“Azken urtetan zorra murrizteko egindako lanari esker, indar gehiagorekin egin dezakegu orain krisiaren kontra”
“Azken urtetan zorra murrizteko egindako lanari esker, indar gehiagorekin egin dezakegu orain krisiaren kontra”
“Azken urtetan zorra murrizteko egindako lanari esker, indar gehiagorekin egin dezakegu orain krisiaren kontra”
Aurrekontu proiektua aurkeztu du Batzar Nagusietan Aldundiak, pandemiaren ondorioei eman beharreko erantzuna indartzeko erreminta izango dena.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Foru Aldundiak azken urteotan bere finantza egoera indartzeko egin duen ahaleginean jarri du azpimarra, foru erakundearen zorra 130 milioi eurotan murriztea ekarri baitu. "Kudeaketa on horri esker, haizea aldatu den honetan, prest gaude COVID-19ren pandemiak sortutako krisi sozial, sanitario eta ekonomikoari indar gehiagorekin erantzuteko", azaldu du. Ahalegin hori Aldundiaren 2021eko aurrekontu-proiektuan gauzatuko da. Foru Aldundiak gaur aurkeztu du proiektu hori Batzar Nagusietan, eta "foru erakundeak pandemiaren ondorio sozio-ekonomikoei ematen ari zaion erantzuna are gehiago indartzeko" balioko du.
Aurkezpena Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordea egin da, eta bertan Jokin Perona arlo honetako diputatuak proiektuaren aurkezpen orokorra egin du, ondoren zuzentzen duen departamentuari buruzko xehetasunak emateko. Bere ostean, Olanok gauza bera egin du aurrekontu proiektuak Diputatu nagusiaren alorrerako proposatu dituen baliabideekin, eta jardunaldia Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak itxi du. Astelehenean eta asteartean egingo dituzte geratzen diren agerraldiak, departamentu bakoitzaren aurrekontuak azaltzeko.
Gaurko agerraldian, Foru Aldundiko arduradunek gogorarazi dute aurrekontuak "pertsona zaurgarrienak krisialditik babesteko" eta ekonomiaren eta enpleguaren "susperraldia sustatzeko" egin dituztela. Aldi berean, proiektu estrategikoak bultzatzeko ere balioko dute, Gipuzkoaren etorkizuneko ekonomia eraikitzen hasteko. Gogora ekarri dutenez, foru aurrekontuen proiektuak 983 milioi euroko aurrekontu propioa proposatzen du, hau da, 68 milioi euroko hazkundea aurreko ekitaldiarekin alderatuta (+% 7,4). Kopuru hori iazko iraileko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostutako defizit-ahalmena "ahalik eta gehien aprobetxatzearen" emaitza da; horri esker, 60 milioi eurotan aurreikusi den zerga-bilketaren jaitsierari aurre egin ahal izango dio Aldundiak, eta baliabide propioak 58 milioi eurotan handituko ditu.
Olanok gogorarazi duenez, azken urteetan zorra murrizteko egindako "etengabeko ahaleginagatik" egin du posible maniobra tarte hori izatea. Zehaztu duenez, 130 milioi euro jaitsi du bere zorra Aldundiak azken urteotan. "Abiapuntu horri esker, aurrekontuen irismena maximizatu eta izaera soziala, eraldatzailea eta inbertitzailea indartu dezakegu", gaineratu du. COVID-19 gaitzaren pandemiak sortutako testuinguruaren aurrean, aurrekontu proiektuak epe laburreko beharrei aurre egitea ahalbidetuko du, batetik, osasun- eta gizarte-krisiari aurre eginez, eta, bestetik, atzeraldi ekonomikoaren ondorioak arinduz, pandemia osteko etorkizuneko eraikuntza indartzea ahaztu gabe.
Gipuzkoako diputatu nagusiak esan du Aldundiaren inoizko "aurrekonturik sozialenak" direla, egungo egoerak "krisi soziosanitarioari aurre egitea" eskatzen duelako, pandemiaren ondorioen aurrean zaurgarrienak diren kolektiboei babesa ematea lehenetsiz. Hain zuzen ere, Gizarte politiketako departamentuak 418,6 milioi euroko maximo historikoa izango du, hau da, aurreko urtean baino 19 milioi euro gehiago (+% 4,8). Gizarte politiketan biztanleko gastua 34 euro igo da aurreko urtearekin alderatuta, gipuzkoar bakoitzeko 600 eurora iritsi arte, eta horrek ere aurrekaririk gabeko errekorra suposatzen du.
