‘Arrimu Programaren’ egonkortzea, 2022tik kontsumo aktiboa eta buru-nahasmena duten 81pertsona artatu eta gero
Volver ‘Arrimu Programaren’ egonkortzea, 2022tik kontsumo aktiboa eta buru-nahasmena duten 81pertsona artatu eta gero
‘Arrimu Programaren’ egonkortzea, 2022tik kontsumo aktiboa eta buru-nahasmena duten 81pertsona artatu eta gero
· Programa abian jarri zenetik, gazte horien 60 senidek ere jaso dute laguntza. · Gipuzkoako Foru Aldundiak osotasunean finantzatzen du ‘Arrimu Programa’, urtean 89.177 euroko ekarpenarekin. Era berean, urtean 3 milioi eurotik gora bideratzen ditu Gizakia Helburu fundazioko beste hainbat programa eta zerbitzu finantziatzeko.

Gizakia Helburu Gipuzkoaren ‘Arrimu Programa’ egonkortu da, funtsezko baliabidea bihurtuz, substantzia kontsumo aktiboa eta buru-nahasmena duten 18 eta 25 urte bitarteko gazteei arreta emateko. 2022ko abenduan abiatu zenetik, espazio terapeutiko gisa funtzionatu du Gizakia Helburuk Hernanin duen eguneko zentroan eta arreta anbulatorioan; guztira, 81 gazteren arazoei modu integralean heldu zaie.
Gipuzkoako Foru Aldundiak osotasunean finantzatzen du programa, urtean 89.177 euro bideratuz; eta, horrek baliatu du nerabezaro berantiarra duten gazteekin lan egitea eta arreta sendotzea. Gainera, programak funtsezko laguntza eskaini die familiei, errehabilitazio-prozesuan aktiboki parte hartzeko aukera emanaz eta seme-alaben errekuperazioan duten funtsezko zeregina aitortuz.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua Hernaniko instalazioetan izan dira. Bisitan zehar, Gizakia Helburuko zuzendaria, Izaskun Sasieta, izan dute lagun, eta hurbiletik ezagutu dituzte bertan eskaintzen diren zerbitzuak; era berean, programak, erabiltzaileen esperientziak eta talde profesionalaren bizipenak ezagutzeko aukera izan dute.
“Gipuzkoa lurralde arduratsua da, persona guztiei ongizatea, aukerak eta etorkizuna eskaintzeko elkarlanean diharduena”, aipatu du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak. Gaineratu duenez, hitz horiek are eta zentzu “beteagoa eta sakonagoa” hartzen dute gazteez ari garenean. “Pertsona gazteak dira edozein komunitateren geroa eta haien errealitate, behar eta arazoak, gipuzkoar guztionak dira”, berretsi du. Desafio horien artean daude, esan duenez, substantziekiko adikzioak eta buru osasuna. “Gizarte gisa ezin diegu errealitate horiei bizkarra eman, pertsona hauek, famili hauek, behar dute babesa eta zaintza, behar dute esperantza, behar dute aurrera begirako bide bat. Eta zerbitzu eredugarri honen bitartez, erantzun integral bat eskaintzen diegu errealitate oso konplexuak bizi dituzten gazteei”, balioa eman dio.
Horregatik, Mendozak Gipuzkoako Foru Aldundiaren “konpromiso erabatekoa” berretsi du pertsona ororen “ongizate integrala babesteko eta garatzeko” tresnak jarraitzeko garaian.
“Gizakia Helburu elkartea bidegilea da alor honetan, 40 urteko esperientzia eta jarduna duena, eta elkarlanean jarraituko dugu edozein adikzioren aurrean pertsonen duintasuna, ongizatea eta etorkizuna bultzatzen jarraitzeko”, gehitu du.
Gipuzkoa Gizarteratzeko Elkar Ekin II Plana 2022-2026
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarteratzeko Elkar Ekin II. Planak adierazten duen bezala, gizarte-bazterketako faktore nagusien artean daude osasun mentaleko arazoak eta kontsumoak, eta adikzioak, eta kasu askotan elkareraginez azaltzen dira. Testuinguru horretan, ‘Arrimu Programak’ hainbat estrategiari erantzuten die, hala nola, esku-hartze komunitarioak diseinatzea gizarte-bazterkeriako arrisku handiko eremuetan, buruko nahasmenduen eta adikzioen arrazoiei helduz; esku-hartze espezifikoak ezartzea kolektibo ahulenei osasun-sistemarako sarbidea errazteko, hirugarren sektoreak bitartekari gisa duen zeregina indartuz; eta arrisku edo kalteberatasun bereziko egoeran dauden pertsonen artean osasunaren sustapena eta adikzioen prebentzioa bultzatzea.
Programa bat dator, baita ere, Adikzioen VII. Planaren helburuekin: substantzien kontsumoa eta jokabide-adikzioak murriztea, norberaren, familiaren eta komunitatearen osasunean ahalik eta eragin txikiena izateko.
