko konpetentzia, elkarbizitzarakoa, ikasten eta pentsatzen ikastekoa, izaten ikastekoa, ekimenerakoa…).
Dantza emanaldian oinarritutako koreografia eta dinamika, jarduera eta lanketekin GenEroaren inguruko hausnarketa, kritikotasuna eragin nahi dugu ikasleen artean, besteak beste, besteen begiradak gure mugimendu, harreman, lanbide, hautu, erabakietan, zenbateraino eta nola baldintzatzen gaituen kontzientzia hartzen joan daitezen.
Kimua DK osatzen duten dantzariok dantza eta dantzatzea gustuko dugun lagun talde gisa definituko genuke geure burua.
Bakoitzak izandako ibilbide eta garapena, elkarrekiko duten maitasuna, dantza egiteko motibazioa zein ilusioa batuta, modu autogestionatuan kudeatzen dugu Kimua Dantza Kolektiboa.
Dantza oinarri harturik, egungo gizartean inpaktu bat sortuko duen ez-ohiko balore eta gestio eredua dugu helburu, beti ere emaitza profesional eta hezitzailea ardatz izanik.
Gure Baloreak
Kimuakideak
EKAITZ GOIKOETXEA ASURABARRENA (Beasain, 1980)
Gasteizen Euskal Filologian lizentziatu eta lehen lan urteak Lazkaoko Maizpide Euskaltegian igaro ondoren, azken hamar urteetan Nafarroako hezkuntza arautuan aritu da Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasten, Atarrabian eta Burlatan. Lau urtez Euskal Hizkuntza eta Literatura ikasketak ikasketaburu zereginekin uztartu ditu gainera.
Txiki-txikitatik izan du hitzekin jolasteko zaletasuna, eta bat-bateko bertsogintzan nahiz bertsopaperetan murgilduago egon bada ere, bestelako adierazpideak ere jorratu izan ditu. 2003an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalista izan zen, eta 2005ean Orixe Saria irabazi zuen. 23 urte arte adierazpide ezberdinetan dozenaka lehiaketa irabazi zituen, eta hamahiru urteko etenaren ondoren, berriz idazteari eman eta azken bizpahiru urteetan besteak beste Basarri Sariko lehen eta bigarren sariak (2015, 2016, 2017) eta lehen saria (2019, 2021), Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa (2017,2018), Iparragirre Saria (2015, 2017), Zapirain Anaiak (2020) eta Taket (2021) irabazi ditu, baita Oihenart Aforismo Lehiaketa ere (2016, 2017). Hainbat musika talderen abestietarako letrak ere idatzi ditu, Koldo eta Arantxa Iparragirrerentzat, Huntza
taldearentzat, Naizen elkartearentzat, Ene Kantak-entzat, Xabier Crehuetentzat...
Garazi Zabaleta eta Aitor Lanasekin batera Trans-Formatzen dokumentala zuzendu eta ekoitzi zuen, eta ikasle eta lankideekin aniztasunaren eta maitasunaren inguruko Mahaitasunez / Mésame emanaldia eskolaz eskola eta herriz herri eskaini du hainbat urtez. Gaur egun “Balio erantzia” erakusketa ezagutarazten ari da Josu Maroto marrazkilariarekin batera, eta baita “GenEroa” emanaldia ere Kimua Dantza Kolektiboarekin elkarlanean. Azken hogei urteetan, Irati arrebarekin batera, larunbat goizak Segura Irratiko Itaka literatur
saioa gidatzeari eskaintzen dizkio, eta aisialdia esku artean nahiz hankapean bizitza eta mundua irakurtzeari.
GARAZI EGIGUREN URKOLA (Tolosa, 1992)
Biokimika eta Biologia Molekularrean Graduaren ostean Biomedikuntzan Masterra eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Irakasleen prestakuntza Masterra burutu zituen. Orduz geroztik, Lanbide Heziketako Osasun Zikloetan irakasle eta Nazioarteko proiektuen arduradun lanetan aritzen da, beti ere bere egunerokotasuna ibilbide artistiko zein kulturalaren garapenarekin uztartuz. Gimanasia Erritmikoan eman zituen lehen dantza pausoak 4 urterekin eta ordutik aurrera
Euskal Dantza, Dantza Garaikidea eta Ballet Klasikoko diziplilnek elikatu dute bere mugimendua.
