«Olatu solidarioak» kanpaina Donostiako Zurriola hondartzan amaituko da
«Olatu solidarioak» kanpaina Donostiako Zurriola hondartzan amaituko da
Ingurumeneko Departamentuak milioi eta erdi euro bideratu ditu normaltasunera itzuli garen hondartza-denboraldi honetarako, eta, horrela, arrakastaz osatu du bederatzi asteko sentsibilizazio kanpaina, jasangarritasuna eta solidaritatea sustatzera zuzendutakoa. "Olatu solidarioak" kanpainak, Elikagaien Bankuarekin eta Emausekin elkarlanean, pertsona ahulenentzako elikagaiak biltzea sustatzen du Gipuzkoako hondartzetan, eta baita ere hondartzetan hondakinak bereiztea eta gaika biltzea.
José Ignacio Asensio: «Normaltasunera itzuli garen uda honetan, hondartzetan bertan sentsibilizazio-kanpainak berreskuratzeko unea iritsi da, elkartasunerako deia eginez, batez ere gizarteko pertsona ahulenak, egoera sozioekonomikoaren eta prezioen igoeraren eraginez, errealitate zail baten aurrean daudenean. Gainera, herritarrak sentsibilizatzeko ahaleginean jarraitzen dugu, hondakinak murrizteko eta hondakinen bereizketa selektiboa sustatzeko».
«Olatu solidarioak» kanpaina Donostiako Zurriola hondartzara iritsiko da aste honetan, Gipuzkoako birari amaiera emateko. Emaus Gizarte Fundazioarekin eta Elikagaien Bankuarekin elkarlanean egin da kanpaina, eta Gipuzkoako 9 hondartza zeharkatu dira Volkswagen furgoneta batekin. Kanpainak bi helburu ditu: batetik, sustatzea herritarrek zakarrontziak ondo erabil ditzaten eta hondakinak bereizi eta gaika sailka ditzaten, haur jokoen, tailerren eta pegatinen bidez. Eta, bestetik, elikagaiak biltzea Elikagaien Bankurako, gero eta pertsona gehiago baitira egungo egoera sozioekonomikoan laguntza behar dutenak. Elikagaien Bankuak eskertzen du, batez ere, produktu hauek ematea: olioa, arrain kontserbak (atun latak, sardinak, etab.), arroza, pasta, dilista lehorra eta haurrentzako pixoihalak.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, «uda honetan normaltasunera itzuli gara, eta, gure ustez, garrantzitsua da herritarrei zuzendutako hondartzetako sentsibilizazio kanpainak berreskuratzea, hondakin gutxiago sor daitezen eta sortutakoak gaika bereizi daitezen». Bestalde, diputatuak hau gaineratu du: «kanpaina osatzeko, elkartasunerako deia egiten dugu, momentu honetan gizarteko pertsonarik ahulenak errealitate konplexua bizitzen ari baitira egoera sozioekonomikoaren eta prezioen gorakadaren ondorioz». Sentsibilizazio kanpaina Zarautzen hasi zen duela bederatzi aste, eta, esperientzia horren ondoren, foru diputatuak eskerrak eman dizkie herritarrei «oraingoan ere beren elkartasuna erakutsi dutelako pertsona ahulenen alde», eta gogorarazi du «Europan desberdintasun tasarik txikienetakoa duen lurraldeetako bat izan arren, beharrezkoa da pertsona ahulenekin berdintasun politikak indartzen jarraitzea, bai ekintza instituzionalaren bidez, bai gizarte ekimenen eta herritarren parte hartzearen bitartez».
Ingurumeneko Departamentuak ekitaldi honetan milioi eta erdi euro bideratu ditu, sentsibilizazio kanpainaz gain, zerbitzu hauek ordaintzeko: hondartzen garbiketa, bideometria sarea, Nik Hondartzak aplikazioaren eguneraketa eta salbamendu zerbitzua, Aldundiak hondartzak garbitzeko zerbitzua zuzenean ematen duen udalerrietan; banaketa orekatua izan dadin, zuzenketa txiki bat ezartzen da udalerri txikienen alde.
2203