Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea %10,1 jaitsi ziren Gipuzkoako enpresen salmentak pasa den urtean

%10,1 jaitsi ziren Gipuzkoako enpresen salmentak pasa den urtean

2009 urtetik eman den zifrarik txarrena da, baina urtearen azken hilabetetan berreskuratze zantzuak agertu ziren.

Gipuzkoako enpresek 2019an baino %10,1 gutxiago saldu zuten pasa den urtean, foru Ogasunak lurraldeko konpainien egoerari buruz hilabetero argitaratzen duen txostenaren arabera. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, 2009 urtetik eman den jaitsierarik handiena da, baina ordukoa baino 10 puntu hobeagoa da, 20,5 erori ziren salmentak urte hartan. “Argi dago, ikuspegi ekonomikotik ere, COVID-19 gaitzaren eragina sekulako izan dela, eta horrek urtea markatu duela”, esan du foru arduradunak. Hala ere, gaineratu du azaroan eta abenduan enpresen salmentek berreskuratze zantzuak eman zituztela eta, ondorioz, “baikortasun gehiagorekin” begiratzen diotela 2021 urteari.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta aztertu diren gaien berri emateko. Ogasuneko txostenaren inguruan, azaldu du erreminta oso erabilgarria dela enpresen egoera eta bilakaera ezagutzeko, eskaintzen dituen adierazleak direla eta. Azterlan osoa Gipuzkoako foru Ogasunaren web orrian dago eskuragai. 2020 urteko salmenten datuei erreparatuta, hauek izan dira dira txostenak jaso dituen zifrak, 2019 urtearekin alderatuta: salmenta osoak -%10,1 jaitsi dira; barne merkatua -%9,1 jaitsi da, eta esportazioak -%11,9. Inportazioek ere behera egin dute, -%13,5, eta enpleguak eta soldatak ere negatiboan itxi dute urtea: -%2,1 eta -%3, hurrenez hurren.

          Urteari errepasoa eginez, Mendozak esan du konfinamendu garaia eta osteko hilabeteak izan zirela ezbairik gabe urteko gogorrenak: apirila (-%32) eta maiatza (-%25,3), bereziki. Horren ostean, -%10 eta -%15 artan egonkortu zen jaitsiera. Hala ere, bozeramaileak urteko azkeneko hilabetetan jarri du azpimarra. Gogoratu duenez, -%2 jaitsi ziren salmentak azaroan eta abenduan, urteko erregistrorik onena jazo zen, pandemia aurreko garaia ere barne hartuta, +%9,2 hazi baitziren lurraldeko enpresen salmentak. “Abenduko igoera azaltzerako orduan, egia da sektore eta urtarokotasun osagai oso garrantzitsua hartu behar dela kontutan; hau da, kasu zehatz batzuk markatu dutela estatistika orokorra, batez ere esportazioen atalean”, zehaztu du.

          Dena den, Mendozak esan du ekonomiaren hobekuntza hau zerga bilketan ere islatu dela, eta albiste positiboa dela Gipuzkoarentzat. “Aurrera begira, eta diputatu nagusiak eta ekonomia arloko diputatuek esan izan duten bezala, zuhurtziaz begiratzen diogu 2021 urteari. Ez da urte erraza izango eta oso adi egon beharko dugu, batez ere jarduera ekonomikoak gaur gaurkoz dituen ezohizko laguntzak amaitzen direnean zer gertatzen ikusteko. Hala ere, 2020 urte amaierako hilabeteei esker baikortasun zertxobait gehiagorekin begiratzen diogu”, esan du. “Aldi berean, konfiantza osoa dugu Gipuzkoaren gaitasunean eta ditugun indarguneetan, ziur gaude krisia gainditu eta krisi osteko agertokian are posizioa sendoagoa izatea lortuko dugula” osatu du. Aldundiaren papera, esan du amaitzeko, jarduera ekonomikoa sustatzen jarraitzea izango da, orain arte egin duen bezala.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Gaur gaurkoz, hiru kasu positibo daude adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean: 2 Donostiako Berminghamen, eta beste bat Arrasateko San Juan de Diosen. Abuztuaren 11tik hona, orduan atzeman baitzen bigarren olatuko lehen positiboa, 154 egoiliar zendu dira eta 673 sendatu. Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, 18 langile daude diagnostiko positiboarekin, 10 egoitza ezberdinetan. Guztira, bigarren olatuan 559 langile sendatu dira.

Eguneko zentroen kasuan, azken astean 2 positibo berri atzeman dira, eta desgaitasuna dutenen arretarako sarean positibo bat atzeman da. Sare honetan 412 plaza daude egoitzetan eta 474 etxebizitzetan. Gizarte inklusioaren kasuan, azken astean 2 kasu berri atzeman dira; sare honetan 54 baliabide daude, eta 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan. Adingabeen kasuan, non Aldundiak 400 plaza dituen, ez da kasu berririk atzeman. Azkenik, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 111.577 PCR proba egin ditu jada, pasa den astean 3.529 egoiliarren eta langileen artean.

 

Asteburuko sutea

Bestalde, Mendozak hizpide izan du baita ere asteburu honetan Irungo udal barrutian jazotako sutea, Gipuzkoan 400 hektarea inguru erre dituena. Azaldu duenez, azken hamarkadako suterik larriena izan da eta argitu du momentu honetan, Mendi eta Natur Inguruneko teknikariak lanean ari direla, suak sortu dituen kalteak aztertu, neurtu eta baloratzen. “Azterketa hau amaitzen dutenean, zehaztasun gehiagoko kalteen balantzea eskaintzeko moduan izango gara”, azaldu du. “Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiet asteburu guztian zehar jo ta su lanean ibili diren pertsona guztiei: suhiltzaileak, basozainak, Ertzaintza, Irungo udaltzaingoa, Babes Zibila, DYA Gipuzkoa eta Gurutze Gorria”, esan du, gaineratuz: “Guztion elkarlanari esker lortu da sutea geldiaraztea, eta honek eragin dituen kalteak murriztea”.

 

MUBIL

Azkenik, azpimarra jarri du baita ere bihar ateak irekiko dituen MUBIL, Gipuzkoako Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriaren Zentroaren azken orduan. Azpiegituraren behin behineko egoitza Tolosako Usabal industriagunean dago kokatuta, eta irekiera ekitaldian parte hartuko dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Ane Insausti MUBILeko zuzendariak. “Foru Gobernuko kideak bertan izan gara gaur goizean, eta han egin dugu aste honetako Diputatuen Kontseilua. Punta-puntako instalazioak dira, eta Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun berriaren arloan Europa mailan onenen aretan kokatuko gaituena”, nabarmendu du Mendozak.

  

2182