Eitb 1eko “Go!Azen pelikula musikalean” (2008) eta ondorengo “Go!Azen Serie musikalean” (2009) parte hartu izanak, antzerki, interpretazio, dantza eta musikarekiko zaletasuna aregaotu eta kolaborazio ezberdinak aurrera eramaten ditu diziplina ezberdinetako artista eta musikariekin, besteak beste, Flabio Benterla, Olana Liss, Nisa Goiburu, Julen Alonso, Sonakay, Anne Etchegoyen, etab.
Alurr Dantza Eskolan eta Aukeran Dantza Konpainian aritu ondoren, “Kimua Dantza Kolektiboaren” sortzaile, kide eta dantzaria da. Gaur egun, Kimua DK-aren eskutik “Xabi Solano” eta “Alos Quartet” musikariekin kolaborazioak egiteaz gain, “GenEroa” ikuskizuna herriz herri eskaintzen ari da.
ENEKO GALDOS ETXANIZ (Zumarraga, 1987)
Zumarragan Erregulazio eta kontrol automatikoko goi mailako zikloa amaitu ondoren, Urretxuko ikastolako jantokiko begirale kurtsoan zehar eta udalekuetako begirale udan bi urtez aritu zen. Ondoren, Fagor Ederlanen Zortzi urtez aritua, dantza inoiz albo batera uitzi gabe, dantza klaseak jasoz eta emanez. Adin ezberdinetako ikasleei irakatsiz, borondatez hasieran, ondoren diru baten truke eta azkenean ofizio bilakatzea lortu arte. Irrintzi dantza taldean, Lazkaoko Oin Arin dantza taldean eta egun Bergarako Musika eskolan dantza irakasle bezala dabil. Gaur egun, Kimua dantza kolektiboaren sortzaile, kide eta dantzaria da eta kolektiboaren eskutik “Xabi Solano” eta “Alos Quartet” musikariekin kolaborazioak egiteaz gain, “GenEroa” ikuskizuna herriz herri eskaintzen ari da.
ANDER ERRASTI ARRUTI (Orio, 1984)
Industria kimika espezialitatea duen ingeniari teknikoa eta Haur Hezkuntzako irakaslea da ikasketaz.
Urteetan zehar, aisialdiarekin harreman handia izan du. Haur, gazte eta nerabeekin udaleku ezberdinetan begirale eta zuzendari lanetan parte hartuz.
Azken 14 urte hauetan hezkuntza ez formalean aritu da euskal dantza irakasle, Orioko Danbolin Musika Eskolan. Dantzarekin erlazio zuzena izan du txikitatik eta geroztik dantzaren zabalkuntzan eta transmisioan dihardu lanean.
Lehen hastapenak Talai Mendi elkartearekin egin, Danbolin Musika Eskolan eta Harribil Dantza Taldean ondoren eta azken 18 urteak Aukeran Dantza Konpainian eman ditu. Dantzari eta musikari profesionalekin, dantza disziplina eta proiektu ezberdinetan parte hartzeaz gain, munduko lurralde ezberdinetan euskal dantzak eta kultura ezagutarazteko eta zabaltzeko aukera izan du.
Gaur egun, Kimua dantza kolektiboaren sortzaile, kide eta dantzaria da eta kolektiboaren eskutik “Xabi Solano” eta “Alos Quartet” musikariekin kolaborazioak egiteaz gain, “GenEroa” ikuskizuna herriz herri eskaintzen ari da.
IZARRAITZ LARRETA SEGUROLA (Alegia, 1999)
Erizain laguntzaile eta Diagnosi irudia eta medikuntza nuklearreko goi eta erdi mailako zikloak ikasi ditu. Egun, diagnosi irudiko teknikari lan egiten du Mendaroko ospitalean. Dantza munduari dagokionez, Alegiako Sutarri eta Villabonako Oinkari dantza taldeko kide da, baita Kimua dantza kolektiboko dantzaria ere. Dantzaria izateaz gain, Alegiako dantza taldeko irakasletako bat da.
6 urte zituelarik hasi zen dantza munduan murgiltzen, euskal dantza tradizionala eta balletari ateak irekiz. Urteak aurrera joan ahala, Korrontzi taldearekin zenbait herrialde ezagutzeko aukera izan du dantzari bezala. Dantza tradizionala oinarri izan arren, garaikidea lantzeko aukera ere izan du urte guzti hauetan. Kimua dantza kolektiboak eskainitako klase eta denborari esker, “genEroa” izeneko ikuskizun berrian parte hartzeko aukera izan du.