Artatutako pertsonen profila
‘Arrimu Programan’ artatutako herritarrrak 18 eta 25 urte bitarteko gazteak dira, eta bataz beste 22,2 urte dituzte; hainbat arazori aurre egin behar diete, hala nola delinkuentziari, ikasketak eta lana uzteari, buru-nahasmenari, arriskuko sexu-jokabideei, substantzien kontsumoari eta inpultsoak kontrolatzeko eta indarkeria kudeatzeko zailtasunei. Orain arte artatutako gazte horietako gehienak, 71, gizonak dira, eta 9, emakumeak.
‘Arrimu Programaren’ helburu nagusia da gazte horien errehabilitazioa eta gizarteratzea erraztea, beraiei eta haien familiei tresnak eta laguntza eskainiz.
Bestalde, gazte hauen familiek gainezka emozional handiko egoerak bizi izan dituzte, mugak ezartzeko zailtasunak eta familia-dinamikan duten rolari buruz hausnartzeko erresistentzia. 60 senide hartatu dira, 35 emakumezkoak dira eta 25 gizonezkoak; eta harremanari dagokionean, denetarik dago: gurasoak, anai-arrebak, bikoteak, aitona-amonak, hezitzaileak eta beste arduradun batzuk.
Programan onartzeko irizpideak eskatzen du pertsonak abstinente izateko zailtasunak dituen mendekotasun-arazo bat izatea, nolabaiteko borondatezkotasun-maila erakustea eta Plan Terapeutiko bat adostea onartzea. Ikuspegi humanista batetik, egindako lanak erabiltzaileak eta haien familia-ingurunea hartzen ditu barnean, etengabeko laguntza emozionala bermatuz.
Halaber, azpimarratu behar da talde terapeutikoa funtsezkoa dela prozesu honetan, beraik ziurtatzen baitute ‘ez abandonatzearen’ filosofia esku-hartzearen oinarri izatea, betiere errekuperazio-prozesuarekin jarraitu nahi dutenei laguntza emanez.
Lankidetza Aldundiaren eta Gizakia Helburu-Izan Fundazioaren artean
Gizakia Helburu - Izan Fundazioarekiko lankidetza hori familiekin gizarte eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuetan gauzatzen da, hau da, alkoholaren kontsumoarekin, jokabide-adikzioekin eta substantziekin lotutako esku-hartze programetan, bai eta Eraiki, Arrimu eta Norbera programetan ere. Lankidetza hori arreta ematean ere gauzatzen da. Horien arten daude: bazterketa eta marjinazio-egoeran dauden pertsonentzako egoitza-zentroak, hala nola, Gizarteratze Zentroa (60 plaza), Urigain (20 plaza), alkoholismo-programa (8 plaza) eta laguntza-modulua (6 plaza). Era berean, gizarteratzeko zerbitzuak eskaintzen dira Ulia-enea eta Henaniko eguneko zentroen bitartez, bakoitza 28 plazarekin.
40 urteko ibilbidea: Gizakia Helburu - Fundación Izan
Duela 40 urte, Donostiako Elizbarrutiak drogekin arazoak zituzten pertsonei eta haien familiei zuzendutako proiektu bat bultzatzea erabaki zuen, une horretan baztertua eta arretarik gabe bizi zen sektoreetako bat zelako. Jose Maria Setien Donostiako gotzaina, Iñaki Aldabalderekin batera, Italiako Elkartasun Zentroarekin (CEIS) harremanetan jarri zen, eta bertan garatzen ari ziren Hezkuntza eta Terapia Programa (Progetto Uomo) ezagutzeko aukera izan zuten. Azkenik, eredu hori Gipuzkoan ezarri zen, eta metodologia hori aplikatu zuen Estatuko aurreneko zentroetakoa izan zen. Hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtean 3 milioi eurotik gora bideratzen ditu Gizakia Helburu fundazioko hainbat programa eta zerbitzu finantziatzeko.
Nahi horrekin, Gizakia Helburu Programaren sorrera sustatu zen, droga menpekotasuna zutenei eta haien familiei arreta integrala ematera bideratua; eta denborarekin, arreta hori mendekotasun-mota batzuetara hedatu da.
Urteetan zehar, Gizakia Helburu - Izan Fundazioa erreferentziazko erakunde bihurtu da Gipuzkoan adikzioen tratamenduan eta arrisku-egoeran dauden nerabeen arretan. Artatutako pertsonei eta haien familiei gogobetetze eta ongizate-maila handia eskaintzeagatik nabarmendu da erakundea, haien lan eta lanbide-garapenarekin konprometitutako profesional eta boluntario talde baten bidez. Erakundeak beti izan du gizarte-arloan parte hartzen duten erakunde eta entitateen laguntza, elkarrekin lan eginez eta baliabideak etengabeko hobekuntzaren printzipioen arabera kudeatuz.
4182