Atal honetan, pandemiarekin eta adinekoen arretarako programaren indartzearekin lotutako gastuez gain, Foru Aldundiak "ahalegin berezia egingo du desberdintasun sozial eta ekonomikoen aurkako borroka areagotzeko". "Mundu mailan ikusten ari garen joera da desberdinkeria hazten ari dela eta, honen aurrean, guk ahalegin handiagoa egingo dugu kohesio sozialaren alde, talde kaltetuenei babesa emanez eta enplegu inklusiboa sustatuz", adierazi du.
Diputatu nagusiaren alorra
Olanok gaineratu duenez, ezberdintasun sozial eta ekonomikoei "muga jartzeko" ahalegina foru departamentu guztietan islatuko da, baita "bereziki" diputatu nagusiaren alorra ere. Berdintasunaren, Hizkuntza Berdintasunaren, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren eta Estrategiaren foru zuzendaritzek ekintza berritzaileak eta lankidetzakoak aktibatuko dituzte. Honela, helburua izango da "pandemiaren testuinguruan atzerapausorik ez ematea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, hizkuntza-berdintasunaren arloan edo aniztasunaren eta giza eskubideen errespetuaren arloan, besteak beste". "Hori guztia, pandemiaren osteko agertokia prestatzera bideratutako lan-ildoak eta proiektuak ahaztu gabe; horiekin, Etorkizuna Eraikizen bidez, Gipuzkoako lehiakortasuna eta kohesio soziala sendotzeko prozesuak bultzatu nahi ditugu, datozen hamarkadei begira", gaineratu du.
Adibide gisa, diputatu nagusiak jakinarazi du Euskararen Berrikuntzarako Laborategi bat sortzeko prozesua oso aurreratuta dagoela eta, beraz, aurten ekingo diola bideari. Egitasmo honek, gaineratu duenez, hainbat arlotan euskararen erabilera sustatzen lagunduko duten proiektu berritzaileen "akuilu eta eragile" bihurtu nahi du. Era berean, azaldu du Arantzazuko Berrikuntza Sozialeko Laborategia martxan dela dagoeneko, eta, beraz, Aldundiak proiektu hori sustatzen jarraituko duela, Gipuzkoako eta Euskadiko "etorkizun soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa eraikitzeko benetako itsasargi" bihurtzeko.
Ogasuna eta Finantzak
Ogasun eta Finantza departamentuaren aurrekontuari dagokionez, Jokin Perona diputatuak gogorarazi du azken urteotan Aldundia ahalegin handia egiten ari dela arlo hau indartzeko, bai langileen zein baliabide teknologikoen ikuspegitik. Hala, Ogasunak “ezin du atzean gelditu” gero eta digitalizatuagoa dagoen mundu baten aurrean. Horregatik, erakundeak teknologia berrien aldeko apustuekin jarraitu behar duela azpimarratu du, "gure zergadunei ahalik eta erraztasun gehien eskaintzeko, eta iruzur fiskalari aurre egiteko". Ildo horretan, inbertsio teknologikoek 2021ean pasa den urtean baino bi milioi euro gehiago jasoko dituztela iragarri du.
Halaber, azaldu du COVID-19 gaitzaren pandemiak eragina izan duela departamentuaren aurrekontua osatzerako orduan, foru Ogasunak aurrez aurreko arreta zerbitzua baitu. "300.000 euro gehiago bideratu ditugu garbitasuna indartzera eta gure bulegoetan babes neurri gehiago sartzera. Orain arte egin dugun bezala, herritarrei osasun berme guztiak betetzen dituen zerbitzu bat eskaintzen jarraitzeko konpromisoa daukagu", azpimarratu du. Azkenik, azaldu du departamentuaren aurrekontuak GHKrentzat 8 milioi euroko mailegua ere jasotzen duela, Europako Inbertsio Bankuarekin duen zorra kitatzeko helburuarekin, duela bi legegintzaldi hondakinak kudeatzeko azpiegitura bat eraikitzeko emandako maileguaren harira.
2426