LARRAITZ BALERDI GUERRERO (Alegia, 2001)
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza Alegiako San Juan ikastetxean burutu zituen. Ondoren, Alegiako Aralar Institutura pasa zen. Batxilergoa, aldiz, Tolosan egin zuen, Orixe Institutuan hain zuzen ere. Egun, Haur Hezkuntzako gradua ikasten ari da Donostian.
Dantzari dagokionez, 6 urterekin hasi zen Alegiako Sutarri dantza taldean. Ordutik, bertan jarraitzen du. Dantzari izateaz gain, dantza talde honetako irakasle lanetan aritu da. Sutarri dantza taldeaz gain, ikasturte honetan Kimua Dantza Kolektiboko parte da. Beraz, talde honek eskainitako klase eta denborari esker, “genEroa” izeneko ikuskizun berrian parte hartzen ari da. Solano anai-arrebekin elkarlanean ari da.
Dantza kontuak alde batera utzita, hizkuntzako hainbat titulu ditu. Esate baterako, euskarako C1 (EGA) eta ingeleseko B2 tituluak. Horretaz gain, aisialdiko begirale titulua ere badu.
OIER LABORDE ETXABE (Villabona, 1992)
Villabonako Oinkari, Alegiko Sutarri eta Segurako Azpilla dantza taldeetako dantzako irakaslea da. Donostiako Ikasbide ikastolako eta Hernaniko dantza taldeetan ere aritu izan da irakasle. Oinkari dantza taldeko harrobikoa, sormen handikoa eta ekintzailea, eta
harrezkero harreman zuzena jarraitzen duena Oinkari familiarekin. Emanaldi, festibal eta musikari ospetsuekin egindako proiektuetan dantzari aritu da urte hauetan guztietan. Aukeran Dantza konpainiako dantzari 5 urtez aritu ondoren, egun, Kimua dantza kolektiboaren sortzaile, kide eta dantzaria da. Kimua kolektiboaren eskutik “Xabi Solano” eta “Alos Quartet” musikariekin kolaborazioak egiteaz gain, “GenEroa” ikuskizuna herriz herri eskaintzen ari da.
ITZIAR UZKUDUN SARASOLA (Villabona, 1990)
Haur Hezkuntzako gradua eta Goi mailako Haur Heziketa teknikoa ikasketak egin ondoren, Neuropsikologia eta Hezkuntzako masterra burutzen ari da gaur egun. Tolosako Laskorain Ikastolako hezitzaile lanarekin uztatzen ditu aipatutako ikasketak. Honez gain, dantzako irakasle gisa ere aritzen da Idiazabal, Larraul, Lazkao, Ordizia, Zizurkil, Hernialde, Lasarte, Legorreta eta Bidaniko dantza taldeetan.
Villabonako Oinkari dantza taldean eman zituen bere lehen pausoak eta urte askotan bertako dantzari eta irakasle lanetan aritu ondoren, Aukeran Dantza Konpainiako dantzari, emanaldi, jaialdi, festibal eta proiektu ezberdinetan parte hartu izan du, Euskal Herriko nahiz nazioarteko txoko ezberdinetan. Gaur egun Kimua dantza kolektiboaren sortzaile, kide eta dantzaria da eta kolektiboaren eskutik “Xabi Solano” eta “Alos Quartet” musikariekin kolaborazioak egiteaz gain, “GenEroa” ikuskizuna herriz herri eskaintzen ari da.
UXUE URRUZOLA REZABAL (Villabona, 1992)
Donostian Enpresen Administrazioa eta zuzendaritza graduaren ostean, FHNW unibertsitatean International Management ikasketak burutu zituen. Jarraian Enpresa Txiki eta Ertainen Aholkularitza ikastaroa osagarri hartu eta PEDF finantza zuzendaritzako programa exekutiboa burutu zituen. Azken 6 urte hauetan Kimua Engineering S.L.ko finantza eta zuzendaritza estrategikoaren arduraduna da.
Dantzarekiko zaletasuna txikitatik datorkio. Villabonakoa izanik, Oinkari herriko dantza taldearekin harreman zuzena izan eta bertan dantzari bezala formatu zen 10 urtez. Aukeran Dantza Konpainian eman zituen hurrengo pausoak dantzari semiprofesional modura. Emanaldi, festibal eta musikari ospetsuekin egindako proiektuetan dantzari arituz. Gaur egun, Kimua dantza kolektiboaren sortzaile, kide eta dantzaria da. Kimua kolektiboaren eskutik “Xabi Solano” eta “Alos Quartet” musikariekin kolaborazioak egiteaz gain, “GenEroa”
ikuskizuna herriz herri eskaintzen ari da.