Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver "2024ko bilketa-datuek konfiantza ematen dute eta Gipuzkoako ekonomiaren sendotasuna erakusten dute"

"2024ko bilketa-datuek konfiantza ematen dute eta Gipuzkoako ekonomiaren sendotasuna erakusten dute"

· Gipuzkoak aurreko ekitaldian baino % 1,8 gehiago bildu du, errentaren kanpainan eta preskribatu gabeko ekitaldietan mutualistei egindako itzulketa gehienak egin ondoren. Itzulketa horien guztien batura 235,4 milioi euro da. · Eider Mendoza diputatu nagusiak zerga-bilketari buruzko datu positiboen balioa azpimarratu du, eta nazioarteko ziurgabetasunaren aurrean, "erabateko lankidetza eskatu du Gipuzkoaren ongizatearen onerako, zerga-erreforma gauzatzeko adostasunerako atea irekiz"

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoak 6.070 milioi euro bildu zituen 2024an, 2023an baino 109,6 milioi gehiago (+% 1,8). Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak 2024ko bilketaren emaitzen berri eman du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuarekin batera. Bere mintzaldian adierazi du 2024ko datuek "konfiantza" ematen dutela eta "lurraldeko ekonomiaren sendotasuna" erakusten dutela. “Harreman komertzialetan eta geopolitikan aro berri baten atarian gauden honetan, 2024ko itxierak erakusten diguten ekonomia lehiakorra dugula, Euskadik bere osotasunean bezala.

Hala, mutualisten epaiek markatutako urte batean (% 4,2ko hasierako hazkunde-aurreikuspenak baldintzatu dituzte), Gipuzkoak urtea positiboki ixtea lortu du, 2023ko errenta-kanpainari eta preskribatu gabeko ekitaldietako erreklamazioei dagokien itzulketa egin ondoren. Guztira, 235,4 milioi euro itzuli dira 2024an, eta itzulketa gehienak ekitaldiaren barruan egin dira, Aldundiak hartutako konpromisoa betez. Eider Mendoza diputatuak nabarmendu duenez, gure lurraldeko ekonomiak erakusten duen sendotasunaren beste adibide bat da "likidazio hauek gure baliabideekin egiteko gai izan garela".

Sendotasun hori, nazioartean gero eta ziurgabetasun handiagoa dagoen arren, enpleguari eta enpresen jarduerari lotutako zifra onetan ere islatu da. Hala, diputatu nagusiak azpimarratu duenez, "horri balioa eman behar diogu", baina, era berean, onartu du badirela nolabaiteko "kezka" sortzen duten faktoreak, hala nola urteko "azken txanpako" esportazioen beherakada, AEBetatik muga-zergen arloan iristen zaizkigun albisteak edo Europako merkatu nagusien "ahulezia".

“Munduan zehar ezegonkortasuna handitzen ari den testuinguru batean, 2025 izango da industria defendatzeko urtea, industria sektore berriak garatzen jarraitzeko momentua, eta gizarte politiketan eta zainketen eraldatzen inbertitzeko urtea”, adierazi

du. Horretarako, gogorarazi duenez, “herritar guztien ongizatearen mesedetan” ekonomia eta gizarteko eragileekin “elkarlan betean” jardutea ezinbestekoa izango da eta, zentzu horretan, dei egin die batzarkide taldeei lankidetza horretara batzeko, erreforma fiskala gauzatzeko “adostasunari ateak zabalduz”.

Gipuzkoako udalerriek 630 milioi euro jasoko dituzte FOFIMen bidez

Batzar Nagusietan agertu ondoren, Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatua lurraldeko udal ordezkariekin bildu da Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan, Foru Jauregian. Bilera horretan parte hartu dute Irune Berasaluze Gobernantzako foru diputatuak eta Bittori Zabala Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak. Eudelen aldetik, Jon Iraola Eibarko alkatea, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Kerman Orbegozo Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkaria, eta Mar Zabala Eudeleko zuzendari nagusia izan dira, azken hori aholkulari gisa.

Gipuzkoako udalerriek Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik (FOFIM) 2024rako jasoko duten zenbatekoaren berri eman du Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak. Zenbateko hori 630 milioi euro da. Zenbateko hori % 3,36ko jaitsiera bat da aurrekontuarekiko, hau da, 22 milioi euroko desbideratze negatibo bat.

Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak aurreratu zuen zenbateko hori urrian egindako bileran, eta udalerriek itzuli beharko lituzkete, 2025eko ekitaldiko lehenengo konturako ematearekin batera. Kopuru horrek ez du ia aldaketarik izan urriko Finantzen Euskal Kontseiluan egindako aurreikuspenekiko. Agirrek esan du, urrian esan zuen bezala, "euskal sistema instituzionala arrisku partekatuko sistema bat dela". Beraz, "salbuespenezko egoeren aurrean, hala nola mutualisten epaiak, maila instituzional guztiei eragiten die haren inpaktuak”.

  

4650