Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea %16 jaitsi dira enpresen salmentak maiatzera arte, aurreko urtearekin alderatuta

%16 jaitsi dira enpresen salmentak maiatzera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Maiatzeko datuak apirilekoak baino hobeak dira, eta Eider Mendoza foru bozeramaileak ekonomia sustapenaren alde lanean jarraitzea defendatu du.

Gipuzkoako enpresen salmentak %25,3 jaitsi ziren maiatzean eta, emaitza hau kontutan hartuta, urteko lehen bost hilabetetan pasa den urteko epe berean baino %16,1 gutxiago saldu dute. Foru Aldundiko foru bozeramaile den Eider Mendozak ezagutarazi ditu datu hauek gaur goizean, eta Ogasunak hilero argitaratzen duen jarraipen txostenean daude jasota. “Honelako beherakadak beti dira txarrak, baina jarduera ekonomikoaren berreskuratzen ari garela ere agerian geratzen hasten da: salmenten eta esportazioen datuak, esaterako, apirilekoak baino 8-9 puntu hobeagoak dira”, azaldu du Mendozak. Aurrera begira, ekonomia sustapenaren aldeko lanarekin jarraitzearen alde egin du.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Gai ekonomikoak izan dituzte ardatz gaurkoen foru diputatuek. “Dakizuen bezala, Gipuzkoako foru Ogasunak hilero argitaratzen du txostena, gure enpresen osasunaren jarraipena egiteko zenbait adierazle jasotzen direlarik bertan: salmentak, esportazioak, enplegua, soldatak… Hileroko txosten hau erreminta garrantzitsua da Aldundiaren esparru ekonomikoan, gure ehun ekoizlearen termometro ona baita”, gogoratu du bozeramaleak.

          Azterketa lan honek jasotzen duenaren arabera, maiatzean datu txarrak jazo dira adierazle guztietan: salmenta osoak -%25,3 jaitsi dira, barrukoak -%22,5 eta esportazioak -%30,4. Inportazioak, bere aldetik, -%33,4 murriztu dira, eta enplegua eta soldatak -%4,9 eta -%11,1, hurrenez hurren. Mendozak gogoratu duenez, deseskaladaren fase ezberdinak garatu ziren maiatzean eta, ondorioz, “esan dezakegu hau ere ezohiko hilabetea izan zela, non sektore batzuen jarduera oso mugatuta egon zen oraindik”. Aldi Baterako Enplegu Erregulazioen (ABEE) eragina ere nabarmena zen oraindik ere maiatzean, eta horrek eragin zuzena izan du industria bezalako sektoreetan.

Honela, maiatzera arteko datu metatuei begiratuta, maiatzeko eragin negatiboak, apirila eta martxoaren bigarren hamabostaldian izandakoarekin batera, urtearen balantza globala negatiboan mantentzen dute. 2020ko lehen bost hilabeteetan, Gipuzkoako enpresek %16,1 gutxiago saldu dute, %14,2 jaitsi direlarik barruko salmentak eta -%19,8 esportazioak. Inportazioak, bere aldetik, -%18,4 txikitu dira, eta enplegua eta soldatak -%0,8 eta -%2,6, hurrenez hurren. “Enplegua eta soldaten kasuan jaitsierak ez dira salmentenak bezain nabarmenak, urte hasierako hilabeteetan izandako bilakaera positiboa dela eta. Hala ere, maiatzeko datuen ostean, hauek ere negatiboan sartu dira”, azaldu du Mendozak.

          Etorkizun hurbilera begira jarrita, bozeramaleak esan du “zaila” dela aurreikuspen ekonomikoak egitea, “baina datozen hilabeteetan jarduera ekonomikoa berreskuratzen jarraitzea espero dugu”. “Egoera oso ezegonkorra da, eta osasun krisiari ardura indibidual eta kolektiboaren bitartez erantzuten jarraitzea da ekonomiari ere egin diezaiokegun ekarpenik onena”, gaineratu du. Hala ere, ohartarazi du COVID-19 pandemiak “ondorio latzak” utziko dituela ekonomian, eta hortik Foru Aldundiak “hizki larriz” azpimarratu dituen bi lehentasun nagusiak, gaitzaren ondorengo agertokirako: gizarte politika eta ekonomia sustapena. “Jarduera bere onera bueltatzen doan heinean, ahalegin kolektiboa egin behar dugu gure ehun ekoizleari eutsi eta jarduera ekonomikoa krisiaren ondorioetatik babesteko. Gure ongizate mailari eustea dago jokoan eta, horregatik, Gipuzkoako Foru Aldunditik norabide horretan jarraituko dugu lanean”, esan du.

 

Pasaiako Portuarekin hitzarmena

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen sinatu du Pasaiako Portuarekin eta, akordio honi esker, foru suhiltzaileek suteei aurre hartu eta suteen zein bestelako ezbeharren aurrean esku hartu ahal izango dute kaiaren barrutian. “Pasaiako Portua, Gipuzkoarentzat, berebiziko garrantzia duen azpiegitura da”, gogoratu du Mendozak. Azpiegituraren kudeaketa Pasaiako Portuko Agintaritzaren esku dago, Madrilgo Ministerioaren agintaritzapean dagoena: “Gaurkoa bezalako hitzarmenek erakunde arteko elkarlanaren ondorio zuzena dira eta, zentzu horretan, albiste positiboak dira. Gure lurraldearen interesentzat garrantzitsua den heinean, Portuko Agintaritzarekin elkarlanean jarraituko dugu, elkarren mesedetan eta, hedapenez, Gipuzkoaren mesedetan”.

Hitzarmenaren arabera, portu-zerbitzu eremuan sortzen diren suteei edota ezbeharrei erantzuteko esku-hartzeez arduratuko dira foru suhiltzaileak, baita autobabeserako funtzioez ere, hain zuzen ere arriskuei aurrea hartu, ebakuazioak egin eta sorospena emateko. “Beraien lana izango da baita ere suteak itzali, erreskateak zein sorospenak egin eta funtsezko zerbitzuak berrezartzea”, sakondu du. Hitzarmenaren bitartez, Aldundiak Pasaiako Portuarekin daukan elkarlana indartuko da, ezbeharrak ikertu edo aztertzerako orduan, edota suteen aurkako instalazio berrien obra edo berrikuntzei dagokionean. “Azkenik, zaintza moduan hiru suhiltzaileren presentzia fisikoa bermatuko da, beharrezko baliabide teknikoekin, gai arriskutsuak kargatu eta deskargatzeko lanetarako, jarduera horiek bereziki arriskutsuak direla jotzen bada”, gaineratu du Mendozak.

  

1974