Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “2024ko diru bilketako datuek Gipuzkoako ekonomiaren sendotasuna berresten dute eta 2025erako aurreikuspenak positiboak dira”

“2024ko diru bilketako datuek Gipuzkoako ekonomiaren sendotasuna berresten dute eta 2025erako aurreikuspenak positiboak dira”

Eider Mendoza diputatu nagusiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan azaldu duenez, mutualisten eragina 257 milioikoa izango da 2024aren amaieran.

2024/10/16

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean izan da gaur, Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Itziar Agirrerekin batera. Bertan, aditzera eman dute euskal erakundeek atzo, asteartean, Gasteizen egindako Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan aurtengo eta datorren urteko itxiera-aurreikuspenei begira egin zuten analisia. Mendozak Gipuzkoako 2024ko diru bilketako zifren balantzea egin du, eta lurraldeko ekonomiaren “sendotasuna” aipatu du. Sendotasun horri esker, 2023ko diru bilketakoak baino zifra handiagoekin amaitu ahal izango da urtea.

Mendozak bere hitzaldian adierazi duenez, “gure ekonomia eta enpresa sarearen portaera on horrek” 2024. urtea % 5,3ko igoerarekin ixtea ahalbidetuko luke, hau da, 2023an baino 318 milioi euro gehiagorekin. Zifra horrek gainditu egingo luke iazko urrian Finantzen Euskal Kontseiluan ezarritako % 4,2ko hasierako aurreikuspena; 2024an 6.210 milioi euro biltzea aurreikusten zen.

Hala ere, honako hau adierazi du: “Urte hau, azkenean, salbuespenezkoa izan da, Auzitegi Gorenaren epaiek eragindako mutualistei egin zaizkien itzulketek diru bilketaren zenbatekoak baldintzatu baitituzte”. Gogoratu behar da epai horiek berekin zekartela pentsioen zerga-ordainketa murriztea, 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen mutuetan kotizatu zutenentzat. Hala, Mendozak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak dagokien minorazioa aplikatu diela kaltetuei 2023ko errenta kanpainan, eta, horrez gain, PFEZean zuzenketa hori erreklamatu zuten pertsonei preskribatu gabeko ekitaldietako (2019-2022) itzulketak egiten hasi zela uztailean. Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, itzulketa gehienak uztailean egin ziren, eta orduan hartutako konpromisoa betez, “hemendik urte amaierara zuzenketa horiek guztiak egitea espero da”.

Foru Ogasunak aurreikusten du 2024an egindako itzulketen guztizko zenbatekoa 257 milioi eurokoa izango dela. Horrek eragina izango du 2024ko diru bilketan, 6.021 milioi eurokoa izango dela aurreikusten baita, 2023ko likidazioa baino % 1,02 handiagoa.

Datorren urteari begira, euskal erakundeek hazkundearen bidean aurrera egitea aurreikusten dute. Hala ere, Mendozak gogorarazi du egoera makroekonomikoa ziurgabetasunez beteta dagoela, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gerren eta Frantziako

eta Alemaniako merkatuen geldialdiaren ondorioz, eta, beraz, zaila dela lurraldearen jarduera ekonomikoari buruzko aurreikuspenak egitea. Nolanahi ere, adierazi duenez, “egindako aurreikuspenak bat datoz Eusko Jaurlaritzaren BPG nominalaren hazkundearen aurreikuspenarekin (% 4,3)”. Gipuzkoaren kasuan, 6.497 milioi euro biltzea aurreikusten da, aurtengo itxierako aurreikuspenean baino 476 milioi euro gehiago; hau da, % 7,9ko hazkundea izatea.

% 7,9ko hazkunde hori, era berean, Auzitegi Gorenak mutualisten alde emandako epaiek baldintzatzen dute. Mendozak zehaztu duenez, epaia eman izan ez balitz, 2024an espero diren ondorioekin, “hazkundea aurreko ekitaldietakoaren antzekoa izango litzateke; % 4,4koa, alegia”.

Aurkeztutako zifrei dagokienez, honako hau adierazi du Mendozak: “erakunde publikoek baliabide nahikoak izango ditugu zerbitzu publikoak indartzen jarraitzeko eta gure herritarren ongizate integralera bideratutako politikak bultzatzeko. Horregatik, 2025ean gure lurraldearen zerbitzura lanean jarraitzea aurreikusten dugu, Gipuzkoaren gizarte kohesioa eta aurrerapen ekonomikoa bermatzeko”. Eta mezu hau zabaldu du: “konfiantzaz, ilusioz eta anbizioz lan egiten jarraitu beharra daukagu denen artean, ezegonkortasun globalaren testuinguruaren aurrean, orain arte egin dugun moduan aurrera egiten jarraitzeko”.

Epe laburrerako neurriak eta erreforma fiskala

Zerga erreformaren prozesuan dauden honetan, diputatu nagusiak nabarmendu du foru erakundea murgilduta dagoela zerga erreformaren arauaren aurreproiektua idazten, eta bertan Gipuzkoako Batzar Nagusiek aurtengo urtarriletik uztailera bitartean egindako txostenean identifikatutako hamaika erronka sozial eta ekonomikoak integratzea aurreikusten dela. Finantzen Euskal Kontseiluak atzo egindako prentsaurrekoan, euskal erakundeek aurreratu zuten aurreproiektu hori udazkenean aurkeztuko dela, 2025eko lehen hiruhilekoan onartu ahal izateko. Ildo horretan, Mendozak hauxe adierazi du: “epe laburrean, gure borondatea da neurriak luzatzen jarraitzea, hala nola, 200 euroko kenkaria 35.000 eurotik beherako errentetarako eta nekez justifikatzen diren gastuetarako forfait areagotuak, garraiolarientzat, autonomoentzat eta lehen sektorearentzat”. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak foru dekretu arauemaile bat egitea aurreikusten du, urtea amaitu baino lehen Gipuzkoako Batzar Nagusiek onar dezaten.

  

4708