“Aurrekontu sozial eta inbertsorea aurkezten dugu, lurralde bezala ditugun gaurko beharrei eta etorkizuneko erronkei erantzutea xede duena”
“Aurrekontu sozial eta inbertsorea aurkezten dugu, lurralde bezala ditugun gaurko beharrei eta etorkizuneko erronkei erantzutea xede duena”
“Aurrekontu sozial eta inbertsorea aurkezten dugu, lurralde bezala ditugun gaurko beharrei eta etorkizuneko erronkei erantzutea xede duena”
Foru Gobernuak 2023ko aurrekontu proiektua aurkeztu du Batzar Nagusietan, inoizko zuzkidurarik handiena izango duena.
Markel Olano diputatu nagusia, Batzar Nagusietan.
Foru gobernua Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2023ko aurrekontu proiektua aurkezten ari da gaur eta bihar Batzar Nagusietan, erakundearen historiako zuzkidurarik altuena aurreikusten duena. Zehazki, foru erakundeak 1.129,4 milioi euroko aurrekontu propioa izango du, 2022an baino 87,6 milioi gehiago (+%8,41), eta izaera sozial eta inbertsore argia izango du. Proiektua hiru zutabe nagusitan oinarritzen da: arlo soziala, ekonomikoa eta iraunkortasunari lotutakoa. “Bizi dugun ziurgabetasun sozial eta ekonomikoaren aurrean, konfiantzazko mezu bat helarazi nahi dugu: Aldundia eta Euskadiko erakunde guztiak prest gaude datorrenari neurri eta ekintza zehatzekin aurre egiteko, orain arte egin dugun bezala”, Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu duenez.
Foru arduradunak aurrekontuak duen izaera soziala azpimarratu du, 500 milioi euro baino gehiago bideratzen baititu alor horretara, aurrekaririk gabeko zuzkidura. Gainera, biztanleko inbertsioak ere 700 euroko muga gainditzen duela nabarmendu du, eta horrek, bere ustez, argi uzten du proposamenaren bokazio soziala. Ekonomia arloan, Olanok aurrekontuak inbertsiora bideratuta daudela azpimarratu du, izan ere, guztira 246,8 milioi bideratzen dira helburu horretara, 2022an baino 26,8 milioi gehiago (% 13,61eko igoera), foru arduradunak azpimarratu duenez, aurrekontuaren hazkundearen gainetik. “2023an, aurrekontu hauekin, Gipuzkoak jauzi kualitatibo bat eman nahi du etorkizuneko ekonomia eraikitzeko”, errepikatu du.
Azkenik, jasangarritasunarekiko konpromisoa, klima-aldaketaren aurkako borroka eta aurkeztutako proposamenak eredu sozial eta ekonomiko iraunkorrago baterako trantsizioa egiteko duen asmoa ere nabarmendu ditu diputatu nagusiak, Ingurumeneko departamentuari dagozkion partidetan % 18ko igoera dagoela nabarmenduz. “Aurrekontu hauen bidez, epe laburreko beharrak epe ertain eta luzeko ikuspegiarekin konbinatzen ditugu eta, horren adibide gisa, Etorkizuna Eraikizek bultzatzen dituen proiektu estrategikoak martxan jartzeko erabiltzen ditugun baliabideak azpimarratu behar dira. Horiekin, Gipuzkoak etorkizuneko ekonomia eraikitzearen aldeko apustua egiten du, biharko ongizate estatuaren oinarria izango dena”, azpimarratu du.
Ogasuna eta Finantzak
Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatua izan da batzordetik pasatu den lehenengo foru arduraduna. Horrela, Ogasun eta Finantza departamentuaren kasuan, datorren urterako zuzkidura 57,7 milioi eurokoa izango da. Horrek esan nahi du 2,6 milioi euroko igoera jazo dela (+%4,66) aurreko urtearen aldean. Jokin Perona foru diputatuak jakinarazi duenez, aurrekontu kontinuista da, eta aurrekontu-igoera ia osoa langileen gastuetara bideratzen da.
Era berean, Foru Aldundiko arduradunak nabarmendu du 2023an departamentuak digitalizazioaren alorrean egiten ari den ahaleginari eutsiko diola, 9 milioi inguru inbertituko baitira, eta esfortzu horri eusten ari zaio azken urteotan. “Erakunde modernoa eta aurreratua izan nahi dugu, eskuragarria, gardena. Teknologiaren aldeko apustu sendoa egiten ari gara, herritarrei kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzeko eta herritarrek zerga-administrazioarekin lan egiteko erraztasun handienak izan ditzaten”, azpimarratu du.
