“Atsekabe eta sumindura sakona” Bidasoako uretan gertatutako heriotzagatik
“Atsekabe eta sumindura sakona” Bidasoako uretan gertatutako heriotzagatik
Europara bidean doazen migratzaileentzako igarobide korridore seguruak sortzea eskatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, bere “atsekabe eta sumindura sakona” adierazi du Bidasoako uretan hildako migratzaile baten heriotzagatik; izan ere, lehen zantzuen arabera, jatorri afrikarreko gizon bat izan liteke, ibaia igerian zeharkatzen saiatzen ari zena Frantziako estatura iristeko –azken urte honetan egoera berean bizia galdu duen hirugarren biktima izango litzateke–. “Gipuzkoatik nire elkartasun eta hurbiltasun osoa helarazi nahi nieke haren senideei eta hurbilekoei; nahi nuke lurralde solidario baten sentimendua helaraztea, Europarako bidean pertsona bat modu bidegabean hil izanagatik izugarri tristetzen eta sumintzen den lurralde baten sentimendua”, adierazi du Olanok.
Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Bidasoaldeko muga Euskal Herriaren “sufrimenduaren eta minaren lekuko” izan da historian zehar. “Ezin dugu giza drama hori onartu edo normalizatu, ez Europako beste toki batzuetan, ez Mediterraneoan, ez Atlantikoan, ezta gure herrialdean ere, kasu honetan Bidasoako uretan”, gaineratu du. Horregatik, Olanok Europari eskatu dio migratzaileentzako igarobide-korridore seguruak sortzea. Horretarako, adierazi duenez, beharrezkoa da “borondate politiko irmoa”, pertsona horiek, etorkizun hobe baten bila doazela, bizitza arriskuan jartzea saihestuko duten “egiturazko neurriak” bultzatzeko.
“Gizarteak eta erakundeek, bereziki migrazio politiketan eskumenak dituztenek, gure esku dagoen guztia egin behar dugu hain gertaera mingarriak errepika ez daitezen. Giza eskubideek, elkartasunak eta giza duintasunak gidatu behar gaituzte bizitza hobe baten bila gerra, gatazka eta nekeak atzean uztea erabakitzen duten pertsonak artatzeko orduan”, adierazi du.
Aldundiak gainerako erakundeekin koordinatuta lanean jarraitzen du, heriotz honen inguruabarrak argitzeko. Olanok beste behin ere eskertu du Gipuzkoako suhiltzaileen eta hildako pertsonaren gorpua erreskatatzen parte hartu duten larrialdi-zerbitzu guztien lana. Azkenik, Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin, udalekin eta gizarte-eragileekin lankidetza estuan jarraituko duela azpimarratu du, “migratzaileen errealitateari ahalik eta erantzun egokiena” ematen laguntzeko, betiere giza eskubideei, duintasunari eta elkartasunari lotutako balioetatik abiatuta.
1805