Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Adinekoenganako adinkeriarik gabeko komunikazio-gida´, zahartzaroari buruzko inklusioa sustatzea helburu duen tresna

‘Adinekoenganako adinkeriarik gabeko komunikazio-gida´, zahartzaroari buruzko inklusioa sustatzea helburu duen tresna

· Gipuzkoako Foru Aldundiko Gunea aretoan aurkeztu den gida honek helburu du estereotipoak desagerraraztea eta adinekoei eta haien duintasunari buruzko narratiba positiboa sustatzea. · Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak adinkeriari aurre egiteko lagungarria izango den tresna baten beharra azpimarratu du, baita gizartea errealitate horren inguruan kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko garrantzia ere.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Orue Auzolana Fundazioaren eta HelpAge Espainia Fundazioaren GIZADIBERRI proiektuarekin lankidetzan, ‘Adinkeria komunikabideetan’ jardunaldian antolatu du gaur Gunea aretoan. Ekitaldiaren helburu nagusia izan da komunikazioaren ikuspuntutik adinkeria nola gaindi daitekeen aztertzea.

HelpAge Españak garatu du gida eta GIZADIBERRIk euskaratu du. Komunikaziora dedikatzen diren profesionalei eta hirugarren sektoreko erakundeei zuzenduta dago, eta nahia da zahartzaroak eta adinekoek hedabideetan duten tratua bidezkoagoa eta egiazkoagoa izatea. Hala, jardunaldian zehar, aditu ezberdinek komunikazioaren garrantzia aztertu dute, hau funtsezkoa izan baitaiteke adinari lotutako estereotipoak eta aurreiritziak murrizteko.

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak adierazi duenez, bizi-itxaropenak gora egin duen heinean, duintasunez eta autonomiaz zahartzeko nahiak ere gora egin du: "Hala ere, zahartzaroak gizartean duen irudia askotan negatibo da, estereotipatua izaten jarraitzen du. Gipuzkoako Foru Aldundiak, gida honetan egindako lankidetzaren bidez, adinkeriaren inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatu nahi du, bai eta komunikabide, pertsona eta erakunde interesdunei pertzepzio oker horiek zuzentzeko beharrezko tresnak eskaini ere".

Peñak nabarmendu duenez, komunikabideak eta sare sozialak dira eduki-sortzaile nagusiak, eta, beraz, funtsezkoa da zahartzaroari buruzko narratiba aldatzeko gaitasunak eskuratzea: "gaur egun, 65 urtetik gorako pertsona askok osasun ona, sasoia dute, baina askotan ematen diren irudiek mendekotasuna edo urritasuna proiektatzen dute. Aurkeztutako gidak gai horiek jorratzen ditu eta komunikazioaren profesionalei zuzendutako glosario bat ere eskaintzen du ".

Zahartzaroari buruzko komunikazio egokiaren garrantzia

Ainara Arregik, Gizadiberriren izenean, adierazi du HelpAge Españak prestatu eta GIZADIBERRIk euskaratutako gidak zahartzaroari buruzko egungo narratiba aldatzearen garrantzia azpimarratzen duela. Arregik azaldu duenez, "komunikabideek adineko pertsonak talde uniforme gisa tratatzen dituzte," gure edo gure adinekoak "bezalako hitz paternalistak erabiliz; beraietaz ari direnean aitona-amona bezalako terminoak erabiltzen dituzte, eta horrek haien aniztasuna desagerrarazi eta indibidualtasuna minimizatzen du". Gidan baita ere, nabarmentzen da pertsona nagusiek komunikabideetan ahotsa izatearen garrantzia: "Ez dute hitz egiteko aukera askorik izaten, eta askotan beste batzuk dira haien ordez hitz egiten dutenak; eta horrek jarrera paternalistak betikotzen ditu. Gidak azpimarratzen du funtsezkoa dela hedabideek praktika horiek saihestea eta adinekoek beren ikuspegiak eta esperientziak partekatzeko aukera ematea ".

Adineko emakumeen falta

Gidak funtsezko gai bat ere azpimarratzen du: adineko emakumeek komunikabideetan duten ikusgaitasun eza. Ordezkaritza mugatua dute eta, agertzen direnean, bigarren mailako rolak betetzen dituzte. Gidak egoera hori eraldatzearen garrantzia azpimarratzen du, adineko emakumeen esperientzia eta ekarpena gizartean zein hedabideetan aitortu eta balioetsi dezaten.

Komunikazioaren profesionalei laguntzeko glosario bat

Gainera, gidaliburuak hedabideetako profesionalen lana errazteko diseinatutako glosario bat du, eta bertan zahartzaroarekin lotutako gaiak lantzean adinaren araberako estereotipo eta ikuspegi diskriminatzaileak saihesteko termino egokiak proposatzen dira.

Jardunaldia

Gaurko ekitaldian, gidaren aurkezpenaz gain, solasaldi bat izan dute Rakel San Sebastianek, Adinberriko zuzendariak, eta Elena del Barriok, Matia Fundazioko zuzendarikideak. Adinkeriari buruz hitz egin dute hiru ikuspegitatik: instituzionala, pertsonartekoa eta autoinfligidoa. Testuinguru horretan komunikabideek duten zeregina ere aztertu dute. Halaber, Amaia Goikoetxea Kazetarien Euskal Elkargoko lehendakariak adinkeria egungo gizartearen ikuspuntutik aztertu du.

  

4630