“Berdintasunaren aldeko eraldaketa soziala bizkortu behar dugu, indarkeria matxista desagerrarazteko”
“Berdintasunaren aldeko eraldaketa soziala bizkortu behar dugu, indarkeria matxista desagerrarazteko”
“Berdintasunaren aldeko eraldaketa soziala bizkortu behar dugu, indarkeria matxista desagerrarazteko”
Erakunde adierazpena onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren atarian.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du azaroaren 25eko adierazpen instituzionala, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren harira egindakoa. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori izendatu zuen, mugimendu feministak indarkeria hori salatzeko egiten ari ziren mobilizazioak aitortuz. Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi duenez, “azken urteotan, gure gizarteak urrats garrantzitsuak eman ditu berdintasun handiagoko gizarte bat eraikitzeko. Baina ezin gara konformatu”. Honela, foru arduradunak oinarrizko baldintzak “eraldatzen” jarraitzera dei egin du: “Izan ere, gaur egun, oraindik, emakumeak mendekotasun eta desabantaila posizioetan jartzen dituzte, gizonen pribilegioak sendotzen dituzten bitartean. Premiazkoa da berdintasunaren aldeko eraldaketa sozial hori bizkortzea, horrela indarkeria matxista desagerrarazteko”.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Azaroak 25eko egunaren harira, nabarmendu du emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako konpromiso partekatu horren esparruan, Aldundiak honako konpromiso hauek azpimarratu berritu dituela: emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazioan, prebentzioan eta prestakuntzan aurrera egitea, bereziki belaunaldi gazteenetan, hezkidetzaren bidez indarkeria horren oinarri diren rolak eta estereotipoak errepika ez ditzaten; lurraldean emakumeen aurkako indarkeria matxistari arreta emateko eredua indartzea, biktimen laguntza psikosoziala areagotzeko eta ahalduntzeko ibilbideak errazteko; eta erakundeen arteko koordinazioa, Gipuzkoan indarkeriari arreta integrala, eraginkorra eta kalitatezkoa emateko bide gisa.
“Era berean, azaroaren 25ean, azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista ez dela soilik indarkeria fisiko edo sexualaren bidez adierazten. Eguneroko eraso txikiak ere izaten dira, eta, behin eta berriz errepikatzearen ondorioz, eragina izaten dute eta emakumeei kalte egiten diete”, esan du Mendozak. Adierazi duenez, eraso horiek, askotan, gure begien aurrean gertatzen dira, eta, erasotzailea edo biktima ez garenean, gehienetan ez dugu ezer esaten. “Gauzak aldatzeko unea da, emakumeen askatasunerako eta duintasunerako hain kaltegarria den errealitate hori eraldatzeko unea”, azpimarratu du.
Horretarako, bozeramaileak esan du funtsezkoa egoera horiek diren bezala identifikatzea: gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunei eustea helburu duen indarkeria matxistaren zati bat. “Izan ere, horrela identifikatzen baditugu, ezin izango ditugu justifikatzen jarraitu. Eta hori aurrerapauso handia izango da gizarte justuagoa eta berdinagoa eraikitzeko”, adierazi du. Zentzu horretan, azaldu du Aldundiak luzatu nahi duen mezua dela “indarkeria matxistaren aurrean, ez zaitez ikusle huts bat izan”. Helburu horrekin gizarteratze eta sentsibilizazio kanpaina bat jarri zuen martxan atzo bertan foru erakundeak, halako portaeren aurrean herritarren kontzientzia zabaldu eta ikusle soil izan ez daitezen.
“Iaz hasitako lan ildoari jarraituz, lurraldeko zinemetan azken bi hilabeteetan garatutako bizipen-esperientzia bat dago aurtengo kanpainaren muinean”, adierazi du foru arduradunak. Bertan, sozialki onartutako hainbat eraso matxista simulatu dituzte ezustean, filma hasi aurreko unean, aretoan zeuden pertsona guztien begiradapean. Eguneroko bizitzan normalizatuta dauden oldar horiek azaleratzen dituzten ikus-entzunezko materialak osatu dira esperientzia horietatik abiatuz. Honela, bizipen-esperientzia berritzaile hori zabaldu asmoz, hilaren 25etik 28ra bitartean, Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean mikrozinema bat kokatuko da, non herritarrek Gipuzkoako zinema-aretoetan egindako bideoa izango duten ikusgai.
