“Bizitzan egoera zailenak dituztenez arduratzen ez den gizarte bat, arimarik gabeko gizartea da”
“Bizitzan egoera zailenak dituztenez arduratzen ez den gizarte bat, arimarik gabeko gizartea da”
UPV-EHUren udako ikastaroen esparruan, bi egunez landu da gizarteratzearen gaia, parte-hartzearen, autodeterminazioaren eta ahalduntzearen ikuspegitik.
Udako ikastaroa
Gipuzkoako diputatu nagusia den Eider Mendozak, Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru diputatuarekin batera, parte hartu du gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak, SIISekin lankidetzan, urtero antolatzen duen ‘Parte-hartzea, autodeterminazioa eta ahalduntzea gizarteratzeko bidean’ UPV-EHUren udako ikastaroaren irekieran. Arreta inklusiboagoaren eta pertsonarengan oinarritutako arretaren inguruan hausnartzeko helburuarekin, sektoreko profesionalak eta hainbat gizarte-programatan parte hartu duten pertsonak izan dira protagonista Miramar Jauregian egin diren saioetan.
Parte-hartzearen, autodeterminazioaren eta ahalduntzearen ikuspegitik, banakako esperientziak partekatu eta entzun dira, gizarteratze prozesuetan murgilduta dauden edo egon diren pertsonen ahotsen bitartez. Maila teknikoan partekatutako gogoetarekin osatu da ikastaroa, honako gai hauek landuz: desinstituzionalizazioa, laguntza pertsonalizatuak, kasu konplexuen arreta eta erabiltzaileek gizarteratze-prozesuetan duten parte-hartzea.
"Bizitzan egoera zailenak izan dituzten pertsonez arduratzen ez den gizarte bat arimarik gabeko gizartea da. Eta bihotz-bihotzez sinesten dut arimadun Gipuzkoan". Hausnarketa horrekin eman dio hasiera gaurko saioari Mendozak. Adierazi duenez, arima duen gizartea da pertsona guztientzat lan-aukerak sortzen dituena, pertsona guztiek bizitza-proiektu duin eta orekatu bat garatzeko eta berdintasunean bizitzeko aukera ematen duena. Horretarako, diputatu nagusiak defendatu du "konpromisoa" beharrezkoa dela, "ezin ditugula begiak itxi eta belarriak estali" bazterkeriaren errealitatearen aurrean, eta azpimarratu du "lurralde osoa aktibatu" behar dela bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko. Eraldaketa horrek "entzutea eta parte hartzea" eskatzen du.
Zainketetako eta Gizarte Politiketako Departamentuak 16.500 pertsona inguru artatzen ditu urtean, gizarte inklusioaren arloko eta indarkeria matxistaren emakume biktimen arretaren arloko zerbitzu, baliabide eta programen bidez. Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Aldundiaren helburu nagusia gizarte-desberdintasunak geldiaraztea da, eta, ildo horretan, foru erakundeak azken urteotan egin duen lana errepasatu du, hala nola Elkar Ekin Lanean, enpleguaren bidez gizarteratzeko estrategia, eta 2022-2026 aldirako Gizarteratzeko bigarren Plana. "Arreta eta gizarteratze prozesuak pertsonalizatzea, parte-hartzea eta komunitatearekiko lotura hartzen ditugu oinarritzat", zehaztu du Mendozak. Gainera, ildo horretan sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela adierazi du, "nire ustez, inklusioa baita, zalantzarik gabe, lurralde gisa aurre egin behar diegun erronka garrantzitsuenetako bat".
Zentzu horretan, Mendozak Gipuzkoako gizarte ereduaz hitz egin du, "eredu propio bat dugu, non pertsonei beren bizitza prozesuetan laguntzeko beharrezko laguntzak ematen ditugun. Pertsonek bizitza-proiektu hobe baten bila hasten dituzten prozesuei eusteko sareak ehuntzen jarraitzeko gai izan behar dugu”, zehaztu du. Beraz, berrikuntza sozialak, ebaluazio sistemak indartzeak eta gizarteratzearen arloan paradigma zein eredu berriak birpentsatzeak protagonismo handia hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eguneroko jardueran. Amaitzeko, nabarmendu du lurraldeko gizarte-sare osoa bazterkeriaren eremuan egiten ari den ahaleginak ardatz hauek dituela: pertsonalizazioa, prebentzioa, komunitate-aktibazioa, parte-hartzea eta lanaren eta enplegagarritasunaren eremuarekiko lotura.
Parte-hartzea, autodeterminazioa eta ahalduntzea
Uztailaren 17ko saioan, Bizitegi elkarteko Pablo Ruizen hitzaldiaren ondoren, Anek, Isisek, Awasambak eta Guyk euren gizarteratze prozesuen testigantzak eta bizipen pertsonalak partekatu dituzte. Oinarri horrekin, hausnarketak egin dira talde txikietan, eta 60 parte-hartzaileen artean partekatu dira gizarteratzean aurrera egiteko gakoak, partaidetzatik, autodeterminaziotik eta ahalduntzetik abiatuta.
Gaur, asteartea, Berta Gonzálezek, Gizarte Eskubideen eta 2030 Agendaren Ministerioko Kabineteko kideak, ireki du saioa, komunitatean bizitzea eta desinstituzionalizazioa jorratuz. Jarraian, Numa360-ko Nuria Ambrosek Apoyos 2030 ereduaren baitan laguntza pertsonalizatuak landu ditu; eta, goiza amaitzeko, mahai-inguru batean, kasu konplexuetan esku hartzeko eta jokabidearen analisi funtzionala egiteko ikuspegiei eta metodologiei buruzko hausnarketa egin da.
Arratsaldean, EAPN Euskadi erakundeko Elena de la Herak gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonek politika publikoen lanketan duten parte-hartzeaz hitz egin du; ondoren, beste mahai-inguru batean parte-hartzeari buruz hitz egin da gizarteratzeari eta indarkeria matxistari arreta emateko bide gisa, eta, azkenik, azken mahai batean, hainbat ekimen aitzindari partekatu dira, hala nola Bagara, Gureak elkartearen eskutik; Neu, Goyeneche Fundazioarena; halaber, Las Poderosas, Acción Contra la Trata elkarteko Joy Ogbeidek parte hartu du; eta udako ikastaroa amaitzeko antzerki performance artistiko bat egin da.
2170