Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “2021ean artapenaren apustuari eutsi eta esfortzu berezia egingo dugu inbertsioan ekonomia suspertzeko”

“2021ean artapenaren apustuari eutsi eta esfortzu berezia egingo dugu inbertsioan ekonomia suspertzeko”

Inbertsio esanguratsuenak Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzea, Poligono 27 eta Astigaragarainoko errepide berria eta Marrutxipiko lotunea dira.

2021/02/02

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean aurkeztu du bere departamentuko 2021eko aurrekontua. Diputatuak azaldu duenez 2021eko aurrekontua prestatzerakoan, lehentasuna eman zaio Foru Aldundiaren errepide sarea modu eraginkorrean zaindu, artatu eta ustiatzeari eta inbertsio berriei.

 “Baliabideetan hazi egiten gara eta 2021eko ekitaldi honetan 87.730.680 €ko aurrekontua izango du gure departamentuak, iaz baino 1.820.680 € gehiago.  Artapenaren apustuari eusten diogu eta errepide sarearen ohiko artapen gastuetarako 880.000 €  gehiago bideratuko dira (%1,67 ko igoera) zerbitzuaren kalitatea eta errepideetako segurtasuna hobetzeko”. Programa honetan, aipagarriak dira tuneletako ekipamendua eta europar direktibara egokitzeko jarduketak. “A-15eko tunelak egokitzeko lanekin jarraitzen dugu. Aurtengoan Belabietako tunelarekin hasiko gara, 17 milioiko aurrekontua dauka tunel honen egokitzapenak, eta Ondoilar eta Gorosmendi tunelen proiektuak ere idatziko ditugu aurten bertan” azaldu du Oiarbidek.

Bestalde, prebentziozko artapen gastuetarako kredituak ere handitu egiten dira, %6,13an, eta milioi bat euro gehiago bideratuko dugu errepideen zoruak birgaitzen jarraitzeko, lerradurak egonkortzeko edo eta zarataren kontrako jarduketei ekiteko. "Errepideak hobeto kudeatzeko teknologia berrien erabileran ere sakonduko dugu, lurraldearen lehiakortasunerako eta mugikortasunerako funtsezko elementua baita, legegintzaldi honetako lehentasunetako bat izango denarekin bat etorriz: sarearen modernizazio adimentsua eta digitalizazioa”, azpimarratu du diputatuak.

Errepideak egin eta hobetzeari dagokionez, ekitaldi honetan GI-631 errepidea Azkoitia eta Urretxu artean hobetzeko obren hasierarako, Astigarragako GI-2132 errepidea Donostiako 27.poligonoarekin lotzeko eta GI-20ko Marrutxipiko lotunea egiteko diru partida handitu da. “Legealdiko hiru proiektu handienen exekuzioa hasiko dugu. Apustu garrantzitsua egin dugu ekonomia suspertzearen alde. COVID-19ak sortutako krisi ekonomikoari buelta emateko inbertsioak aurreratu egin dira beste diru partidei kalterik egin gabe”, amaitu du esanez Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak.

  

2697