Testuinguru horretan, Peronak TicketBAI proiektuaren garrantzia azpimarratu du, departamentuak esku artean duen ekimen garrantzitsuenetako bat baita. "Ezarpen fasean gaude, baina zerbitzua hobetzeko, digitalizazioan sakontzeko eta iruzur fiskalaren aurkako borrokan aurrerapauso handia emateko aukera emango digun proiektua da", adierazi du Ogasun diputatuak. Osatu duenez, 2022an 1,2 milioi euro handitu zen proiektu horren gastua, eta hurrengo ekitaldian ere mantendu egingo da. “Lurralde gisa dugun erronka da, gizarte bidezkoago eta aurreratuago baterantz hobetzeko aukera emango diguna”, adierazi du.
Diputatu nagusiaren arloa
Diputatu nagusiaren arloko zuzendaritzei dagokienez, departamentuak aurrekontu kontinuista bat aurkeztu du. Diputatu nagusiak azaldu duenez, arlo honetako zuzendaritzek lan egingo dute Etorkizuna Eraikizen irismena eta zeharkako izaera hedatzen jarraitzeko, eta, aldi berean, klima-aldaketaren aurkako borrokan beharrezkoa den eraldaketa soziala eta ekonomikoa sustatzen da, bai eta lurraldean gizarte, genero eta hizkuntza desberdintasunak ez areagotzeko politika publikoak indartzen ere.
Ikuspegi estrategiko horrekin, diputatu nagusiaren kabineteak 26,6 milioi euroko partida globala du aurrekontu proiektuan, hau da, iaz baino % 3,08 gehiago (800.000 euro gehiago). Gehikuntza hori, batez ere, euskarazko hedabideentzako dirulaguntzen hazkundearen ondorio da, bai eta langile gastuen igoeraren ondoriozko gastuen emaitza ere. Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzan, aipatutako igoeraz gain, Topagune Euskara Elkarteen Federazioarekin hitzarmen berri bat egitea ere aurreikusten du.
Berdintasun Zuzendaritzan, aurrekontuak beherakada txiki bat izan du (-%2,69), baina arlo horretako lan-ildo nagusi guztiak mantendu ditu. Bestalde, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritzak aurrekontu kontinuista aurkeztu du, dirulaguntzen ildoei eutsiz, eta Eusko Jaurlaritzaren aldeko ekarpena egitea aurreikusi du, Giza Eskubideen arloan baliabide pedagogikoak lantzeko akordio baten barruan. Azkenik, Estrategiako foru zuzendaritzak Etorkizuna Eraikiz ekosistemari bultzada berri bat emateko lan egingo du, bereziki haren zeharkako izaerari.
Gobernantza
Gobernantzako departamentuaren kasuan, aurrekontu proiektuak 69 milioi euroko zuzkidura ezartzen du datorren urterako, oraingo ekitaldian baino 4,2 milioi gehiago (+%6,4). Mendoza diputatuak azaldu duenez, jarraipena izango duen aurrekontua izango da, eta igoera, batez ere, datorren maiatzeko hauteskundeak antolatzeko eta langileen gastuen igoera estaltzeko izango da. Foru diputatuak gaineratu du departamentuaren erronka nagusia Aldundiaren eraldaketa prozesuari jarraipena ematea izango dela, XXI. mendeko administrazio modernoa eta aurreratua izaten jarraitzeko. “Gipuzkoarrek dituzten beharrei erantzuteko administrazio bat gara eta izan behar dugu, eta herritarrek dituzten eskaera eta itxaropen berriei erantzuteko gai izan behar dugu”, adierazi du.
Programetara jaitsiz, Herritarren Partaidetzaren kasuan, Aurrekontu Irekietara bideratutako partidak nabarmen haziko dira, 1,6 milioi euroko igoerarekin (+%74,75). Zati handiena 2022-2023 Aurrekontu Irekien prozesuan herritarrek aukeratutako proiektuen gauzatzea finantzatzeko da. “Parte-hartzeak berebiziko garrantzia du etxe honentzat, eta Aurrekontu Irekiak horretarako bide zuzena irekitzen digun ekimena dira. Aurrekontu hauek konpromiso hori jasotzen dutela uste dut”, nabarmendu du. Azkenik, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zuzendaritzaren kasuan, hazkunde txiki bat aurreikusten da langileen gastuen igoerari eusteko edo zerbitzuari lotutako eraikinen birgaitze energetikoa bezalako inbertsioei ekiteko.
Ingurumena eta Obra Hidraulikoak
José Ignacio Asensio bigarren diputatu nagusiorde eta Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “legealdiko azken aurrekontu hauek ezin hobeto islatzen dute mantendu dugun gobernu-akordioa, non lehentasuna eman baitzaio gizarte-politikak finkatzeari, gaur egungo ziurgabetasun-garaian oso beharrezkoa dena, eta apustu irmoa egin baita etorkizun iraunkor eta lehiakor baten alde gipuzkoar guztientzat bizi kalitatea bermatzeko inbertsio estrategikoen bitartez”.