Badalab
Bestalde, Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du zuzenean ematea Errenteriako Udalari 329.082,28 euroko dirulaguntza. Honekin, Madalen kaleko 27. zenbakiko eraikina (udal liburutegi zaharra) gaitu eta egokitzeko lanak finantzatuko dira, etorkizunean eraikin horretan bertan espazio bat lagatzeko, Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Partzuergoak erabil dezan. Honekin batera, lankidetza hitzarmena ere onartu du Kontseiluak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errenteriako Udalak sinatu beharrekoa, aipatutako dirulaguntza emateko baldintzak ezartzen dituena.
Mendozak gogoratu duenez, foru erakundearen Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak 2015ean prozesu parte-hartzaile bat hasi zuen euskara gizartean indarberritzeko zereginean diharduten sektoreekin. “Helburua, euskara gizartean indarberritzearekin lotutako sektore sozial eta ekonomikoan berrikuntza sortzeko beharrezkoak diren oinarriak aurkitzea, lankidetza publiko-pribatu edo soziala sustatuz. Prozesu parte-hartzaile horren ondorio izan zen Badalab proiektua”, azaldu du. Ekimen honen helburua Gipuzkoan lekutzen den eta eragile publiko eta pribatuen lankidetzaz eratutako laborategi bat abian jartzea da, euskal gizarteko sektore ezberdinetan proiektu berritzaileak bultzatuko dituena eta euskara komunikaziorako hizkuntza nagusi bilakatzeko asmoa duena testuinguru eleaniztun berria eraiki nahi da.
Prozesu parte-hartzailean zehar egindako lanen ondorioz Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategia hartzeko erakunde bat eratzeko erabakia hartu zen. Horretarako, izaera publikoko baina partaidetza pribatuko erakunde bat eratzea erabaki zen, Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Partzuergoa. Hala, Diputatuen Kontseiluak, uztailaren 13an egindako bilkuran, partzuergo hori eratzeko hitzarmena onartzea erabaki zuen, eta uztailaren 21ean eratu zen. “Zentro hau Etorkizuna Eraikiz dinamikak bultzatutako erreferentziazko zentroen sarearen parte izango da”, nabarmendu du Mendozak. Partzuergoaren egoitza Errenterian kokatuko da, hizkuntzaren ikuspegitik toki aproposa gizarte esperimentaziorako.
Zehazki, Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Partzuergoak Errenteriako udal liburutegi zaharraren zati bat hartuko duela aurreikusten da. Gutxi gorabehera 300 m2 erabiltzea aurreikusten da, eraikinak dituen lau solairuetatik bitan banatuta. Horretarako, aurretik eraikin horretan hainbat gaikuntza eta egokitzapen lan egin behar dira. Gauzatze proiektu horrek, guztira, 500.800 euroko gauzatze aurrekontua du, eta 329.000 euro Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Partzuergoak erabiltzea aurreikusten den espazioari dagozkio. Lan horiek higiezinaren titularra den Errenteriako Udalak egingo ditu eta lanek irauten duten bitartean, Badalab-eko Partzuergoa udalerri bereko Torrekua eraikinean kokatuko da behin-behinean, hori ere udalaren jabetzakoa.
“Europan desberdintasun maila txikienak dituen pertsonen komunitatea izateko helburu du Gipuzkoak. Xede hori gauzatzekotan hizkuntza berdintasuna bermatzea eta sustatzea ezinbestekoa da”, esan du Mendozak. Foru bozeramaileak nabarmendu duenez, “gure lurraldearen ezaugarri bereizgarrienetako hiruk bat egiten dute Badalab-en sorreran: lankidetza, berrikuntza eta euskara bera gure izateko moduaren muinean kokatuta daude”. “Hiru balio horietan eragin behar dugu, euskarari eta euskal hiztunei eskaini behar diegulako elkarlana eta etorkizuna”, borobildu du.
Euskaraldia
Euskararen arloa utzi gabe, Kontseiluak gaur onartu du Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Arabako Foru Aldundiaren artean sinatu beharreko lankidetza hitzarmenaren testua, Euskaraldia ekimena gauzatzeko helburuz. Larunbatean Iruñean aurkeztu zen ekimenaren hirugarren edizioa izango dena eta heldu den urteko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da hurrengo Euskaraldia. “Euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da Euskaraldia”, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua”, gogoratu du Mendozak.
Gaineratu duenez, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. “Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da. Lankidetza hitzarmen honen bitartez, euskal erakundeok Euskaraldiarekin daukagun konpromisoa berresten dugu”, azpimarratu du, Foru Aldundiak egitasmo honekin eta zehazki 2022 urtean egingo den edizioarekin duen konpromisoa berrituz.
1818