Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Bultzada” emango dio ikus-entzunezkoen sektoreari Foru Aldundiak, zerga pizgarri berrien bitartez

“Bultzada” emango dio ikus-entzunezkoen sektoreari Foru Aldundiak, zerga pizgarri berrien bitartez

Foru Arau aurreproiektua aurkeztu du diputatu nagusiak, euskal zinema proiektuetan inbertsioak egitea babestuko duena

2018/09/26

“Bultzada nabarmena” emango dio Gipuzkoako eta Euskal Herriko ikus-entzunezkoen sektoreari Gipuzkoako Foru Aldundiak, Sozietateen gaineko Zergan ezarriko dituen pizgarri berrien bitartez. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizten diren filmetan inbertitzen dutenentzat zerga hobariak egongo dira, indar berezia jarriz euskarazko pelikuletan. Honi esker, mota honetako ekimenen finantzaketa asko erraztuko da. “Gure zinemaren sektoreak urteak daramatza sekulako potentziala erakusten eta, Foru Aldundiaren ikuspegitik, ezin genuen honelako aukera pasatzen utzi. Gainera, herri honen kultura eta baloreak mantendu eta hedatzen ere laguntzen du”, azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok. 
Hedabideen aurrean agertu da gaur foru arduraduna neurria azaltzeko. Berarekin izan da Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañaga. Azaldu duenez, Foru Arau aurreproiektua gaur bertan jarriko da jendaurrean eta, araudiak ezartzen duen epea bete ostean, Aldundiaren Gobernu Kontseiluak onartu beharko du. Ondoren, Batzar Nagusietarako joango da, bertan eztabaidatu eta bozkatzeko. Azkenik, Europaren oniritzia jaso beharko du, eta azken pausu honen ostean sartuko da indarrean araudi berria. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, datorren urtean izango da.  
Gipuzkoako zinemak bizi duen une gozoan jarri du azpimarra diputatu nagusiak, sektoreak eskaintzen dituen indargune eta aukerak nabarmenduz. “Azken urteotan, argi geratu du Gipuzkoak giza baliabide eta material ezin hobeak dituela alor honetan aritzeko. Honi gure lurraldean daukagun talentu sortzailea gehitzen badiogu, emaitza nazioartean aitortza jaso duten hainbat proiektu dira, esaterako, Handia, Amama edota Loreak filmak”, azaldu du Olanok. Foru arduradunak adierazi duenez, zinemaren atzean “ekonomia sektore oso bat” bat dago, sekulako potentziala erakusten ari dena. Hori dela eta, Foru Aldundiak “aukera baliatu” eta “sektoreari bultzada” ematearen aldeko apustua egin du. Gehitu duenez, alor honetako profesionala “aspalditik ari ziren mota honetako neurria eskatzen”.
Gainera, Olanok iragarri duenez, pizgarririk indartsuenak euskaraz ekoitzitako filmentzako izango dira. “Legealdi honetan, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren parte den 2deo proiektuaren bitartez, ahalegin berezia egiten ari gara euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko, gure hizkuntza belaunaldi berriekin konektatzeko”, gogoratu du Olanok. Marko honetan kokatu ditu pizgarriak diputatu nagusiak, “euskararen erabilera hedatzeko egiten ari garen lanaren” testuinguruan. “Literatura bezala, zinemak ere herri honen nortasuna eraiki eta gordetzen laguntzen du, eta alor hau indartzearen alde egiten ari gara”, nabarmendu du. 

Bi pizgarri “indartsu”
Gaur aurkeztu den Foru Arau aurreproiektuak bi pizgarri txertatuko ditu Sozietateen gaineko Zergan: bat euskal eta estatuko ekoizpenetan inbertsioentzako, eta bestea EAEn filmatzen diren atzerriko produkzioentzako. Lehen kasuan, %30eko kenkari orokorra ezartzen da, eta %40koa euskarazko pelikulen kasuan. Gehienezko kenkaria 2,5 milioi eurokoa da, eta hobaria erabili ahal izateko zenbait baldintza ezartzen dira: gutxienez, kenkariaren oinarriaren %50 EAEn eginiko gastuak izan beharko dute; proiektuak EAEko lau herritar izan beharko ditu lan talde tekniko edo artistikoan; eta EAEn egiten den filmazioak gutxienez bi astekoa izan beharko du (film laburrak salbu). Pelikula zinema aretotan, telebistan edo bestelako euskarrietan estreinatzen den urtean izango da aplikagarri hobaria. 
Atzerriko ekoizpenetan egiten diren inbertsioen kasuan, kenkaria %25ekoa da, betiere EAEn egiten diren gastuekiko. Kenkariaren oinarria industria tekniko eta bestelako hornitzaileak erabiltzeagatik eratorritako gastuak dira, eta pertsonako 50.000 euroko muga ezartzen du pertsonal sortzailearen kasuan. Kasu honetan ere, gehienezko kenkaria 2,5 milioi eurokoa da, eta zinema proiektuak gutxienez milioi bat euroko gastua egin beharko du EAEn.

  

4170