Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea % 16,2 hazi dira Gipuzkoako enpresen salmentak lehen lauhilekoan, 2021 urtearekin alderatuta

% 16,2 hazi dira Gipuzkoako enpresen salmentak lehen lauhilekoan, 2021 urtearekin alderatuta

Barne merkatua %15,4 hazi da, eta esportazioek %13,6 egin dute gora.

2022/05/31
Foru jauregiaren aurrekaldea.

Gipuzkoako enpresek %16,2 gehiago saldu zuten apirilera arte, ekitaldiko lehen lauhilekoan, 2021 urteko epe berdinarekin alderatuta. Adierazle honen bi osagaiek bilakaera positiboa dute, barne merkatua %15,4 hazi baitzen, eta esportazioak %17,7 igo baitziren. Pandemia aurreko aldiarekin alderatuz gero ere datuak positiboak dira; horrela, 2019 urteko lehen lauhilekoarekin alderatuta, lurraldeko enpresek % 13,6 gehiago saldu dute (barne merkatua +%13,4 eta esportazioak +%14,2). Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, zailtasunak zailtasun, lurraldeko jarduera ekonomikoak eta lan merkatuak ondo eusten diote egoerari. “Eragile ekonomikoen ondoan egoteko momentua da, bizi dugun ziurgabetasun momentuaren aurrean lurraldeak sendo jarrai dezan”, esan du.

          Mendoza gaur eman du Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri, asteartero egin ohi duen bezala. Zehaztu duenez, apirilera arteko Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostena kaleratu berri du Aldundiak, eta Kontseiluan aztertu dira bertan agertzen diren datuak. Ogasun eta Finantza departamentuak egin ohi du txosten hau, eta hilabetero kaleratzen da. Honela, hilabetez hilabete datu interesgarriak eskaintzen ditu, lurraldeko ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko. Kasu honetan, 2022ko apirileko txostena da plazaratu dena eta, ondorioz, urteko lehen lauhilekoari buruzko ikuspegi oso zabala eskaintzen du. Txosten osoa web orrian izango dago eskuragai, ohi bezala, edozein kontsulta izanda ere.

Dokumentuan sakonduta, sektoreka, %19,7 igo dira salmentak industrian urteko lehen lauhilekoan, 2021 urtearekin alderatuta, eta %14,3 zerbitzuetan. Aldiz, eraikuntzan -%7 egin dute behera. Lan-merkatuari erreparatuz gero, 2022ko lehen lau hilabeteetan lan etekinen jasotzaileen kopurua %2,6 igo da urte arteko terminoetan. Hemen ere 2019 eta 2020ko epealdi berdinarekin alderatuta ere hazkundeak ematen dira (+%2,6 eta +%2,3 hurrenez hurren). Ordaindutako soldatetan joera berdina nabaritzen da: 2021eko lehen lauhilekoarekin alderatuta +%6,2 igo dira, 2019ko epealdi berdinarekin +%9,9, eta 2020koarekin +%10,3.

 “Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspegitik, jarduera ekonomikotik oso gertu egoteko unea da, hau bultzatu eta babesten. Mundua ziurgabetasunez gainezka ageri da, eta gure lurraldean hazkundearen bidetik jarraitu nahi dugu”, aldeztu du. Azpimarratu duenez, “ekonomia indartsua izatea da gure ongizate estatuaren oinarria”. Honi lotuta, etorkizuneko ekonomia eraikitzen jarraitzea da 2022 honetan, Aldundiak arlo ekonomikoan duen egiteko nagusietako bat. “Bizi den maila anitzetako krisi honetatik indartuta atera nahi dugu eta, horretarako, jarduera ekonomikoa babesteaz gain, gure espezializazio arloetan eta indarguneetan sakondu eta biharko ekonomia eraikitzen jarraitu behar dugu”, azaldu du.

GI-3151 errepidea

Bigarrenik, errepideen arloan esku hartze berria onartu du Kontseiluak. Zehazki, gaur onetsi da GI-3151 errepideko 1,370 eta 1,470 kilometro puntuen eta 2,270 eta 2,350 kilometro puntuen artean lerradurak izandako ezpondak egonkortzeko proiektua. Errepide hau Ataungo Aia auzora doana da, Urkillaga mendatetik igarota. “Errepide honetan eremu ezegonkor ugari daude, eta proiektu honek hauei aurre egitea du jomuga”, esan du Mendozak. Aipatutako proiektuko obren lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 1.403.808,05 eurokoa da, eta sei hilabeteko epea aurreikusten da proiektua egikaritzeko.

Proiektu horretan jasotako jarduketen arabera, funtsean, lehen zatian 90 metroko luzera duen harri-lubetazko kontrahorma bat egingo da. Bigarrenean, berriz, kontrahormaren luzera 60 metrokoa izango da, biak ere errepidearen ezkerreko ertzean. Era berean, bigarren zatian betelan bat egingo da, hondeaketako bertako materialekin, errepidearen laugunearen segurtasuna handitzen laguntzeko. Bestalde, lerraduraren erdiko zatia, 1,415 eta 1,450 kilometro puntuen artekoa, 4,50 m-ko altuerako eustorma batekin egonkortuko da. Gainera, proiektuak drainatzea hobetzeko jarduketak ere jasotzen ditu, bai eta eragindako zatietako bide zorua birgaitzekoak eta segurtasun-hesiak ordeztekoak ere.

Mendoza foru bozeramaileak azpimarratu duenez, proiektua garrantzitsua da tokiko biztanleentzat, Aiako eta Ataungo herritarrentzat. “Esku hartzeak amaitzen direnean, nabarmen hobetuko dira bide honen erabiltzaileen segurtasun eta erosotasuna”, azaldu du diputatuak. “Aldundiak lanean jarraitzen du, Gipuzkoako herri guztietan bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzearen alde eta, honela, lurralde orekaren alde eginez”, amaitu du foru bozeramaileak.

Egoitzetako partea

Azkenik, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 18 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 51 gutxiago), 8 egoitza ezberdinetan. Pasa den astetik hona, egoiliar bat zendu da, 62 sendatu eta 21 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren 29tik hona, 65 egoiliar hil dira, eta 2.979 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 16 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 16 gutxiago) 9 egoitza ezberdinetan.

  

2127