Hori da Jose Ignacio Asensio diputatuak zuzentzen duen Ingurumen Departamentuaren kasua; 40 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du 2023rako eta %18 handitu da iazkoaren aldean. 10 milioi eurorekin lehentasuna emango zaio energia-trantsizioari, energia berriztagarrietan, autokontsumoan eta energia-pobreziaren aurkako borrokan oinarritutako energia-kultura berri bat ezartzeko. Tokiko energia-komunitateak izango dira energia-jasangarritasunaren estrategiaren giltzarri, eta apustu estrategiko bat egingo da energia berriztagarriaren sorkuntza- eta autokontsumo-eredua industria-sektorera eramateko “egungo inflazio-egoeran eta energia-kostuen igoeran, ezinbestekoa da, alde batetik, familiei laguntzea, eta, bestetik, gure industria-sareari laguntzea, batez ere Gipuzkoako ETEei eta autonomoei, lehiakortasunari euts diezaioten”.
Ekonomia Zirkularraren aldeko apustua, beste 10 milioi eurorekin, Ingurumen Departamentuaren beste apustu estrategiko bat da, eta lurraldeko egungo eredu ekonomikoa aldatzeko proiektuak eta deskarbonizazio-planak ditu, “gure ardatz estrategikoetako bat da Gipuzkoan ekonomia berde berriaren finkatzea bizkortzea, emisioak murrizteko, aberastasuna sortzeko eta enplegua sortzeko, gipuzkoarren bizi-kalitatea hobetzeko eta gipuzkoarren enpleguaren kalitatea zaintzeko”. Ildo horretatik, aipatzekoak dira Berrerabilpena Prestatzeko Zentroa, hidrogeno berdearen aldeko apustua GHKren bidez garraioaren deskarbonizazioa bultzatzen jarraitzeko, eta Zumarragako Plastikoaren Ekonomia Zirkularreko Berrikuntza Gunea.
Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Ingurunea
Jabier Larrañagak zuzentzen duen departamentua bere zuzkidura ekonomikoa indartuta ikusten duenetako bat da, 127,8 milioira iritsiz, aurreko urtean baino % 7,46 gehiago. 2023koarekin hiru ekitaldi jarraian dira igoerak jazo direna, eta horrek erakusten du foru gobernuak lehentasuna eman diola esparru horri. “Aurrekontu kontraziklikoak eta inbertsoreak dira, eta horiekin gure ehun ekonomikoaren oinarri lehiakorrak indartu nahi ditugu, eta jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatu, zalantzazko eta eraldaketazko testuinguru batean. Gure enpresa txiki eta ertainek trantsizio digital, ekologiko eta sozial handiei arrakastaz aurre egin ahal izan diezaieten lagundu nahi dugu, hurrengo belaunaldiei ekonomia indartsu bat uzteko asmo sendoarekin, ongizatearen eta kohesio sozialaren bermerik onena baita”, adierazi du.
Ildo horretan, nabarmentzekoa da Etorkizuna Eraikiz programaren erreferentziazko proiektuek eta estrategiek jasoko duten bultzada, 37,1 milioirekin, ia % 20 gehiago: MUBIL poloaren hedapena mugarri nagusietako bat izango da, teknologia kuantikoak, terapia aurreratuak, Elkar-EKIN, Adinberri edo ZIUR ahaztu gabe. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako programak ere % 30eko hazkundea izan du. Gipuzkoako I+G zentroei, ETEen nazioartekotzeari eta eraldaketa digitalari ematen zaien laguntza handituko da, eta, horrez gain, enplegagarritasunera, ekintzaileetara, talentura edo enpresen lehiakortasunera bideratutako programak finkatuko dira.
Aldundiak handitu egin ditu, halaber, lehen sektorea babesteko eta modernizatzeko partidak, 17,7 milioiraino hazi baitira, nekazaritza ekologikoa bultzatzeko ekintzak, belaunaldien arteko erreleboa, krisiaren aurkako laguntzak edo herri txikiei laguntzeko Landagipuzkoa programa barne. Azkenik, Mendiak eta Natura Ingurunea eta Fauna eta Flora zuzendaritzetan egindako inbertsioak ere gora egin du, ia 16 milioi. Honako hauek dira, besteak beste, lan-ildo nagusiak: Basotik fundazioaren hedapena, basoen kudeaketa jasangarrirako oinarriak ezarri nahi dituena; basoak mantentzeko eta hobetzeko laguntzak, landaketak eta birpopulaketak barne; mendiko larreen kudeaketa; eta biodibertsitatea zaintzea.
4000