"Corrugados irekitzeko falta den gauza bakarra Azpeitiko Udalaren borondate politikoa da"
"Corrugados irekitzeko falta den gauza bakarra Azpeitiko Udalaren borondate politikoa da"
Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko diputatuak azpimarratu du “egingarria” dela enpresa berriro irekitzea.
Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak berretsi du Azpeitian Corrugados berriro irekitzea "egingarria" dela, eta nabarmendu du hori aurrera eramateko "falta den gauza bakarra Azpeitiko Udalaren borondate politikoa" dela. "Enpresak jarduerari berrekiteko asmoa iragarri zuenetik, Aldunditik, proiektua aurrera ateratzea errazteko jarrera osoa erakutsi dugu, gure esku dagoen guztian. Eusko Jaurlaritzak ere behin eta berriz adierazi du proiektua bideragarria dela araudiaren ikuspegitik, enpresak ingurumen baldintzak betetzeko behar diren inbertsioak egiten baldin baditu. Beraz, Udalaren esku dago orain aukera paregabe hau aprobetxatzea Azpeitian eta Urola Kostan lanpostuak eta aberastasuna sortzeko", azpimarratu du.
Elkarrekin Gipuzkoa batzarkide taldeak Batzar Nagusietako Ekonomia Batzordean Corrugadosi buruz egindako galderei erantzunez egin ditu adierazpenok Larrañagak. Diputatuak errefusatu egin ditu Nagore Alkorta alkateak asteazkenean egindako Osoko Bilkuran esandakoak; izan ere, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak berriro irekitzea "bideragarria" ez dela adierazi diotela eman zuen aditzera. "Hori erabat faltsua da. Bere jarrera Corrugados berriz irekitzeari uko egitea baldin bada, bere gain hartu beharko du herritarren aurrean duen erantzukizuna, aitzakiarik eta manipulaziorik gabe".
Diputatuak azpimarratu duenez, txosten juridiko bat dago, egungo hirigintza-plangintzak enpresa berriz irekitzeko aukera ematen duela babesten duena, eta, "edonola ere, Udalak HAPOa aldatzea erabaki dezake, horretarako gehiengoa baitu, baita oposizioaren babesa ere, nahiz eta bide horrek epeak asko luzatuko lituzkeen eta operazioa arriskuan jarri. Beraz, enpresa abian jartzeko erraztasunak ematea haren erabakiaren mende dago soil-soilik. Nahi badu, ahal du". Gaineratu duenez, Udalari, orain arteko bi bileretan, "prozesua errazteko konpromisoa adierazi diogu, maila instituzionalean eta teknikoan, nahiz eta zoritxarrez orain arte ez duen elkarlanean aritzeko inolako asmorik agertu".
Larrañagaren arabera, "denbora azkar doa, baina oraindik ez da berandu egoera bideratzeko, Udalak jarrera aldatzen badu". Ildo horretan, lantalde bat sortzea proposatu du, "Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko teknikariekin eta idazkariekin, dauden aukerak partekatzeko. Prest gaude aukera guztiak agortzeko eta behar beste aldiz biltzeko. Suertatzen zaizkigun abagune guztiak baliatu behar ditugu industri jarduera eta enplegua berreskuratzeko, bai Azpeitian, bai Urola Kosta eskualdean, bai Gipuzkoan".
Amaitzeko, gogorarazi du Corrugados berriz irekitzeak ehunka lanpostu sortzea ekarriko lukeela, zuzenak eta zeharkakoak, eta inguruko hainbat enpresatan eragin dinamizatzailea izango lukeela, taldeak planteatzen dituen inbertsioetatik (50 milioi inguru) eta jardueratik onura aterako bailukete. "Gure ekonomian eragin oso positiboa izango luke. Gipuzkoan enpleguari eusteko eta gure enpresa- eta industria-sarea indartzeko ahaleginak egiten ari garen honetan, ez litzateke ulertuko Udalak susperraldia bizkortzeko horrelako aukera bat alferrik galtzea".
2911